BEASAIN (EUS)

Hizkuntzalariak ez dira ados jartzen Beasain hitzaren benetako esanahiaz ere. Antzinatasunari dagokionez, bada aipu bat Nafarroako erresumaren historian, Iratxeko monasterioko Bilduma Diplomatikoko Erdi Aroko dokumentuak aztertu eta transkribatzean ikusi ahal izan dena (1. liburukia, “958-1222” urtekoak). Lan hori 1965ean argitaratu zuen José María Lacarra Nafarroako ikerlari handiak, eta berebiziko eragina izan zuen mendebaldeko Pirinioen kultura zaharra jorratzen zuten ikertzaileen artean.

Dokumentu horietan, bada, Eneko de Iputza izeneko batek egindako ondasun-dohaintza bat ageri da, non hizkuntzalariek, besteak beste Koldo Mitxelenak, Gipuzkoako eremu eta deitura gisa identifikatu zituzten toponimo eta abizen batzuk agertzen diren idatzita. Gure esparruari dagokionez, honako hauek dira 1211. urtean aipatutako izen batzuk: Loinaz, (lo(h)i, Koldo Mitxelenaren arabera); Gudubarreta (Gudugarreta) eta Bessain (Beasain), beti ere Erdi Aroko dokumentu horietan idatzita dauden bezala izendaturik[1].(1)

Apellidos Vascos” liburuan, Mitxelenak honako hau ere esaten du Beasain hitzari buruz; Beraxa izen propioa: Berasategi, Berastegi; alderatu Barasoain, Berasain, Beasain toponimoekin (Julio Caro Baroja, Mat., 69-70 eta 163-164). Arigita, Historia de la imagen y santuario de San Miguel Excelsis. Iruñea 1904, 203. orrialdea. Gaiaz interesa duten irakurleek behean adierazitako iturrietan lor dezakete informazio gehiago[2].(2)

Beasaingo parrokia edo kolazioa Ordiziakoari elkartu zitzaion 1399ko apirilaren 8an. Atxikitze hitzarmen hori Enrike III.ak berretsi zuen 1402ko abuztuaren 5ean, eta Errege Katolikoek ere bai 1492an. Beasainek, Ordiziarekin bat egin zuten gainerako hiribilduek bezala, bere mugak eta administrazio independentea gorde zituen.

1615eko otsailaren 4an lortu zuen Beasainek hiribildu titulua. Serapio Mugicak dioenez, 13.674 pezeta eta 75 zentimo ordaindu ondoren; hiribilduak Errege Ogasunari ordaindutako 54.699 errealen balioa, alegia. Hernando de Ribera lizentziadunak, orduan, 126,5 auzotar zenbatu zituen Beasaingo herritarren artean, hau da, 690 biztanle inguru[3].(3)

Gipuzkoako udalerri baten historia liburuko paragrafo bat hartuta, ikusten dugu autoreek honela azaltzen dutela garai hartako dirutan ordaindutakoa, ordaintzeko epeari dagokionez:

“Beasainek konpromisoa hartu zuen hiribilduko bizilagun bakoitzeko 25 dukat ordaintzeko, herritarren kopurua zein zen jakin eta hogeita hamar eguneko epe laburrean[4] (4)

Goiko paragrafoan aipatutako autoreak, Hernando de Ribera lizentziadunak 126,5 auzotar zenbatu zituela jakinik ere, ordaindutako zenbatekoa pezetatan eman zuen, baina logikoa denez dukatetan eman izan balu, orduan erabilitako moneta dukata zelako, Beasainek, bada, Koroari 3.162,5 dukat ordaindu zizkiola esango zukeen, kontatutako “auzotar” bakoitzeko 25 dukat ordaindu zizkiolako.

Beasain 1615ean banandu zen Ordiziatik, baina biek hiribilduen batasun bat sortu zuten berriro 1664an, probintziako Batzar Nagusietara ordezkari bat bidaltzeak sortzen zituen gastu handiak banatzeko. Elkarte horrekin bat egin zuten Zaldibiak eta Aramak 1682an. Ataunek gauza bera egin zuen 1710ean, baina probintziako Batzar Nagusiek baztertu egin zuten; azkenean, ordea, 1712an onartu egin zuten. Beasainek eta Ataunek utzi egin zuten Batasun berri hori 1818an, eta Atazalbea elkartea sortu zuten; 1741ean lehengo batasun hura utzi zuen Zaldibia ere elkartu zitzaien hiribilduen elkarte berri hartan. Atazalbea izeneko batasun berri hori behin betiko desegin zen 1852an[5].(5)

Beasainek 27. aulkia zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Korrejidorearen ezkerraldean, beti ere Rosa Ayerbe Iribar historialariak egindako taularen arabera. Eserleku hori, hain zuzen, Zeraingo eta Zaldibiako ordezkariek zituzten aulkien artean zegoen. Beasaingo ordezkariak hemezortzi su kudeatzen zituen orduan, probintziako gastuak eta sarrerak banatzerakoan[6].(6)

Pablo Gorosabel historialariak dioena kontuan hartuz gero, 1862ko erroldaren ondoren Beasainek 1.385 biztanle zituen 110 etxetan banatuta, baina 1860ko abenduaren 24an eginiko Gipuzkoako herri eta biztanleen estatistika delakoa ikusiz, hemen probintziak 1.448 biztanle esleitu zizkion[7]. (7)

Urte haietan, 1862an, Gipuzkoako lehen herria izan zen Beasain, Oria ibaiaren ertzean kono egiturako landare-ikatzezko “labe garaia” jartzen. Probintziako bigarrena ere aurrekoaren ondoan jarri zen hiru urte geroago, lehenengo hartatik 20 edo 25 bat metrora, baina oraingoan piramide itxurako egitura zuela[8].(8)

Mende erdi geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, Beasainek jada 89 etxe zituen hirigunean, eta beste 130 bere eskumeneko mendietan sakabanatuta. Ordurako, Gudugarreta Beasaini atxikirik zegoen 1882az geroztik, zenbait saiakerek huts egin ondoren; horietako bat, gainera, berrogei urte lehenago eginikoa. Anexio hori honako ohar labur honekin jakinarazi zen Foru Aldundiaren aldizkarian:

“Errege Agindua, Gudugarretako herria Tolosako barruti judizialera igaro eta bere udala kentzeko xedatuz, eta bere eskumeneko barrutia Beasaingoari erantsiz”[9]. (9)

Arriaranek eta Astigarretak ere laster egin zuten gauza bera, hurrenez hurren 1927an eta 1929an bat egin baitzuten Beasainekin. Beasaingo, Gudugarretako eta Astigarretako herri-lurren zati handi bat, XIV. mendetik baino lehenagotik Muruko adar eta isurialde zabal horietan jabetza “zatitugabe” moduan mantendu zirenak, jabetza partikular bihurtu ziren hein handi batean, garai zailetan eginiko desamortizazio batzuen ondoren. Arriaran, bere aldetik, 1927an elkartu zen, eta mendeetan zehar izandako jaurerri zahar eta garrantzitsuaren aztarna batzuk bakarrik gelditu ziren.

Auzo horietan guztietan ospatzen dira gaur egun ere bertako zaindarien jaiak: Garinen neguan ospatzen dira, San Sebastianen omenez. Astigarretako ospakizunak udazkenean izaten dira, San Martinen ohorez. Arriaranek, bere aldetik, San Pedro egunean ospatzen ditu jaiak, ekainaren 29an. Beasaingo jaiak, ordea, Loinazko azoka zaharrak gogora ekarriz, mugikorrak dira, eta urtero Aste Santua noiz hasten denaren arabera izaten dira. Liturgian Pazko Garizumakoa deitzen dutenetik 40 egunera hasten dira.


[1]“B.P. 2020”, La villa de Gudugarreta en la historia de la comarca, 34., 35. eta 36. orrialdeak.

[2] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa argitaletxea, 150. eta 18. atalak, 71., 72. eta 38., 39. eta 40. orrialdeak.

[3] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 945. orrialdea.

[4] B.G.U.H., 11. kapitulua, Apertura de Beasain a la historia, 221. orrialdea.

[5] Las poblaciones de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.

[6] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[7] Cuadro Estadístico de la Diputación de 1860, Gipuzkoako biztanleei buruz.

[8] Goierriko argazki zaharrenak, Errege Defentsako markesaren Brunet bilduma, 96. orrialdetik 124.era eta beste batzuk (“Labe Garai” horien lehen 10 argazkiak), Martin Garcia Garmendia.

[9] La villa de Gudugarreta en la historia de la comarca, “B.P. 2020”, 443. orrialdea.