MUTILOA (EUS)

Koldo Mitxelenak honako hau dio hitz honi dagokionez: kasu batzuetan –oa amaiera –ola amaieraren aldaera bat da; zehazki, bukaeran –l (-ll) duten hitzen erroei lotzen zitzaienean; kasu horretan, disimilazioz azken kontsonantea galdu egiten da; adibide gisa jartzen ditu: Apalloa, Arbeloa, Astarloa, Epeloa, mutiloa (mutil), Negueloa, Zamalloa. Jarraian, Azkueren teoria aipatzen du. Teoria horrek atzizki modura ikusten du –(k)oa amaiera, eta gutxi gorabehera lurralde esan nahiko luke izen geografikoetan; hala nola Aezkoa, Amezkoa, etab. Mitxelena maisuak esandakoa kopiatu besterik ez dugu egin, eta, beti bezala, irakurleei egilearengan jotzeko aholkatzen diegu informazio gehiago lortzeko[1].(1)

Gauza bat zuen garai batean Mutiloak, gaur egun ere garrantzi handia duena: ura. Horregatik, bost irin-errota ere izan zituen antzina, bere eskumeneko landa-eremuetan sakabanatutako hainbat etxe-multzotan. Zenbait toponimo, Lenkaran, Urbizuaran, Murgiondo, Ergoiena, Elbarrena, Artalamalastergi, Liernia, eta abar, aspalditik dira izen eta leku garrantzitsuak Mutiloko bizilagunen artean.

Leku edo kolazio txiki bat izanik, Mutiloa ere Segurako hiribildu zaharrarekin elkartu zen, inguruko beste herri txiki batzuk bezala, 1384ko apirilaren 15ean egin eta sinatutako elkartasun-eskrituraren bitartez. Agiri hori berretsi egin zuen geroago Juan I.a erregeak Avila hirian, 1387ko otsailaren 2an. Eskualdeko beste herri batzuei gertatu zitzaien bezala, Enrique III.ak ere berretsi zuen gero Madrilen bat egite hura, 1393ko abenduaren 13an. Bat egindako gainerako herrixkek 1384an sinatu zuten baldintza beretan elkartu zen Mutiloa Segurarekin[2].(2)

Soil-soilik une hartan bizi izango zen tentsio politikoa erakusteko, ikus dezagun Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan esaten genuena, zegokien kapituluan herri hauek jatorrizko hiribilduekin egindako elkarte haiek aipatu genituenean:

“1387 aldera, Ahaide Nagusien gerra ia-ia hasi berria zen. Beren foruak zituzten hiribildu berriak sortzea, Ahaide Nagusi haiek gaitzesteko modu politikoa izan zen haiei aurre egin gabe, boterea kenduz eta, aldi berean, Ermandadearena handituz”[3].(3)

Horrela egon zen Mutiloa 1615. urtera arte, orduan eskuratu baitzuen hiribildu titulua Gipuzkoako beste herri batzuen modura, Hernando de Ribera lizentziatuak zenbatutako bizilagun bakoitzeko 25 dukat ordainduz. Mutiloarrek berehala sortu zuten hiribilduen arteko beste batasun bat, lau urtean behingo Batzar Nagusietan, hamaika egunez jarraian egiten ziren biltzar eta bileretara joategatik sortzen ziren berebiziko gastuak guztien artean banatzeko. 1617ko apirilaren 4an, Mutiloko, Zeraingo, Ormaiztegiko, Astigarretako eta Gudugarretako hiribildu berriek Joan Lopez Arregiko izeneko bati ahalmena eman zioten, “San Esteban ibaiko batasuna” elkartearen  izenean, probintziako Batzar Nagusietan beraien ordezkari izateko.

Eta horrela egon ziren hogei urtez hiribildu berri horiek 1637. urtera arte. Urte hartako apirilaren 14an, Lierniko ermitan elkarturik, herri horiek eta Zegamak elkargo berri bat osatu zuten, azken herri horren izenarekin. Hori egin zutenean, Juan Chacón eta Ponce de León zen Gipuzkoako Korrejidorea[4].(4)

Zegama buru zuen “Zegamako Batasuna” izeneko elkarte berri horrek, Mutiloko, Zeraingo, Astigarretako, Gudugarretako eta Ormaiztegiko herritarrak elkartzen zituen. Zerain 1662an atera zen elkargo horretatik Legazpirekin bat egiteko. Astigarretako, Gudugarretako eta Ormaiztegiko hiribilduek gauza bera egin zuten 1679an, Areriako Alkatetza Nagusiarekin elkartzeko. 1691n, Mutiloa Idiazabalgo hiribilduarekin elkartu zen, eta, 1725ean, aipatutako Zegamako Batasuna desegin egin zen[5].(5)

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Mutiloari 25. aulkia zegokion Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Taularen antolaketan, Mutiloko ordezkariaren aulkia, Zeraingo eta Itsasondoko hiribilduetako ordezkariek zituztenen artean kokatuta egongo litzateke; azken herri horri dagokionez, taula horretan Ychassondo idatzita ageri da[6].(6)

Gorosabelek honako hau zioen Mutiloari buruz 1862an:

“Hiribilduaren egitura, kalerik gabeko etxe-multzo txiki bat besterik ez da, kontzejua, apaizetxea, plaza eta eliza dituela; gainerakoan, han-hemenka sakabanatutako nekazaritza-baserriak daude, eta azken biztanleria-erroldan 517 bizilagun zituen”[7].(7)

Hala ere, 1860ko abenduaren 24an egindako Gipuzkoako herri eta biztanleen estatistikan ikus dezakegunez, egoera-orri horren arabera Mutiloak 523 biztanle omen zituen, Gorosabelek adierazitakoak baino sei pertsona gehiago[8].(8)

Hurrenez hurreneko 1862ko eta 1860ko azken datu horiek baino mende erdi geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, Mutiloak 583 biztanle zituen, zeinak parrokia ondoko herriguneko 12 etxeetan eta mendietan sakabanatutako beste 68 baserrietan bizi baitziren[9].(9)

Mutiloan ez da ikusten Goierriko beste herri txiki batzuetan ikusi izan dugun jaitsiera demografikorik, kontrakoa baizik, biztanleria hazi egin baitzen, 66 pertsona gehiago Gorosabelek emandako datuen arabera, eta 60 pertsona gehiago Foru Aldundiak egindako estatistika kontuan hartuz gero. Hori guztia mende erdian bakarrik, 1860/1862tik.

Biztanleriaren handitze hori, Mutiloko esparruan eta ondoko Zeraingoan zeuden burdin meategiek artean zuten indarraren ondorio da ezbairik gabe. Lekanburuko zainek eta inguruko beste batzuek zerikusi handia zuten igoera demografiko horretan, baina Ignacio Iparragirrek, Cinco villas del alto Goierri liburuko Mutiloko atalean, meategietara lanera etortzen ziren jende ibiltari horiei buruz zioen bezala:

“…pasadizoko jendea zen, Mutiloarren artean bertakotzen ez zena, Zerainen gertatzen zen bezala…”

Egile horrek berak dio, halaber, “etorri” berri horietako gehienek aski zutela lotarako lekua izatearekin. “Aterpetxeak” edo meatzariei alokatzen zizkieten gelak nabarmen gehitu omen ziren[10].(10)

Mutiloko herriko jaiak ekainaren 29an eta 30ean ospatzen dira. Mutiloko esparruan dagoen Lierniko ermita ezagunak, berriz, irailaren 8an ospatzen du bere jaieguna.


[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 472. atala, 135. orrialdea.

[2] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Mutiloa, Pablo Gorosabel.

[3] Gudugarreta en la historia de la comarca, Anexiones a Segura kapitulua, 55. orrialdea.

[4] Ibidem., Poder de Representación kapitulua, 171. eta 172. orrialdeak.

[5] Las Poblaciones de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.

[6] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[7] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Mutiloa, Pablo Gorosabel.

[8] Cuadro estadístico de Guipúzcoa de 1860, Foru Aldundiak argitaratua.

[9] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 866. eta 867. orrialdeak.

[10] Cinco villas del alto Goierri, Donostiako A.K.M., Ignacio Iparragirre, 86. eta 87. orrialdeak.