GAINZA (EUS)

Koldo Mitxelenak dioenez, Gaintza hitzaren etimologia laburtua, beste eratorpen batzuen artean, honako hau izan liteke: Beinza, (alderatu Gainza-rekin; bai eta gain ere, Gavelen arabera, *gara-ren superlatiboa baita). Oso argia ez izan arren,  Beaskoa da beste eratorria (alderatu Gogeaskoetxearekin, etab.), zeina oso erabilia baita hitzaren amaieran mugatzaile modura (Zalbalbeaskoa, etab.).

Honela jarraitzen du beste atal batean: gain (“gailurra, tontorra, azala”): Gainçury, Gainza; Argain, Bidegain, Lizargain, etab.; eta Bizkaiko gan aldaera ere bai: Gangoiti (Angoiti), Larragan, Maidagan, Mendigaña, etab. Kasu batzuetan –ain atzizkia ezbairik gabe gain-etik datorrela ere esaten du, eta zenbait adibide ematen ditu, hala nola, Lizassoain, Larrassoain (Larresoaing, Larrasoynna, etab.), XI. mendean jada agertzen direnak.

Era berean, –tza atzizkiak oparotasuna adierazten duela ere iradokitzen du, eta zenbait adibide ematen ditu. Arlo hauetan ezjakinak garenez, gai korapilatsu hauei buruz gehiago jakin nahi duten irakurle adituagoei, orrialdearen behealdean adierazitakora jotzea gomendatzen diegu[1].(1)

Leandro Silván autoreak egiten duen Gaintzaren deskribapena, orain parrokia dagoen hiriguneko kokapen geografikoari dagokiona, agian nolabait egokitzen zaio Mitxelenak lehenago proposatutako esanahiari; honela dio Silvanek:

“…mendi-zirku zabal baten erdian kokatua dago, zeruertz zabalekin, eta bere zabalera osoan erraz ikusten da, izan ere, edozein norabidetan lurrak leunki behera egiten baitu, uhindura harmoniatsuan, hirigune txikia dagoen laugune xumetik abiatuta…”[2] (2)

Gipuzkoako garai hartako herri gehienak bezala, Gaintza kolazio txiki bat besterik ez zen, 1399ko apirilaren 8an emandako eta Enrike III.a erregeak Tureganon 1402ko abuztuaren 5ean berretsitako elkartasun-eskrituraren bidez, Ordiziarekin bat egin zuenean.

Era honetan, Ordiziako Batasunari loturik egon zen, hala justizia zibilean, nola kriminalean, 1615era arte. Urte hartan, 5.032 pezetatan eskuratu zuen hiribildu titulua, garai hartako 20.128 erreal, Hernando de Ribera lizentziadunak, Erregeak zeregin horietarako zuen probintziako ordezkariak, Gaintzako herrirako zehaztu zituen 35 auzotarrek, horixe ordaindu baitzioten Errege Ogasunari. Kasu guztietan bezala, urte hartako prezioa 25 dukat horietara egokitzen zen hala zenbatutako auzo talde bakoitzeko, arestian azaldu dugun moduan[3].(3) Orduan zenbatutakoak 35 auzotar zirela kontuan izanik, biztanleak, gutxi gorabehera, 192 izango lirateke.

1615etik aurrera sortu zen Oria Ibaiko Batasun berri hura, zenbait hiribilduz osatua: Altzaga, Arama, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia. Gaintzako hiribildu txikiak bere Udala eratu zuen orduan, urte haietan alkate bat, bi errejidore eta prokuradore sindiko bat zituena; eta horrela gobernatu zen, Gipuzkoan, 1845eko urtarrilaren 8an, lege berria ezarri arte.

Lehenago azaldu ditugu eraketa horren arrazoiak, bai eta Ataun 1651n aipaturiko Batasunean sartzearen arrazoiak ere, nahiz eta egia den elkartean 13 urte bakarrik egin zituela. Batasuneko hainbat kideren sarrera eta irteera batzuk izan ondoren, azkenean, 1856an, hiribilduen elkarte berri hori desegin egin zen[4].(4)

Gaintzak 10 su zituen probintziako Batzar Nagusietan, probintziako gastuen eta sarreren banaketa erabakitzeko pisu politikoari zegokionez. Gaintzak Batzar Nagusietako 38. aulkia zuen Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Urte haietan, Gaintzako aulki hura eskualde honetako Ormaiztegiko eta Ikaztegietako ordezkariek zituzten aulkien artean zegoen[5].(5)

Pablo Gorosabel historialariaren arabera, 1862. urtean Gaintzak 500 biztanle zituen, hirigune txikiaren barruan eta bere eskumeneko mendietan sakabanatutako 55 etxe eta baserrietan banatuta[6].(6) 1860ko abenduaren 24ko Gipuzkoako herri eta biztanleen estatistikak egiaztatzen duenez, berriz, data horretan Gaintzan 493 biztanle besterik ez zeuden[7].(7)

Mende erdi geroago, XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasieran, Gaintzako herriaren bilakaera honako hau izan zen: hamar etxe zituen hirigunean, parrokiaren ondoan, eta beste 35 baserri mendian sakabanatuta. Beste herri txiki batzuetan gertatu zen bezala, urte haietan etxeak eta biztanleak nabarmen jaitsi ziren, etxeak hamar gutxiago baitziren, eta bizilagunak 364 besterik ez, 129 gutxiago[8].(8)

Eraikuntzen eta biztanleriaren beherakada horietan, zerikusi handia izango zuten, batetik, Gaintzaren kokapenak, probintziako komunikazio-galtzada garrantzitsuenetatik urrun zegoelako, eta, bestetik, garai hartan Gipuzkoako landa-eremuetan zeuden bide penagarriek. Ez dezagun ahaztu Gipuzkoako bide eta auzo-galtzada horien lehen modernizazio garrantzitsua, batez ere, 1843 eta 1900 urteen artean egin zela, eta han ez zirela sartu ez  Aramako hiribildu txikia, ez eta Altzagakoa ere; eta, zuen kokapenagatik, are gutxiago Gaintza[9].(9)

XVI. mendeko Gaintzako elizak San Miguel Excelsis arkanjeluaren izena du. Herriko mugen barruan bada beste ermita bat ere, San Martin de Tours izenekoa. Herriko jaiei dagokienez, zaindariaren omenez irailaren 29an ospatzen dira.


[1]Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena,Txertoa, 3. argitalpena, 140., 248. eta 569. atalak, 68., 90. eta 155. orrialdeei dagozkienak.

[2] Las villas de la Unión del Río Oria, Gaintza, 77. orrialdea.

[3] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 958. orrialdea.

[4] Las poblaciones de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.

[5] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[6] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Gaintza, Pablo Gorosabel.

[7] Cuadro poblacional de la provincia de Guipúzcoa de 1860, Foru Aldundiak argitaratua.

[8] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 957. orrialdea.

[9] Ibidem., 509. orrialdetik 512.era.