Arama hitzaren esanahia ezezaguna da oraindik hizkuntzalarientzat. Ikus dezagun orain Koldo Mitxelena maisuak, ama atzizki horren zenbait adibidetan oinarrituta, Aramako hiribilduari buruz dioena: “Aldama, Arama, Beizama, Zegama, Lezama, etab.” Bähr-ek (B. und ib., 38) atzizki ez euskaldun gisa adierazi zuenetako bat dela ere esaten du Mitxelenak. Hori esanda, interesatuei lehen aipatutako iturrietara jotzeko esango diegu berriro, autore horrek erabilitako argudioak ezagutzeko[1].(1)
XX. mendearen hasieran, artean, Gipuzkoan biztanle gutxien zituen herria zen Arama. Auzoko Altzaga eta beste batzuk bezala, Arama ere Ordiziari elkartu zitzaion 1399ko apirilaren 8an, auzotarren kolazio hutsa zelarik. Ez dago zalantzarik, biztanle eskas horiek elkargo horretara batu baziren, hara elkartutako gainerako herri txikiek segurtasun pertsonal eta juridikoaren arloan erabilitako arrazoi berberak zituztelako batu zirela.
Aurreko kapituluan Altzagari buruz esan dugun bezala, Arama ere 1615ean banandu zen Ordiziatik, Felipe III.a erregeari hiribildu titulua erosi zionean. Hernando de Ribera lizentziadunak lehenago Altzaga 35 bizilaguneko auzoa zela erabaki bazuen, hots, 190 biztanle inguru zituela 1615ean, Arama ozta-ozta 20 bizilaguneko auzoa zen errolda ofizialaren arabera; beraz, 110 biztanle inguru zituen. Biztanleen errolda horren arabera, hiribildu titulu horregatik 1.361 pezeta eta 25 zentimo ordaindu behar izan zion Koroari 1615ean, hau da, 5.145 erreal[2].(2) Garai hartako dirutan, 25 dukat ordaindu behar ziren erroldatutako bizilagun ofizial bakoitzeko.
Baina, nola zenbatzen zituen bizilagunak Hernando de Ribera lizentziadun horrek Koroari hiribildu titulua erosterako orduan? Garai hartan erabilitako “bizilagun” hitz hori, oro har, “dagokion familia-unitate zehatz” gisa ulertu nahi izan zuten. Kasu guztietan honako esaera hau lehenetsi zen, ezbairik gabe: “zenbat eta bizilagun gehiago, orduan eta diru gehiago erregearen kutxetarako”. Horregatik, zeregin horien arduradun zen Hernando de Ribera lizentziatu horrek, Gudugarreta hiribildutik hartu ditugun honako irizpide bitxi hauen arabera egiten zuen gehienetan sailkapen hori:
Zaldun “kapare” bakoitza bizilagun bat bailitzan zenbatzen zen; elizgizonak eta emakume alargun eta ezkongabeak, berriz, bizilagun baten hiru laurdenak bailiran hartzen ziren, eta, azkenik, beste leku batzuetan bizi ziren etxeen jabeak, etxea arrotzei alokatzen zizkieten etxejabeak eta, era berean, elizgizonen seme-alabak ere bizilagun baten erdia bailiran.
Kasu horien guztien batura izango litzateke auzotarren kopuru osoa, erregeari hiribildu titulu hori ordaintzerako orduan. Aramako kasuan 20 bizilagun baino ez lirateke izango, hau da, 110 bat biztanle. Esan dugu herriek, oro har, 25 dukat ordaindu zizkiotela orduan Koroari familia-unitate horietako bakoitzeko, eta, Aramako kasuan, hasierako paragrafoetan pezetatan adierazitako kopurua izango litzateke garai modernoan[3].(3)
Arama izan zen Oria Ibaiko Batasuna delakoa sortu zuten hiribildu horietako bat 1615ean, hasiera batean Gaintza, Altzaga, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibiarekin batera. Gero, Zaldibiarekin batera utzi egin zuen elkartea 1682an, baina 1768an itzuli egin zen berriro[4].(4)
Probintziako orduko arduradunek eginiko Estadística de los pueblos y habitantes de Guipúzcoa del 24 de diciembre de 1860 delakoan, 103 biztanle besterik ez zaizkio ematen Aramari[5].(5)
Pablo Gorosabel historialariaren arabera, bestalde, 1862an Aramako hiribilduak honako eraikin hauek omen zituen bere lurren barruan: erretore-etxea hirigunean bertan, 15 baserri eta hiru errota (horien artean Ibareskoa, Oria ibaiaren ondoan). Autore horrek berak dio bi urte geroago oraindik ere Aramak 103 biztanle zituela[6].(6)
Mende erdi bat geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, ozta-ozta 113 biztanle izatera iritsi zen, den-denak bere barrutiko 18 etxeetan banatuta, eta hauetako gehienak San Martinen parrokiaren inguruan dagoen hirigune txiki horretatik kanpo[7].(7)
Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Aramako hiribilduak 31. aulkia zuen Korrejidorearen ezkerraldean, beti ere Rosa Ayerbe Iribar historialariak egindako taularen arabera. Era berean, gastuak eta diru-sarrerak probintziako herrien artean banatzeko, Aramak, udal-boto modura, hiru sutako ahalmena zuen Batzar horietan, eta bere aulkia Altzoko hiribilduetako ordezkariek zutenaren eta Gudugarretako eta Astigarretako ordezkariek amankomunean zutenaren artean zegoen[8].(8)
Garai hartako industria gune zahar eta garrantzitsu bat, beti Aramako barrutian kokatua, Ibaresko errota delakoa izan zen, bost ehotzeko harri ere izan zituena, betidanik Oria ibaiaren eskuinaldeko ertzean. Eskualdean garrantzitsuenetariko bat izan den errota horren historiako lehen dokumentuak, XVI. mendearen hasierakoak dira gutxienez. Bada 1580. urteko hitzarmen-eskritura bat, non Martin Isasagakoak dohaintzan eman zien Diego Mendiolakoari eta ezkontideei, “…Ibaresko errotaren erdia, adierazten diren kalitate eta baldintzekin…”. 25 orrialdeko eskritura hori, Zabala Etxeko funtsen artean dagoena, kopia fede-emaile bat da, Pedro Garcia Albisukoa eskribauak agintaritza judizialez egindakoa.
Oso datu bitxiak daude Altzagako eta Aramako auzotar garrantzitsuenen arteko akordioei buruz, azkenean lehenengoak derrigorturik baitzeuden hitzartutako ale guztia errota hartara ehotzera jaistea. Adostutako puntuetako baten arabera, Aramak bide “egokia” utzi behar zien eliza azpitik Altzagako bizilagunei, Ibaresko errota horretara hobeto eta azkarrago iritsi ahal izateko[9].(9) Gaur egun, oraindik ere, Gipuzkoan lanean diharduen errota bakarretako bat da Ibareskoa.
Aramako eliza xumea San Martinen izenekoa da. Herriko jaiak azaroan ospatzen dira, santu horren egunean.
[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 44. orrialdea.
[2] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 933. orrialdea.
[3] La villa de Gudugarreta en la historia de la comarca, 125. orrialdea.
[4] Pueblos de Guipúzcoa, Javier María Sada.
[5] Foru Aldundiaren taula estatistikoa, 1680koa, Gipuzkoako biztanleei buruzkoa.
[6] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Arama, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.
[7] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 933. orrialdea.
[8] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.
[9] Santa Ana 2020, Molino de Ibares, Sig.1.13-Año 1580, Martin Garcia/Joseba Alonso.