Ulertzen zaila da gaur egun Enirio-Aralarko Mankomunitatearen goi mendietako larreek Goierrirako izan zuten garrantzia. Juridikoki sortu aurretik jadanik erabiltzen baziren ere, 1409ko azaroaren 14an finkatu behar da haien sorreraren akta. Egia esan, hori pixka bat lehenagotik ere bazetorren, 1400eko urriaren 27tik hain zuzen, egun horretan Gaztelako errege Enrike III.ak Joan Amezketa bere euskal basailuari eman baitzizkion:
“… Aralarko eta Enirioko zuhaizti eta belardi guztiak, hemendik aurrera belaunaldiz belaunaldi betirako izan ditzazun”[1]. (1)
Inguruko ibarretan eta mendietan bizi zirenek erabili ohi zituzten udako goi larre horiek, baina erabilera horretarako inolako lege-euskarririk edo lege- babesik gabe, soil-soilik adinekoengandik aspaldidanik jasotako eguneroko ohituretan oinarriturik. Dohaintza haren barruan zegoen lurralde hari lotutako ahalmen guztiak izateko eskubidea, hala nola, ura, lurra, fruituak, hostoak, egurra, larrea, ikatza, etab., baita eguzkia sartzean aziendak eta artzainek babeslekutzat erabiltzen zituzten saroiak ere. Kontua da, azkenean, aspaldidanik ondasun natural horien ohiko erabiltzaile izan ziren abeltzain eta nekazari haiek, aurrerantzean gozamen eta aprobetxamendu haietatik kanpo geratu zirela.
Zalantzarik gabe, ondasun horiek erabiltzeko eta errentagarri bihurtzeko ikuspegi horiek guztiak garrantzitsuak izango ziren orduan inguruko bizilagunen egunerokotasunean, baina gure ustez garai hartako larre zahar horien eta haiei loturiko saroien edo korten gaineko eskubidea izango zuten agian nahiago, mendiak eskaintzen zituen gainerako erabilerak baino gehiago. Antzina-antzinatik, saroi bakoitzak bere izena zuen kokaleku gisa dokumentuetan, eta gaur egun oraindik ere indarrean dagoen toponimoa bat dator kasu askotan duela 600 urte baino gehiago zuenarekin.
1828ko Aralarko San Migeli buruzko bere liburuan, Martin Jose Markotegik, garai hartako saroi baten deskribapena egiterakoan, Aralarko monasterio horretako abadearen ahotan ipini zuen honako hau:
“Zuhaitz-mendi biribil-biribila da saroia, erdi-erdian bere haustarria duena…”[2] (2)
Deskribapen labur honek, garrantzirik gabea dirudien arren, gauza asko iradokitzen ditu; besteak beste, saroi horiek, bai Gipuzkoako Aralarren, bai eta mendigune horretako Nafarroako errege-sailetan ere, hasiera batean pago-basoetan egongo zirela, garai hartan batez ere behiak aritzen baitziren larrean, eta ez gaur egungo artaldeak. Ardientzat egokiagoak diren gaur egungo larreak, pago-baso horiek ahitutakoan sortu ziren Gipuzkoako aldean, zeinak, batez ere, Gipuzkoako burdinoletarako egur-ikatza egiteko erabili baitzituzten. Hauxe da dokumentuetako informazioarekin soilik erantzun ezin den galdera nagusia: noiztik egon ote ziren Aralarren saroi biribil horiek, erdian haustarriak edo errauts-harriak zituztela?
Denboran zehar datuak uztartuz, Alfredo Morazak beste datu garrantzitsu bat ere aipatzen digu, Aralar mendiari buruzko dokumentuetako aipamenei dagokienean, garai haietan kokatu ahal izateko; honako aipamen honetaz ari gara:
“Gipuzkoa aipatzen duen lehen dokumentu idatzia XI. mendearen hasierakoa da, eta han jadanik agertzen da Aralar mendia”[3] (3)
Atzera itzuliz, lehenago aipatu dugun Markotegiren liburu zahar horretan, besteak beste, lehen aipatutako “Zuhaitz-mendi biribil-biribila da saroia…”esateaz gain, beste hau ere esaten da: antzina-antzinatik, errege-erregina nafarrek dohaintzak egin zizkieten monasterioei[4]. (4)
Saroien orografiari dagokionez, Gipuzkoako Aralarko eremu horretan saroietako jabeek bi mende geroago, 1865 inguruan gutxi gorabehera, saroiak erregistro berrietan inskribatzen hasi zirenean egin zituzten deskribapenetara jotzen badugu, ikusiko dugu sinatzaile horiek honako aipamen hau eginez hasten zutela izen ematea: “Saroia, Enirio Aralarko esparruan dagoen belardia…”. (5)
Garai hartan, basoak desagerturik zeuden jada Aralarko goialdetik, eta, denboraren poderioz, beste ganadu-mota batzuentzako larre bihurtu ziren; kasu honetan, gaur egun inguru horretan oraindik ere nagusi diren ardientzat.
Aralarko saroiekin jarraituz, eta soil-soilik bitxikeria modura, jarraian saroien antzinako izen batzuk aipatuko ditugu, oraindik ere egungo toponimoetan ikus ditzakegunak, hasieran esan dugun bezala; ikus ditzagun, lehenik, antzinako Bozue Txikiko saroi batzuk, gaur egun Ordiziako Batasuna delakoan daudenak:
“Udaola, balioa 7.000 erreal kuarto; Berraga, balioa 8.000 e/k; Armaibarrutia, balioa 6.500 e/k; Armailekoitia, balioa 6.500 e/k; Arrola goikoa, balioa 6.900 e/k; Arrola behekoa, balioa 6.800 e/k; Gorostiaga goikoa, balioa 6.600 e/k; Gorostiaga behekoa, balioa 6.950 e/k; Idaleibar, balioa 7.500 e/k; Lizarbieta, balioa 7.500 e/k; Lupaobia, balioa 7.200 e/k; Pikoeta ondarra (Pikuta), balioa 7.300 e/k; Pikoeta goikoa (Pikuta), balioa 7.000 e/k; Urrestobia, balioa 7.000 e/k”[5].(5)
Ondoren aipatuko ditugun beste hauek, berriz, Aralarko Mankomunitatearen Bozue Handiko antzinako elkartearenak ziren, eta garai hartan Amezketako herria zen elkarte haren buru:
“Arrizaga, erreka aldean dago, kobre-fabrikako eraikinaren ondoan (Arritzagako meategiak), eta erdian mugarri bat du G letrarekin (Gongora etxearen marka egiaztatzailea), eta gurutzea erdiko mugarrian.
Aiunzagi lehenago, orain Aintzegi, Enirio-Aralarren, etab….
Eriza, Beotegiko haitzetik gertu, Amezketako mugetan; erabiltzen ez den kobre-fabrikatik jaisten den errekaren ezkerraldean dagoen saroia, etab….
Buruntzizin, kalamina-meategietatik jaisten den errekaren ondoan, etab….
Mendikante, Aiunzagi izeneko beste saroiaren ondoan, etab….
Narrue, Enirio-Aralarko mendietan, 15 herrien eskumeneko esparrua, “Narrue izeneko pilotalekuaren ekialdean” kokaturik dagoena, etab….
Odazabal lehenago, gaur egun Budegi, harkaitzen artean, Amezketako Saltarritik Mikeleteen etxe edo Ernaga (Errenaga, Igaratzan) izeneko probintziako eskubideen administrazio-etxera doan bidean.
Salin, meategietatik jaisten den errekaren ezkerraldean, etab….
Gerosiolaza, meategietatik jaisten den errekaren ezkerraldean, etab….
Gorostaga lehenago, orain Lizardi, Gorostiagaren magalean, etab….
Zalegi lehen, orain Eizegi, Beotegiko haitzaren ondoan, etab…”[6] (6)
Goierritarren artean hain ezagun eta adierazgarriak diren saroien izenak, hala nola Beaskin, Alotza, Gorostizu, Kaiain, etab., duela zenbait mendeko berberak dira; soil-soilik aldaketa txiki batzuk sumatzen dira beraien egitura gramatikal modernoetan.
1409. urteko Hitzarmenaz geroztik, non Mankomunitateak erabaki baitzuen erregeak Juan Amezketari emandako mendi horien gaineko eskubideak erostea, argi geratzen da herrien artean bi talde zeudela, euren jatorriko ibarrek bereiziak. Bi talde horiek Bozue Handi eta Bozue Txiki izenez ezagutu izan dira mendez mende, eta horietako bakoitzak %50eko partaidetza zuen Gipuzkoa aldeko Aralarko mendietan. Amezketako hiribildua zen lehen talde horretako buru, eta Abaltzisketarekin, Baliarrainekin, Ikaztegietarekin eta Orendainekin batera, mendi horien gaineko eskubideen erdiak zituzten eurak bakarrik.
Gaur egungo Ordizia, berriz, beste %50 horren gaineko eskubideak zituzten herrien buru izan zen hasiera-hasieratik, nahiz eta orain hamar herritako bizilagunak ziren, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Itsasondo, Gaintza, Lazkao, Legorreta, Ordizia eta Zaldibiakoak, alegia, beste erdi horien gaineko eskubideak zituztenak.
Arestian aipatutako liburuan Alfredo Morazak ondo dioenez, beharbada 15 herri horiek parte-hartze desberdinak izango zituzten Juan Amezketak mendi horien gainean zituen eskubideengatik ordaindu zituzten 1.400 florin haietan[7].(7)
[1] ANIVERSARIO DE LA MANCOMUNIDAD, Alfredo Moraza, 29. orrialdea.
[2] Compendio de la Historia de la aparición de San Miguel Excelsis, Martin Jose Markotegi, 121. orrialdea.
[3] ANIVERSARIO DE LA MANCOMUNIDAD, Alfredo Moraza, 26. orrialdea.
[4] Compendio de la Historia de la aparición de San Miguel Excelsis, Martin Jose Markotegi, 122-129 orrialdeak eta beste batzuk.
[5] “Seles del reino de Pamplona en Aralar”, Santa Ana 2014, Martin Garcia Garmendia.
[6] “Los antiguos seles de Aralar”, Santa Ana 2009, Martin Garcia Garmendia.
[7] ANIVERSARIO DE LA MANCOMUNIDAD, Alfredo Moraza, 35. orrialdea.