ITSASONDO (EUS)

Koldo Mitxelenaren arabera, Itsasondoren etimologia, seguruenik, <isats, itsa(t)s> hitzetik dator: Isasa, Isasaga, Isasbiribil, Isasgarat (Isascarate), Isasmendi (Izazmendi), Isaso, Ichasondo, Isasondo, etab. Mitxelena hizkuntzalariak, zuhurtzia handiz beti bezala, hauxe dio bere azalpen atalaren amaiera aldera: euskal txistukariak abizenen ohiko grafian oker transkribatzeak galarazi egiten du erabaki segurua ematea. Ikertzailearekin zerikusirik ez duten beste iritzi batzuek diote hitz hori <isats, itsa(t)s> hitzetik datorrela, oinarria edo enborra adierazten duen <fondo-hondo> hitz erromantzearen atzizkiarekin, betiere lehen aipatutako zuhaixkarekin lotuta. Egileek gaiari buruz egiten dituzten argudioak askoz zabalagoak direnez, interesa duten irakurleek jo bezate behealdean aipatzen ditugun iturrietara[1].(1)

Auzotarren elkarte txiki bat izanik, Itsasondok bat egin zuen Ordiziarekin 1399ko apirilaren 8ko eskrituraren bidez, eta Itsasondokoen baldintza berberak izan zituzten eskualdeko gainerako herriek ere: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Legorreta eta Zaldibia. Lazkaoko izen handiko zenbait etxek ere horixe egin zuten, batez ere Lazkaoko Jaunarekin izandako ezadostasunen ondorioz. Hastapeneko batasun hura Enrike III.ak berretsi zuen 1402an eta Errege Katolikoek 1492an.

Itsasondok 1615ean erabaki zuen hiribildu titulua erosi eta Ordiziako Batasun hartatik bereiztea. Itsasondok orduan, 91 auzotarreko zerrenda osatzen omen zuen, eta Errege Ogasunari 25.025 erreal ordaindu zizkion, zenbatutako auzo-unitate bakoitzeko ordaindu behar ziren 25 dukat horien kopurua. Esan dezagun erroldatutako 91 auzotar horiek, garai hartan, 500 biztanle inguru izango zirela, gutxi gorabehera. Probintziako herri bakoitzeko diru-sarreren eta ordainketen banaketa egiterakoan, Itsasondok soil-soilik 12 su zituen[2].(2)

Urte hartako azaroaren 23an sortu zen Oria Ibaiko Batasuna, Itsasondon, hain zuzen ere, hasiera batean Arama, Altzaga, Gaintza, Legorreta eta Zaldibia herriekin. Lehenago ikusi dugunez, hiribildu berrien elkarte horrek zintzo eta nahiko luze iraun zuen, 1856. urtera arte indarrean egon baitzen[3].(3)

Ychassondo-k, horrela idatzirik agertzen baita garai hartan Itsasondo, 24. aulkia zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak egindako taularen arabera. Itsasondoren eserlekua Mutiloko eta Legorretako ordezkariek zituztenen artean zegoen[4].(4)

Pablo Gorosabelek dioenez, Itsasondok 623 bizilagun zituen 1860an. Beste hau ere badio:

“…ez du taxuzko kalerik, etxe-multzo bat besterik ez baitu mendian, eta beste bakan batzuk ere bai, udaletxearekin eta plazarekin, behealdean…”.

Gorosabelek ematen duen biztanle-kopurua bat dator, kasu honetan, 1860ko Diputazioaren Estatistika Koadroak eskaintzen duenarekin[5].(5)

Mende erdi geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, Itsasondoko hiribilduak bizilagun gutxiago zituen, 569, eta honela zegoen banaturik: 43 etxe zituen hirigunean eta beste 20 baserri bere eskumeneko mendietan sakabanatuta[6].(6)

Garai batean bi ermita zeuden Itsasondon, bat Gurutze Santuari eskainia, Isasaga familiaren baserri armarridunaren ondoan, gaur egun desagertuta dagoena; bestea, basilika mailakoa eta San Joan Laterangoari eskainia, fundazio partikularrekoa da, geroago ikusiko dugunez. Basilika zaharra 1862an eraitsi zen Compañía Norte del Ferrocarril enpresaren trenbidearekin, hain zuzen ere eliza hura trenbideko errailen erdian kokaturik zegoelako. Garai hartan, basilika hori egon zen zelaira sartzeko, 1863ko trenbidearen ondoren bide-zorra zela eta mantendu egin behar izan zen bide bat erabiltzen zen, nahiz eta basilika hori eraitsia egon; gaur egun, bada, oraindik ere hantxe dago bide horren zati bat, trenbide azpiko tuneltxo batetik igarotzen dena, Ordiziatik etorrita Itsasondoko sarreran, gutxi gorabehera Sarasola familiaren txaletaren parean, hura baino pixka bat aurrerago. San Juan auzoan ikusten dugun egungo basilika geroago eraiki zuten, jatorrizkoa bota ondoren.

Pedro Bahamondekoa eta Juana Gazteluzarrekoa eta Zeberio, garai batean Ordiziako “Gazteluzar” etxeko (gero Ibarbia etxea) bizilagunak eta jabeak, San Joan Laterangokoaren Basilikako Patronatua bere pribilegio eta betebehar guztiekin bizirik mantendu zuten azken ondorengoak izan ziren. 1864. urtean, Elizaren burokraziak salbuetsi egin zituen San Joaneko baserri berri hori, Done Jakue bideko erromesaldia eta antzeko beste erromeria batzuk egiten zituzten erromes pobreen babesleku gisa mantentzeko betebeharretik. Hala egin zuten diru kopuru bat ordaindu ondoren. 1550ean Antonio Mendiolakoa eta haren ilobak, Juan eta Pedro Berastegikoak, eratu zuten, lehenak eginiko testamentuaren arabera. Azken iloba hori, Pedro Berastegikoa, izan zen, lau urte geroago Erromako Bulda hura lortu zuena. Gaiari buruzko datu gehiago, behean, orrialdearen behealdean, adierazi ditugun iturrietan daude[7].(7)

Beste bitxikeria bat bezala, esan dezagun badela Itsasondoko grabatu baliotsu bat ere. Bere garaian argitaratu genuen haren kopia, eta han urrutira ikusten da San Joan Laterangokoaren basilika zahar hura. Grabatua, Gustave Doré marrazkilari frantses handiak egin zuen bere garaian, eta, hain zuzen ere, Charles Davillier eta Gustave Doré bidaiari ospetsuek, Altsasutik Donostiara egin zuten ibilbidea gogora ekarriz, Dorék marrazkia egin zueneko data hurbiltzen duen datu bat ematen dute, orduan aprobetxatu ezin izan zuten trenaren abantaila ekonomikoei dagokienez, honako hau adierazten baitute:

“Duela 10 urte, 1863ko apirilean, 81 erreal ordainarazi zizkiguten Altsasutik Beasainerako bidea, Espainiako lau legoa baino zerbait gehixeago, zalgurdian egiteagatik, trenean lehen klaseko prezioa baino 10 aldiz gehiago”[8].(8)

Datu hori oso baliagarria da, Altsasu-Beasain tartea ez baitzen 1864/08/15era arte erabiltzerik izan, eta horregatik Davillierrek eta Dorék ezin izan zuten bere garaian zati hori Beasaineraino trenez egin. Litekeena da, halaber, gaua Beasainen igaro izatea, orduan eraiki berria zen geltokiko Yurrita ostatuan (gero Urteaga izan zena), baina ez dugu horri buruzko daturik aurkitu.

Itsasondoko jairik garrantzitsuenak abuztuaren 15ean ospatzen dira, Jasokunde egunean.


[1]Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena,Txertoa argitaletxea, 3. argitalpena, 337. eta 491. atalak, 107., 108., 139. eta 140. orrialdeak.

[2] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Itsasondo, Pablo Gorosabel.

[3] Los pueblos de Guipúzcoa, La Unión del Río Oria” atala, Javier Maria Sada.

[4] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[5] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Itsasondo, Pablo Gorosabel.

[6] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 968. orrialdea.

[7] Santa Ana 2004, La Basílica de San Juan de Letrán, Martin Garcia Garmendia.

[8] Beasain 1900-2000, ehun urteko historia irudietan, Fernando Laborde Abásolo eta Martín Garcia Garmendia.