ALTZAGA (EUS)

Hitzaren etimologia zuzenari kasu egiten badiogu, Altzagak haltzen lekua esan nahi du. Altzaga terminoari dagokionez, Koldo Mitxelenak dioskunez badirudi abizen batzuetan mantendu egin dela garai bateko –aa forma: Altzaa, Oraa (Horaa); interpretazio hori, Altzaa Altzagaren aldaketa dela uste izatea baino hobea dirudi (ikus, -aga): toponimoetan Kalamua (Eibar, Gipuzkoa), Kalamuaga zen XVIII. mendearen amaieran.

Hizkuntzalariak zenbait adibide eransten ditu, eta, gaiak gainditzen gaituenez, interesa duten irakurleek jo bezate haren Apellidos Vascos liburu ezagunera, non gaiari buruzko bere ezagutzak 1., 10. eta 36. ataletan argudiatzen dituen. Azken horretan aipatzen du, hain zuzen ere, Altzagari buruzko atal honen hasieran adierazi duguna: al(t)za, (h)altza: Altza, Altzaa, Altzaete (Altzate, Baztan), Altzaga (Altzega), Altzaibar (Altzibar), Altzegi, Altzola (Altzolabea, Altzolaras Deban)[1]. (1)

Goierriko beste herri asko bezala, Altzagako garai bateko kolazioa[*] Ordiziarekin elkartu zen 1399ko apirilaren 8an. Altzagako biztanleek garai hartan zituzten segurtasun arazoak konpontzeko asmoz egin zuten hori; horixe bera egin zuten Gipuzkoako beste parrokia txiki horietako gehienek ere. Bat egite horrekin, jurisdikzio zibil eta kriminaletik eratorritako ordena-arazo guztiak Ordiziako alkatearen esku uzten zituzten, baina beraientzat gorde zuten herria ekonomikoki administratzeko ahalmena.

Altzagako kolazioa 1615ean banandu zen Ordiziako Batasun horretatik, Hiribildu titulua erosi zuenean Koroari 9.785 erreal ordaindu ondoren, garai hartan 2.446 pezeta eta 25 zentimo inguru egilearen ustez, XIX. mendearen bigarren erdian ezarritako S.M.H.aren arabera. Ordainketa hori auzotarren errolda ofiziala egin ondoren burutu zen. Zerrenda edo matrikula delako hori, Hernando de Ribera lizentziadunak zehazten zuen, eginkizun horretako Erregearen ordezkari gisa, eta gauza bera egiten zuen probintziaren barruan 1615ean hiribildu gisa eratu nahi zuten eta horretarako berme ekonomikoak zituzten beste herri guztietan ere.

Koroako Kabineteak izendatutako lizentziadun horrek, azkenean, 35 auzotasun-matrikula zenbatu zituen Altzagan. Izan ere, ez baitziren bizilagunak, gaur egun ulertzen den bezala, baizik eta pertsonak edo familia-taldeak kolektibitate jakin baten barruan biltzeko modu bat, betiere Felipe III.a erregeak emandako ustezko mesedea, batzuek ogasunari iskin egiteko erabiltzea saihestu nahirik[2]. (2) 35 auzotasun-matrikula horien arabera, 190 biztanle inguru izango ziren.

Altzagako parrokia San Migel arkanjeluaren izenekoa zen jadanik garai hartan, eta, aldi berean, udalerriko ermita bakarra Altzagarateko edo Altzamendiko Andre Mariarena zen. XX. mendearen hasieran Altzaga Gipuzkoako azken-aurreko hiribildua zen biztanle kopuruari zegokionez. Orografia zaila eta lurralde urria zituenez, eta udalerritik ur-emari eskaseko eta garrantzi handirik gabeko errekatxo bat bakarrik igarotzen zenez, bi auzoetako errejidoreek ados jarrita, Altzagako eta Aramako biztanleek ekoitzitako ale guztiak ehotzera Ibaresko errotara jaistea erabaki zuten, Aramako hiribilduari buruzko hurrengo testuan ere ikusiko dugunez.

Zenbait hiribilduk lurralde eta auzotar gutxi zituzten eta horren eraginez herrien arteko batasun berri bat sortu zen 1615etik aurrera, oraingo honetan “Oria ibaikoa” izenarekin, hiribildu eratu berrien artean. Elkarte hori batez ere Gipuzkoako Batzar Arruntetara ordezkari bat bakarka bidaltzen zenean sortzen ziren gastu handiak banatzeko eratu zen. Batzar horiek, normalean, lau urtean behin egiten ziren, eta hamaika egunez jarraian. Garai hartan, 1615ean, Altzagako, Aramako, Gaintzako, Itsasondoko, Legorretako eta Zaldibiako hiribilduek osatu zuten elkarte berria. Ataun ere elkartu zitzaien 1651n, baina denbora gutxi eman zuen elkarte horretan, 1664an atera egin baitzen. Arama eta Zaldibia ere irten ziren 1682an, baina Zaldibia berriro sartu zen 1741ean, 1768an behin betiko banantzeko. Urte horretan itzuli zen Arama Oria ibaiko batasun horretara[3].(3)

Altzagak Korrejidorearen ezkerrera 35. eserlekua hartzen zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, beti ere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako kokapen taularen arabera. Altzagako ordezkaria, beraz, Urnietakoaren eta “Hiribilduetako Jaunak” delakoak zuen ordezkariaren artean kokatzen zen[4].(4)

Hiribilduen arteko elkarte hori behin betiko desegin zen 1856an, herri eratzaileek uste baitzuten, 241 urtetan elkarrekin egindako ibilbidean legeak izan zuen bilakaeraren ondoren, alferrikakoa zela elkarturik jarraitzea. Estadística de los pueblos y habitantes de Guipuzcoa de 1860  delakoaren arabera, Altzagako hiribilduak 25 etxe eta 218 biztanle besterik ez zituen 1860an[5].(5)

Altzagak mantentzen ditu oraindik ere etxe eta baserri horiek beren izen bereizgarriekin: Urruti bera, Artzabaltza, Urruti barrena, Toki alai, Urruti garaikoa, Etxe alai, Segore, Torremendia, Erretoretxe, Udaletxea, Ertzille, Kabi txiki, Errezola, Etxeberri azpi, Saletxe, Etxeberri goikoa, Mendiola barrena, Mendiolarte, Matxinea, Mendiola goena, Iparragirre, Altzagarate, Sahatseta, Sarasola txiki, Sarasola aundi, Sarasola goikoa, Abali goena, Abali erdikoa, Abali-erdi berri, Abali barrena eta Txouri[6].(6)

Garai modernoan, parrokiatik nahiko hurbil “Urruti zelai” izenez sortutako auzo berri horretako beste etxeek, logikoa denez, ez dute gaur egun berezko izenik, nahiz eta orubeak, irizpide onarekin, bere lehengo toponimia gordetzen jarraitzen duen kasu gehienetan.

Bitxikeria bat gehiago balitz bezala, eta dokumentuen inolako berrespenik gabe, esango dugu ahozko tradizioak bizirik mantentzen duela, Gipuzkoako beste herri batzuetan bezala, lehen herrigunea lurraldearen goialdean zegoela, beti ere Altzagarateko Andre Mariaren ermita zahar horren babesean eta inguruan. Hala diote zenbait adituk ere hitzen etimologiaren bidez, herriko bizilagun heldu batzuk oraindik ere “Altzaga bidea” izenez aipatzen baitute gaur egungo Udaletxea dagoen herrigune txiki hori.

XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasieran, aipatutako Estadística de 1860  horretan ikusi ditugun datuak baino mende-erdi geroago, Altzagak oraindik ere 25 etxe zituen guztira, eta horietatik bost bakarrik zeuden parrokiaren inguruan. Herrigune nagusiaren altuera, bestalde, 290 metrokoa da itsas mailaren gainetik. Herriko jaiak, berriz, irailaren 29an izaten jarraitzen dute, San Migel goiaingeruaren omenez[7].(7)

Bestalde, Auñamendi  Entziklopediak herriko pertsona ospetsu bati buruz argitaratu zituen datuei dagokienez, Altzagan Juan Domingo Goitia Garmendia izeneko pertsonaia bitxi bat izan zela ikus dezakegu, lanbidez nekazaria, XIX. mendearen bigarren erdian nekazaritzari buruzko tratatu bat idatzi zuena euskaraz. Liburua 1886. urtean argitaratu zen.


[*] Kolazio hitzak adiera honetan, parrokia bakoitzari dagokion lurraldea edo bizilagunak adierazten du (Itzultzailearen oharra).


[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 1., 10. eta 36. atalak, 35.,36., 37. eta 43. orrialdeak

[2] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 923. orrialdea.  

[3] Pueblos de Guipúzcoa, Javier María Sarda.

[4] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua; 129. orrialdea, 28. argazkia.

[5] Foru Aldundiaren taula estatistikoa, 1860koa, Gipuzkoako bizilagunei buruzkoa.

[6] Altzagako udalak emandako informazioa.

[7] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 922. eta 923. orrialdeak.