LAZKAO (EUS)

Adituak zerbaitetan ados badaude, Lazkaoren antzinatasunean da, XI. mendetik jada aipatzen baitute dokumentuetan, hain zuzen ere 1053. urtetik, jende askok ezagutzen duen moduan. Elena Barrena katedradunak, Origenes de una Comunidad lanean X-XII. mendeetako Lazkaori dagokionez dio, 1053an Durangoko kondeek hainbat dohaintza egin ziotela Elorrioko San Agustin Etxebarriako monasterioari, eta dohaintza berretsi zutenen artean pertsona aipagarriak zeudela, besteak beste, Eneko López Lazkaokoa (“Eneco Lupiç de Laçkanu”) delakoa, eta, harekin batera, Gomez Fortuniz Ormaiztegikoa eta Nanuso Narriatez Loinazkoa (“Gomiç Fortuniç de Formaiçtegi” – “Nanuso Narriateç de Lohinaç”). Hasierako iturrien datuak Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan azaldu eta zabaltzen dira[1].(1)

Ez dugu ezer aurkitu Lazkao hitzari buruz Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren Apellidos Vascos lanaren hirugarren argitalpenean. Hala ere, Elena Barrenak zera dio Lazkao hitzaren egungo egituraketari buruz: Lazc– erroak eta –anum atzizki latinoak osatzen dute hitza, atzizki horren bilakaera –ano izan delarik gaztelaniaz eta –ao euskaraz. Atzizki hauek Euskal Herrian ugariak direla ere esaten du[2].(2) Eta guk, gure aldetik, hor utziko dugu.

Gugandik gertuko kolazio batzuek, hala nola Lazkaok edo Arriaranek, non eskubide guztiak zituzten ahaide nagusiak beren oinetxeetan bizi baitziren, hain eragin zuzenik ez zuten Gipuzkoako beste herri batzuek ez bezalako bidetik jo zuten. Lehenengoak leku bakoitzeko Jaunaren lurretan bizi ziren biztanleak ziren, horrek esan nahi zuen aldeko eta kontrako ondorio guztiekin, eta horrek, ezbairik gabe, beren eguneroko bizitza, horren eragin zuzena ez zuten beste leku batzuetako bizilagunen aldean, desberdina izatea eragiten zuen.

1350. urtean, Lope Garcia Muruakoari Lazkaoko jauna esaten zioten letra larri eta guzti. Murua delako hori gerrari lotutako jaun bat zen, bere osteak eskaintza onena egiten zionari ematen zizkiona, batzuetan Nafarroako erregeari eta beste batzuetan Gaztelakoari. Bien basailu zela aitortzen zuen, eta beren zerbitzuengatik ordainketa batzuk jasotzen zituzten, dirutan edo salgaietan. Ez zen erraza izango herri bereko etxe independente batzuetako jaunekin bizitzea.

Lazkao, Arriaran eta abarren inguruetan lehen hiribildu zaharrak beren foru eta guzti sortu zirenean, Segura edo Ordizia esaterako, handik gutxira hainbat kolazio elkartu zitzaizkien, batez ere segurtasun fisiko eta juridikoagatik. Urte asko zeramatzaten beren etxe eta herrietan gehiegikeriak eta bidegabekeriak jasaten. Gure eskualdeko herri batzuk Segurarekin elkartu ziren 1384an eta Ordiziarekin 1399an. Pixkanaka aldaketa bat sortzen ari zen, nahiz eta mende erdia baino gehiago behar izan zuen gauzatzeko. Azkenik, aldaketa gertatu zen zenbait bandotako jauntxoen etxeetako dorreak suntsituz eta jauntxoetako batzuk erbesteratuz, baina laster itzuli ziren eta “elkarrekin bizitzen ikasi zuten”; gehienetan, ordea, modu batera edo bestera agintzen jarraitu zuten, baina oraingoan hiribilduek zituzten foruetatik eta pribilegioetatik sortutako agintari berri haiekin batera.

Hori oso ondo islatzen da ondorengo gertakari honetan; Lazkaoko Kontzejua Areriako Alkatetza Nagusiko kide izan arren, non Lazkaoko eta Arriarango etxeetako jaunek ere probestu gisa parte hartzen zuten, Lazkaoko etxe garrantzitsu eta independente batzuek ez zuten zalantzarik izan Areriako Alkatetza Nagusitik banantzeko, horrek zekartzan ondorio guztiekin, eta gertuko Ordiziarekin, orduko “Villa Franca” delakoarekin, bat egiteko. Banandutako etxe haiek ez zuten zalantzarik izan “beren kabuz” bat egiteko 1399ko apirilaren 8an Ordiziarekin elkartu ziren herriekin. Banandutako etxeak izan ziren, Maiz aundia Lazkaomendi inguruan, bi Iztuetak, Ibarrolaburu, Intxaurrondo, Izagirreren bi etxeak eta Garmendiarena, azken hauek guztiak beheko haranean kokatuak. Eta horrela funtzionatu zuten ia bi mende eta erdian, 1648ko otsailaren 16an banatu ziren arte[3].(3)

Lazkao bere baitan hartzen zuen Areriako Alkatetza Nagusiaren ordezkariak, 15. aulkia zuen Batzar Nagusietan, Korrejidorearen eskuinaldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako taularen arabera. Ordezkari haren aulkia, Sayazko Alkatetza Nagusiaren ordezkariak eta Batzar horietako idazkariak eta lehendakariak zituzten aulkien artean zegoen[4].(4)

1862an, Pablo Gorosabelek honako hau zioen Lazkaoko biztanleei eta etxeei buruz:

“Herriko erdigunean 43 etxe daude, eta handik kanpo beste 73 nekazaritzakoak. Guztira 1079 biztanle ditu, 187 familiatan banatuak”.(5)

Gorosabelek beste datu bat ere ematen du, eta, ezaguna izan arren, gure ustez interesgarria ere bada, izan ere, gaur egun inork ez baitaki ziur non egon zitekeen dorretxe hura. Hauek dira Lazkaotarren jatorrizko dorretxeari buruzko paragrafo bitxiak:

“Izen bereko oinetxe zaharra, zeinaren zimenduak 1854an aurkitu baitziren, herriaren erdian zegoen, ibaiaren ondoan, eta Gipuzkoako Ermandadeak eraitsi zuen 1457. urtean, Enrike IV.aren aginduz”[5].(5)

1860ko abenduaren 24ko Gipuzkoako herri eta biztanleen estatistikaren arabera, Lazkaok 1069 biztanle zituen[6].(6) Ez dakigu nondik sortu den Gorosabelek adierazitako kopuruarekiko alde hori.

Mende erdi geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, Lazkaoko herriak 121 eraikin zituen, eta horien erdiak, gutxi gorabehera, hirigunea osatzen zuten, Lizarraustiko mendatetik igarotzen zen Laskaibartik Nafarroarako errepide berrian zehar. Garai hartan, 1.176 bizilagun zituen guztira[7].(7)

Lazkaoko esparruan hiru ermita daude oraindik, hala nola, San Prudentziorena, San Joan Ebanjelariarena Zubierreka inguruan eta San Joan Ante Portam Latinam izenekoa Lazkaomendi auzoan. Lazkaoko multzo historiko-erlijiosoa garrantzitsuenetako bat da Gipuzkoan. Herriko jaiak apirilaren 28an ospatzen dira, San Prudentzioren omenez.


[1] “Las primeras citas” atala, 24-29 orrialdeak eta beste batzuk. Iturriak: Andrés Eliseo de Mañaricua, Scriptorium Victoriense, 4-pp. 304/325. – B.R.A.H. – 3. liburukia, III. koadernoa, 1883. urtea, 202-208 orrialdeak, Fidel Fita.

[2] Orígenes de una comunidad, Lazkao atala, 10. orrialdea, Elena Barrena.

[3] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 973. orrialdea.

[4] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula,  Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[5] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Lazkao, Pablo Gorosabel.

[6] Cuadro Estadístico de la Diputación de 1860.

[7] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 971. orrialdea.