OLABERRIA (EUS)

Badirudi hizkuntzalariak ez direla guztiz ados jartzen hitz honen etimologiari dagokionez ere, ondoren ikusiko dugun moduan. Mitxelenaren arabera Ol(h)a burdingintzako lantegiarekin loturik dago; baina, era berean, garai bateko Erronkariko eta Zuberoako euskalkietan, (ola) horren O-aren gainean tileta idatzita, “txabola” ere esan nahi omen du, behean aipatzen diren iturriek diotenaren arabera, eta hala agertzen da zenbait abizenetan: Artola (*ardi-ola), Vildosola, eta, seguruenik, Antzuola (an(t)zu, umerik ematen ez duena); Olaalde (Olalde), Olabarria, Olabarrieta, Olabe (Olabee çahar toponimoa, Bizkaia, 1053. urtea), Olaberria, Olaberriaga, Olabarrieta, Olabiaga, Olabide, etab[1].(1)

Lehenago bezala, oraingoan ere irakurleei gomendatzen diegu jotzeko egile honengana eta beste batzuengana, hala nola, W. Giese, A. Yrigaray, P. Lhande edo Gorostiaga, bai eta antzinako dokumentu zaharretako aipamenetara ere: Orreaga, Leire, Irantzu, etab. Irakurleren batek hitz horiek aztertu edo horiei buruzko informazio teknikoa zabaldu nahi badu, orriaren behealdean aurkituko du iturri horiei buruzko informazioa[2].(2)

Lehen biztanleak lanean eta artzaintzan aritu izan ziren leku bukoliko honen jatorrizko izenari dagokionez, ia denek dakite ZEBA esaten ziotela, eta hitz jakin batzuen etimologia aztertzen denean batzuetan gertatzen den bezala, hitz horren esanahia zehazterakoan ere gauzak ez daude oso argi. Kasu zehatz honetan, Ignacio Alustiza egilearen lerro labur hauek bakarrik aipatuko ditugu, honako hau dionean:

“… batzuek Sel errotik datorrela diote, esnea jezteko edo ilea mozteko azienda bildu ohi den itxitura edo artegitik; beste batzuek, berriz, abereak abaroan egon ohi diren Zelai edo Zelan errotik…”

Egile horrek, halaber, halako euskarri bat duen argudio bat ere aipatzen du jarraian, hitzaren azken esanahi horren alde esaten baitu Olaberrian oraindik ere bizirik dagoela hitz hori:

“…Zeba-zelai izena, gaur egun ere hirigunetik hurbil dagoen lursail baten izena”[3].(3)

Olaberria ere Areriako Alkatetza Nagusiaren barne egon zen garai batean, baina beti bere jurisdikzio-barruti bereiziarekin eta ekonomia-administrazio independentea zuela, halako moldez, non udala izendatzeko ahalmena baitzuen. Kasu honetan, Lazkaoko jaurerria hurbil egoteak eta Infanterriko duke boteretsuak Alkatetza Nagusi horretan izan zuen eraginak zerikusi handia izango zuten segur aski herrien arteko elkarte horren erabakietan, izan ere, Olaberriko parrokiaren babesa ere Lazkaoko etxe horren esku baitzegoen antzina-antzinatik. Alkatetzari dagokionez, berriz, Olaberriak hitzarmen bat zuen Lazkaoko hiribilduarekin, eta era horretan sei urtetik behin Olaberriko kolazioak izendatzen zuen alkatea eta beste bostetan Lazkaok[4].(4)

Herrien arteko elkarte modura Areria hitza antzina-antzinakoa dela ez dago zalantzarik, 1027ko agirietan jadanik aipatzen baita, lehenago esan dugun bezala; eta aipatutako paper-sorta zaharrenen artean, elkarte horren barruan zeuden Lazkaoko, Olaberriko, Itsasoko eta Arriarango bizilagunak. Geroago, Gabiria, Zumarraga eta Ezkio elkartu ziren Areriako elkargo horrekin, nahiz eta hirurak banandu egin ziren 1661ean. Astigarretako, Gudugarretako eta Ormaiztegiko hiribilduak, aldiz, 1679an elkartu ziren Areriako Alkatetza Nagusi horrekin[5].(5)

Olaberria Lazkaorekin era horretan elkartuta egon zen 1804. urtera arte, herriaren historian irakur daitekeen bezala. Lazkaoko hiribildu horretatik independentzia osoa lortzeko prozesua, Olaberriako bizilagunen aldekoa izan zen azkenean, kasu honetan, 1804. urte horretan, Gaztelako Errege Kontseiluak emandako Errege Ahalmenaren ondorioz[6].(6)

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Areriako Alkatetza Nagusiak egiten zituen Olaberriko herritarren ordezkari lanak, Elkarte hori aipatzean adierazi dugun bezala. Elkarteari, kasu honetan, 14. aulkia zegokion Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Taula horren osaeran, aulki hori Sayazko Elkartearen ordezkariak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako idazkariak, Batzar Nagusi horietako presidentearen ondoan zegoenak, zituztenen artean egongo litzateke[7].(7)

Olaberriko herriari eta bizilagunei dagokienez, Pablo Gorosabelek honako hau zioen 1862an:

“Herriko multzo nagusian sei etxe besterik ez daude, kontzejua, apaizetxea eta benefiziaduarena barne, eta gainerakoan herriko lurretan sakabanatutako baserriak daude. 1860ko erroldaren arabera, herriak 466 bizilagun ditu, 81 (sic) etxetan banatuta”[8].(8)

1860ko abenduaren 24an egindako Gipuzkoako herri eta biztanleen estatistika delakoan, egoera-orri horrek ere aurreko paragrafoan Pablo Gorosabel historialariak aipatutako biztanle kopuru bera ematen dio Olaberriako herriari[9].(9)

1860ko azken datu horiek baino mende erdi geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, Olaberriak 521 biztanle zituen, parrokia ondoko herrigune txikiko zazpi etxeetan eta bere eskumeneko mendietan sakabanatutako beste 49 baserrietan bizi zirenak[10].(10)

Kasu honetan ere, Olaberriak 55 biztanle gehiago dituela ikusten da. Hala ere, bada bat ez datorren zerbait, izan ere, Gorosabelen eraikuntzei buruzko datuei kasu eginez gero, 81etik 56ra jaitsi baitira. Egile horrek, kasu honetan, etxeak aipatzen dituen lekuan familiak aipatu behar zituela iruditzen zaigu.

Olaberriko jaiak, denek dakiten bezala, ekainaren 24an ospatzen dira, San Joan Bataiatzailearen egunean. Garai batean, olaberritarrek erromeriak ere egiten zituzten ekainaren 24an eta abuztuaren 29an, herriko lurretan dagoen Gurutze Donearen ermitara.


[1] Luchaire, Etudes sur les idiomes pyrénées, 155, Gorostiaga, Zumarraga 3, 68.

[2] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 483. eta 134. atalak, 137., 138. eta 67. orrialdeak.

[3] Olaberria, Ignacio Alustiza, 18. orrialdea.

[4] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, Olaberria, 981. orrialdea.

[5] Las Poblaciones de Guipuzcoa, Javier Maria Sada.

[6] Historia de Olaberria desde sus orígenes hasta 1804, Juan Carlos Mora Afán.

[7] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[8] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Olaberria, Pablo Gorosabel.

[9] Cuadro estadístico de Guipúzcoa de 1860, Foru Aldundiak argitaratua.

[10] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, Olaberria, 980. orrialdea.