Ataun herriaren izena dokumentu bidez ezagutzen den zaharrenetako bat da Gipuzkoan, 1200. urtean jadanik agertzen baita Nafarroako Jiménez de Rada artzapezpikuaren idazkietan. Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren arabera, hitz horren etimologia At(h)e hitzetik etor liteke. Nafarroan atea, haran baten zintzurra edo estugunea baita, haitzartea (Iribarren, Vocabulario navarro): Ataondo (Atondo), Ataun, Atauri (Atahuri toponimoa, Ar., 1025), Atazabal (Atezabal), Atibar, Altzate, Arrate, Belate, Eulate, Garate (Garat), Larrate, Nafarrete, etab. Zalantzarik gabe, pasabide edo igarobide esanahiarekin (J. de Arin, E. J. V. 130). Saraskarate Zumaian, 1610ean[1].(1) Egile horren informazio gehiago nahi duen irakurleak, jo beza behean aipatutako iturrietara.
Ataun ere han zegoen Ordizian, 1399ko apirilaren 8an, Erregeari Ordiziarekin bat egiteko pribilegioa emateko eskatuz, elkartasun-idazki bat egiteko bildu ziren zortzi herri edo kolazioetako ordezkarien artean. Lehen esan dugun bezala, denek uste zuten horrela segurtasuna handituko zela, eta, aldi berean, Ordiziako alkatearen esku uzten zuten, garai hartan nagusi ziren legeen arabera, barkamena eta justizia emateko ahalmena. Garai hartan hiribildu horrekin bat egin zuten kolazio guztiek bezala, Ataungo agintariek heuretzat gorde zuten herria ekonomikoki administratzeko ahalmena. Enrike III.ak baiezkoa eman zien 1402ko abuztuaren 5ean[2].(2)
Koroako ordezkariak, halako eginkizunetarako ordaindu beharra zuten Ataungo herritarrei dagokienez, 304,5 auzotar zenbatu zituen garai hartan, 1.675 bat bizilagun gutxi gorabehera. Ataun beti izan zen bizilagun komunitate handia, betiere parametro nagusiak kontuan hartuta, hala nola, azalera, biztanle-kopurua, herriko lursailak, basoak, abeltzaintza, etab. Kasu honetan, Felipe III.a erregeak 20.921 pezeta eta 25 zentimoko ordainketaren truke eman zien ataundarrei hiribildu titulua; hau da, 83.685 erreal ordaindu zioten Errege Ogasunari hiribildu tituluagatik, betiere Hernando de Ribera lizentziatuak, lehen esan dugun bezala, auzotar bakoitzari ordainarazi zizkion 25 dukat haien arabera[3].(3)
Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Ataunek 42. aulkia zuen Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako taularen arabera. Ataungo ordezkaria, bada, Gabiriako eta Zegamako ordezkarien artean egoten zen[4].(4)
Ataun Oria Ibaiko Batasuna zeritzonari ere gehitu zitzaion 1651n, hura sortu eta 36 urte geroago, baina han ere ez zen denbora luzean egon, 1664an utzi egin baitzuen herrien arteko elkarte hura. Geroago, “Atazalbea” izeneko hiribilduen beste batasun batean sartu zen, Zaldibiarekin eta Beasainekin batera. 1818. eta 1852. urteen artean izan zen hori[5].(5)
Gorosabelen arabera, 1850ean egindako erroldan Ataungo herriak 2.919 biztanle zituen[6].(6) XX. mendearen hasieran, Ataunek oraindik ere herri handiko itxurak zituen, hiri eremuan 123 etxe zituelako eta handik kanpo 176. Hiru herrigune nagusiez gain, hala nola Elbarrena (San Martín), San Gregorio eta Ataun Aia, beste etxe-multzo batzuk ere bazituen zenbait auzotan, hala nola, Astigarraga, Arrondo, Arin, Ergoena, Aitzarte, Aitzarte-erreka, Urrutxu-mendi, Lauztierreka eta Murkondo.
Hedadura handiko herria izanik eta ia isurialde guztietan emari ugariko errekastoz inguratuta egonik, Ataungo hiru auzune nagusiek, inguruko auzo txikiekin batera, bost errota zituzten beren lurretan XX. mendearen hasieran. Errota horiek honela zeuden banaturik: bat Aian zegoen, beste bat San Gregorion, bi San Martinen eta beste txikiago bat Arrateta inguruan.
Parrokia ezberdinetako auzoez osatutako herri batean, auzune nagusietako zaindarien jaiak ere egun desberdinetan izaten ziren: Ataungo Aian, uztailaren 2an, Santa Isabel egunean; San Gregorio auzoan, irailaren 3an; eta San Martinen, berriz, azaroaren 11n. Parrokietako izenak ere, bestela ezin zitekeenez, San Gregorio Handia, San Martin Tourskoa eta Santa Isabel dira, “Santisaal” azkeneko hori, auzotarrek egiten duten uzkurdura bereziarekin. Santa Isabelena XVIII. mendean sortua bada ere, 1911 eta 1913 artean amaitu zen[7].(7)
XVII. mendeko Kalbario Sainduaren ermita, berriz, Astigarraga auzoan dago. Garai batean beste bi ermita ere izan ziren Ataungo barrutian: Ajarresta auzoko San Sebastianen ermita, San Martingo sarreran, 1771n eraitsia; eta “Erremedios” delakoa, izen bereko bainuetxearen ondoan, Martin de Carrera arkitektoak 1756an berreraiki zuena. Bi hauen kokapen zehatza hurrengo paragrafoan aipatzen dugun eta 2019ko “Beasain Jaietan” aldizkarian argitaratu genuen planoan ikus daiteke.
Manuel de Leonek 1740an oleoz eginiko Ataungo barrutiaren plano horretan, 48 mugarri nagusi aipatzen dira bere izen eta guzti, eta horiek adierazten ditugu hemen, jendearen ezaguerarako. Horietako asko bat datoz Juan Arin Dorronsoro adituak Atauni buruzko bere azterketa etnologiko zehatzetan aipatzen dituenekin ere. Jatorrizko grafiaz idatzirik, honako hauek izango lirateke:
1.- Umarquia; 2.- Azoildi (Mizpildi); 3.- Suquiara (Sukiaran); 4.- Suquiara; 5.- Suquiara; 6.- Yrumendi (Irumendi, gaur egun Iramendi); 7.- Amundarain; 8.- Ardiaramburu; 9.- Ynzarzu (Inzarzu; Intzartzu ere aipatzen da); 10.- Ynzarzu; 11.- Arastorza (Arestorz); 12.- Arastorza; 13.- Aralegui (Aralegi); 14.- Pagoederraga; 15.- Elorrate (gaur egun ere Elorrate); 16.- Zalarrate; 17.- Yllarzadegui (Pilarzadegi); 18.- Muñibitarte; 19.- Marumendi; 20.- Malcorburu; 21.- Allecogaiña (Alekogaña); 22.- Allecoiturri (Aleko iturrie); 23.- Goroscarasta; 24.- Goroscarasta; 25.- Lizarrausti (Lizarrusti edo Lizarrosti; Liza urrizti ere aipatzen da); 26.- Ascoagaña; 27.- Charadigaña (Txaradi gaña o Txaradi gorri; Nafarroan ere Txaradigorri esaten zaio); 28.- Olanogaña; 29.- Yrumugaeta (Irumugaeta; Nafarroan Irumugeta ere esaten zaio); 30.- Bericeta (gaur egun Beitzeta); 31.- Argoniz; 32.- Berrenua (Berrenoa edo Bernoa); 33.- Ynchusburu (Insusburu); 34.- Sarasamendi (Saratxamendi; gaur egun, agian Igarza izango da); 35.- Larrelucea o Larlucea (Larluzka); 36.- Abiola; 37.- Irumugaeta; 38.- Izoskua (Izaskoa; Nafarroan Izoskogaña eta Becerrezun ere esaten zaio); 39.- Allesu (Ayesu; gaur egun Artsu ere esaten zaio); 40.- Satua; 41.- Lizarrabea; 42.- Ataungaña (Ataju gaña); 43.- Achurbidegaña (Atxurbide ondoan kokatua); 44.- Galardi (Galertadi); 45.- Aranzazumendi; 46.- Andre bizkarra (Andre elorriagatik gertu); 47.- Irudimuño; 48.- Otamendi[8].(8)
[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 107, 470 eta 579 orrialdeak, 61, 133 eta 157 atalei dagozkienak.
[2] Ataun, A.K.M. – 1975. urtea, 49. orrialdea.
[3] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 939. orrialdea.
[4] Rosa Ayerbe Iribarren historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.
[5] Las poblaciones de Guipúzcoa, Javier María Sada.
[6] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Ataun, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.
[7] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 937. eta 938. orrialdeak.
[8] Martin Garcia Garmendiak planotik kopiatua “Plano de Ataun y sus montes en 1740” artikuluan, 2019ko B.J. aldizkarirako.