Izen handiko nazioarteko arkeologo eta etnologo gipuzkoar ezagun batek esan ohi zuen etimologia eremu ona dela, nahiz eta batzuetan oso irristakorra izan. Baliteke arrazoi izatea, baina egia da, halaber, ia beti etimologiara jo behar izaten dugula toponimia aztertzerakoan. Ezkioren kasuan, badirudi hizkuntzalariak ados daudela eta Ezkiaga hitzetik datorrela.
Koldo Mitxelenak hainbat autore aipatzen ditu, horien artean Azkue eta Aranzadi, hitza azaltzen saiatzen denean. Lehenengoari dagokionez, honela dio: ezki, eski (gaztelaniaz, álamo, tilo edo chopo) (sic). Aranzadiren arabera (RIEV VII, 588), hauxe dio: “gaztelaniazko tilo hitza, seguru asko, ezki, eski esaten da Baztanen eta Huarte Arakilen, eta herrialde osoan ere bai ziur aski”. Egile horrek zalantzak ditu zuhaitzak bereizten dituzten pertsonek espezie horri euskaraz hala deitzen ote dioten eta Ezkiaga toponimoarekin jarraitzen du.
Dioenez, Ezkiaga 1045. urtean agertu zen Nafarroan, eta deiturak aipatzen ditu: Ezkiaga, Ezkidi, Ezkieta, Ezkioga, Ezkisabel, Ezkiasso, Ata iria (Ataria); Aralarren, XI. eta XII. mendeetan, dirudienez *ezki-baso. Honela amaitzen du: Ezkiogaren amaiera ez da argia, seguru asko dokumentazio goiztiarra falta delako. Erreferentziak ere ematen ditugu, irakurleak dagozkion ataletan xehetasun gehiago aztertu ahal izateko[1].(1)
Kontua da Ezkiaga ezkien toki gisa identifikatu ohi dela. Itsaso hitzari dagokionez, hizkuntzalari gehienek isasti edo isats lekadunak dauden leku gisa definitzen dute, baita ihitoki modura ere.
Ezkiok 1661eko martxoaren 13an lortu zuen hiribilduaren pribilegioa, Koroak alkatea eta udal propioa izendatzeko ahalmena zuela. Hiribildu titulua erosi ondoren, hainbat hiribildu-elkartetan egon zen, eta horien guztien artean Areria izan zen, ezbairik gabe, zaharrena eta garrantzitsuena. XX. mendearen hasieran, Itsasoko udalerriak eta Arriaranek udal bakarra osatzen zuten oraindik, Serapio Mugicak bere Geográfica de Guipúzcoa liburuan dioen bezala[2].(2)
Itsasok ere parte hartu zuen Areriako Batasuneko kideek Gipuzkoako Batzar Nagusietara joateko hitzartu zituzten “txandetan”. Eginkizun horiek egiten ikusten dugu, gutxienez, 1697tik 1774ra bitartean, garai hartan aipatutako elkarteko kide baitzen, Lazkao, Ormaiztegi, Olaberria, Astigarreta eta Gudugarreta herriekin batera. Txanda egokitzen zitzaienean, herri horietako bakoitzak bere gain hartu behar izaten zituen Batzar Nagusietako ordezkariaren gastuak, baita gastu horiek justifikatu eta gainerako udalerriei jakinarazteko ardura ere, beraiek aurrez ezarritako epeetan. Denen artean hautatu ohi zuten ordezkari hori Ohiko Batzarretara eta Batzar Berezietara joateko, betiere Areriako Batasunak ekitaldi haietarako onarturik zuen araudi zorrotzaren arabera[3].(3)
Ezkio, berriz, kolazio hutsa zen, 1385eko urriaren 29ko eskrituraren bidez Urretxurekin bat egin zuenean. Hiribildu zenean, Ezkio ere hainbat elkartetako kide izan zen, gainerako herri txikien arrazoi ekonomiko berberengatik. Garrantzitsuena, ezbairik gabe, Arginsanoko Gurutze Santuaren Batasuna izenekoa izan zen, hasiera batean Zumarragak, Gabiriak eta Ezkiok osatu zutena, 1663ko ekaineko sorrerako eskriturak dioen bezala, eta bertan egon zen Ezkio 1790. urtera arte[4].(4) Gabiria, aldiz, 1766an banandu zen elkarte hartatik. Hala ere, Ezkiok eta Zumarragak eurek bakarrik birsortu egin zuten elkartea 1806an[5].(5)
Bitxikeria modura, esan dezagun, halaber, garai batean Santa Luziako azoka ospetsua Ezkio auzoan egiten zela abenduaren 13an. Hala ere, Probintziako Batzarrak maiatzaren 27an Ordizian elkarturik, azoka haiek debekatzea eta leku seguruagoetara eramatea erabaki zuten, maila bereko beste azoka batzuekin egin zuten bezala, eremu bakartietan egiten zirenez, gehiegikeriak eta nahasmenduak gertatzen zirelako. Ordutik aurrera, Santa Luziako azoka Urretxun egiten hasi ziren. Gauza bera egin zuten probintziako beste azoka garrantzitsu batzuekin ere, besteak beste, Beasaingoarekin, Loinazko Ama Birjinaren ermitaren ondoan egiten baitzen, eremu zabalean. Harrezkeroztik, Beasaingo hiriguneko plazan egiten hasi ziren.
Batzar Nagusietan, Ezkiok 43. aulkia zuen Korrejidorearen ezkerraldean, Orendaingo eta Zumarragako hiribilduen artean, Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Itsaso, berriz, Areriako Batasuneko kide zenez, haren ordezkariak 50. aulkia zuen, hura era Korrejidorearen ezkerraldean. Haren eskuinaldean zeuden, hain zuzen, Batzar Nagusietako lehendakariaren eta idazkariaren aulkiak; eta ezkerraldean, berriz, garai hartako Saiazko alkatetza delakoa[6].(6)
Pablo Gorosabelen arabera, 1862an Ezkiok 880 biztanle zituen 96 etxetan banatuak. Egile horrek dioenez, etxe horiek honela zeuden banaturik: hamaika eraikin hirigunean eta gainerako baserriak mendian sakabanatuak. Itsasori dagokionez, egile horren ustez urte hartan 863 biztanle zituen, Arriarango bizilagunak ere barne zirela, orduan udal bakar bat osatzen baitzuten biek[7].(7) Hala ere, 1860ko abenduaren 24an eginiko Gipuzkoako herri eta biztanleen estatistikan esaten denez, Itsasok eta Arriaranek osatzen zuten udalak biztanle bat gutxiago omen zuen[8].(8)
Mende erdi geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasiera aldera, bi herri horiek honako bilakaera hau izan zuten: Ezkiok 624 biztanle zituen orduan, hiriguneko hamaika etxeetan eta mendiko beste 70etan banaturik. Itsasok, berriz, 714 biztanle zituen (lehen bezala, Arriaranekin batera), 98 etxetan banaturik; etxe horietako zortzi hirigunean bertan zeuden eta gainerakoak mendian sakabanatuak[9].(9)
Bi herrietan ikus daitekeenez, 1860. urteko goiko paragrafoko estatistikarekin alderatuta, biztanleria gutxitu egin zen. Ezkion etxe kopurua ere murriztu egin zen mende erdi horretan; Itsasori dagokionez, berriz, ez daukagu bilakaera horren berri, baina antzekoa izango zela uste dugu.
Oraindik orain Ezkio eta Itsaso banatzeko zorian egon diren arren, elkartuta aipatzen jarraitzen dugu, bereizketa horrek ez baitu ofizialki aurrera egin. Bi udalerriak Dekretu bidez elkartu zituzten 1965ean, eta, modu artifizialean egiten diren ia gauza guztiak bezala, gaur egun elkarrekin jarraitzen badute ere, badirudi asmo argia dutela beren bideak bereizteko.
Ezkiok bi erromeria izan ditu historian zehar, eta era honetan ospatzen ziren: lehena, San Migel parrokiako zaindariaren eguna, maiatzaren 8an; eta, bestea, San Pedro eguna, ekainaren 29an. Itsasok, bestalde, abuztuaren 24an ospatzen ditu herriko jaiak, San Bartolome egunean.
[1]Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa argitaletxea, 3. argitalpena, 239. eta 10. atalak, 88., 36. eta 37. orrialdeak.
[2] Geográfica de Guipúzcoa, 863., 864. eta 865. orrialdea.
[3] La Villa de Gudugarreta en la historia de la comarca, “Turnos o chandas” atala, 252-253 orrialdeak.
[4] Los pueblos de la Alcaldía Mayor de Areria, Leandro Silván, 49/50 orrialdeak.
[5] Los pueblos de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.
[6] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.
[7] Diccionario Histórico Geográfico de Guipuzcoa, Ezkio eta Itsaso, Pablo Gorosabel.
[8] Cuadro Estadístico de la Diputación de 1860.
[9] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 851. eta 864. orrialdea.