IDIAZABAL (EUS)

Berriro ere Mitxelenak esaten duen bezala, Idiazabal hitza definitzeko hainbat proposamen daude, horien artean beste egile batzuena, Serapio Mugica esaterako, zeinak honako proposamen hau egiten duen: *idi <ihitokia> (i(h)i-tik). Egile horrek “Euskalerriaren alde” aldizkarian, “V 729”, Idiazabali buruz argitaratutako zenbait adibide gehitzen ditu, baita Idiakezi buruzkoak ere (antzina Idiakaiz), garai bateko etimologistek gehienetan idi <aberea> ikusten zutelako deitura horretan; alderatu, gainera, Idigoras eta Idirin.

Koldo Mitxelenak esaten du, halaber, ez ote litzatekeen hobe izango jatorrizko <Id(o)i-at(e)-gaitz> delakoarekin lotzea. Idiazabal hitzari dagokionez, 1969an esan zuen Gipuzkoako herri horren izenaz ezagutzen zuen testigantzarik zaharrena honako hau zela: “tota nostra ereditate de Lazcano et de Iviazaval”, G. Larragueta 1199.

Egilearen arabera, egokia litzateke hitzaren esanahiaz (h)ibi-tik abiatu eta disimilazioaz pentsatzea. Berriro diogu, aipatutako egilearen argudio horiek guztiak ezagutu nahi dituzten irakurle prestatuenek, beha ditzatela oso-osorik behealdean adierazi ditugun arrazoi horiei buruzko atalak eta orrialdeak[1].(1)

Oso ezaguna da Idiazabaldarren artean, garai batean Segurako herriarekin eginiko elkartasun-agiria, 1384ko martxoaren 1ekoa. Haren bidez, Segurako hiribilduarekin elkartu zen, eskualdeko beste kolazio eta auzo-multzo batzuk egin zuten bezala, 1200. urtean Gipuzkoak Gaztelarekin bat egin zuenetik Nafarroatik zetozen erasoetatik hobeto defendatzeko. Gaztelako erregeek, Joan I.ak 1387an eta Enrike III.ak 1393an, berretsi egin zuten bat egite hori.

Urte hartan, 1384ean, ez ziren gutxi izan denbora laburrean Segurarekin bat egin zutenak; aitzitik, elkartasun hura sinatzen lehena Areriako Alkatetza Nagusia izan bazen otsailaren 4an, eta azkena Mutiloa apirilaren 15ean, bi data horien artean Zegama, Legazpi, Idiazabal, Zerain, Ormaiztegi, Gudubarreta (Gudugarreta) eta Astigarreta izan ziren elkartzen joan zirenak, gaztelaniaz den-denak jatorrizko dokumentuetan idatzitako garai bateko grafia dutela[2].(2)

Idiazabalek duen berezitasun geografikoaren ondorioz, 1591. urtera arte administrazio-postu bat egon zen bere eskumeneko esparruan, probintziako agintariek hamarren zaharraren eskubideak biltzeko bere garaian ezarria, portu lehor gisa, garai hartan Nafarroako erresumarako bide zahar horretatik igarotzen ziren merkantziengatik[3]. (3)

Seguratik banandu ondoren, Idiazabalek 1615eko otsailaren 4an erosi zuen hiribildu titulua. Orduan zenbatutako 257,5 auzotarrengatik, 1.416 biztanle inguru, errejidoreek 70.795 erreal ordaindu zizkioten Errege Ogasunari. Betiere, Hernando de Ribera lizentziadunak eginiko erroldako auzotar bakoitzak 25 dukat ordaintzeko ezarritako kopuruari eutsiz.

Idiazabal Beasaingo eta Ataungo hiribilduekin ere elkartu zen 1619an, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza izateko. Koalizio hura desegin ondoren, beste berri bat sortu zuen, hasiera batean hamar urterako, baina oraingoan Ataungo hiribilduarekin bakarrik, 1639ko maiatzaren 3an egindako eskrituraren arabera. Hura bukatzean, Segurarekin elkartu zen beste zortzi urtez bat eginik aritzeko, 1650eko azaroaren 12ko eskrituraren arabera, eta hitzarmen hura ere bi aldeek berritu zuten 1671n. Jadanik 1691n gaude, eta urte hartan Idiazabalek beste elkarte bat gauzatu zuen, oraingoan Zegamarekin eta Mutiloarekin 18 urterako, baina hura amaitzean, 1708an, hitzarmena luzatu egin zuten beste 16 urtez. Hain zuzen ere Idiazabalgo baserri baten izena zuen Artemalastegiko Batasuna delakoa izan zen Idiazabalgo herriak osatu zuen azkena, 1826ko abuztuaren 26an, oraingo honetan inguruko Zeraingo eta Mutiloko herriekin batera[4].(4)

Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako Gipuzkoako Batzar Nagusietako aulkien koadroan, ez dugu ikusi Idiazabalentzat soilik izango litzatekeen aulkirik. Beharbada, urte horietan aurreko paragrafoan aipatu ditugun hiribilduen arteko elkarteetako batean zegoelako izango da[5].(5)

Idiazabalgo herriari dagokionez, Gorosabelek hauxe dio 1860an:

“…zentzuzko kale txukunik ez duen 30 bat etxetako multzo batek osatzen du herriko egitura, eta gainerako auzotarrak nekazaritza-baserrietan sakabanatuak daude, 1716 bizilagun guztira…”[6] (6)

Hala ere, urte horretan bertan, abenduaren 24an, Foru Aldundiak egin eta argitaratutako Gipuzkoako herri eta biztanleen estatistika delakoan, Idiazabalek orduan 1694 biztanle zituela irakurri dugu; 22 pertsonako aldea, aurreko datuekin alderatuz gero[7].(7)

Mende erdi geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, Idiazabalgo herriak 37 etxe zituen hirigunean, eta beste 178 baserri bere eskumeneko mendietan sakabanatuta. Egileak orain adierazten duen bizilagun kopurua 1.424koa da, 292 biztanle gutxiago Pablo Gorosabelen datuen arabera, eta 270 gutxiago 1860. urteko probintziako estatistika hartan adierazten zenarekin alderatuta[8].(8)

Garai hartan, oraindik ere, Idiazabalek sei errota eta beste sei ostatu zituen bere eskumeneko esparruan. XX. mendearen hasieran hiribilduak izan zuen garrantzia gauza ziurra da, baina, beste behin ere, Goierriko herri gehienen antzera, biztanleriaren jaitsiera etengabe horren garrantzia azpimarratu behar dugu.

Idiazabalgo barrutian lau ermita daude: Kurutzetako Ama Birjinarena, San Ignaziorena, San Estebanena eta San Zakariasena, eta garai batean den-denek zuten beren erromeria. Herriko jai nagusiak San Blas egunean ospatzen dira, otsailaren 3an.

Bitxikeria historiko gisa, esan dezagun, XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran arkeologoek frogatu zutenean erromatarren munduak eta kulturak Euskal Herrian izan zuten garrantzi handiaren ebidentzia, Idiazabalgo harrobi batean aurkitu zirela, hain zuzen ere, II. mendeko sei txanpon erromatar 1898an[9].(9)


[1]Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa argitaletxea, 3. argitalpena, 314. eta 596. atalak, 102.,103. eta 162. orrialdeei dagozkienak.

[2] Gudugarreta en la historia de la comarca, 42. orrialdea, L.M. Diez de Salazar historialariaren transkripzioaren arabera.

[3] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 966. orrialdea.

[4] Diccionario Histórico Geográfico de de Guipúzcoa, Idiazabal, Pablo Gorosabel.

[5] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[6] Diccionario Histórico Geográfico de de Guipúzcoa, Idiazabal, Pablo Gorosabel.

[7] Cuadro Estadístico de la Diputación de 1860.

[8] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 964. orrialdea.

[9] El territorio guipuzcoano, elementu erromatarren azterketa, María del Mar López Colom, Marian Gereñu Urcelai eta Mertxe Urteaga Artigas, 152., 154. eta 162. orrialdeak.