ORDIZIA (EUS)

Hizkuntzalariek urte asko daramatzate Ordizia hitzaren esanahiari eta jatorriari buruzko etimologiak proposatzen. Mitxelenak oso modu laburrean azaltzen du: -ia amaiera ohikoa da, batez ere –(t)zia eran (Erdocia, Erquicia, Nobezia, Ordicia, Ulacia); –ya amaiera ere ohikoa da bokal baten atzetik (Zendoia, Zozaya). Egile horrek berak dio, halaber, kasu gehienetan –a artikulua dela; lehenengo adibide horietan, beharbada –tza, -tze atzizkien aldaketa izan omen daiteke[1].(1)

Gure aldetik, hain gai tekniko eta zehatzei buruzko ezjakintasunetik abiatuta eta kontuan harturik Euskal Herrian eta baita Gipuzkoan ere erromatarren presentziari buruz gaur egun dauden ebidentzia arkeologiko ugariak, Euskal Herriko toponimo batzuei buruzko jatorri latindarreko proposamenak maiz aipatzen dituztenak, asko gustatu zaizkigu Valeriano Yarza Urkiola filologoak gugandik hurbil dauden hitz batzuei buruz egindako azterketa linguistikoak.

Ordizia izenaz ari garela, egile hori bere azalpenetan askotan bat datorrenez Mitxelena, Salaberri, Hirigoien, Gorrotxategi eta ospe handiko beste hizkuntzalari batzuekin, gaian interesa duten irakurleei, toponimo horri dagokionez, egile horrengana ere jotzeko aholkatu nahi diegu. Gaiaren konplexutasunak gainditu egiten gaituenez, berriro ere lehen aipatutako iturrietara bideratu nahi ditugu gure irakurleak[2].(2)

Villa Franca” delakoa (garai bateko Ordizia) Gipuzkoako hiribildu “zaharretako” bat zen. Alfontso X.ak 1268ko uztailaren 30ean emandako pribilegio gurpildunean, beste gauza askoren artean zera esaten da:

“…herri bat egin behar dugu Ordizia deitzen duten leku hartan…”[3] (3)

Ordizia izeneko leku bat izan behar zuen, bada, garai hartan, segur aski Oria ibaiaren ondoan, San Bartolome ermita zaharraren inguruan, egile askok esaten duten bezala. Eta, segur aski diogu, zeren eta Ordiziako antzinako herria San Bartolome ermita horren inguruan zegoela dioten idatzizko erreferentziei dagokienez, kokapen hori aipatzen duen dokumentu bakarra XVI. mendearen hasierakoa baita. Kasu honetan, 1746ko kopia bati buruz ari gara, 1509an Santa Ana Kofradiako Ordenantzak onesten dituen jatorrizko dokumentutik eginikoa, non esaten den:

“… Herdiziako San Bartolome elizaren barruan (gaur egungo ermitan) goiko ganberan elkarturik…”[4] (4)

1399an erabaki zuten Ordizia inguruko herriek “Villa Franca” harekin bat egitea, batez ere Ahaide Nagusi delakoen gehiegikeriei aurre egiteko. Denek dakite herri horiek Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia izan zirela, bai eta Lazkaoko hamar bat etxe garrantzitsu ere; hauek, segur aski, ez zeuden oso ados Lazkaoko jaunek garai hartan Lazkaon zeramaten eguneroko politikarekin. Herri horiek 1615. urtera arte egon ziren Ordiziarekin bat eginik, Felipe III.a erregeak emandako mesedeagatik zegokien ordainketa egin ondoren hiribildu gisa eratu ziren arte.

Ordiziarekin bat egin zuten Lazkaoko etxeei dagokienez, honako hauek izan ziren: Maiz aundi, Lazkaomendi inguruan; Iztuetako biak, Ibarrolaburu eta Intxaurrondo, Izagirreko bi etxeak, eta Garmendia etxea ere bai, azken hauek haranaren behealdean kokatuak. Eta horrela egon ziren ia bi mende eta erdi, 1648ko otsailaren 16an banandu ziren arte[5].(5)

Ordiziari berari dagokionez, aipatu beharra dago 1409ko azaroaren 14an, Juan Amezketakoak Enirio Aralarko larreen gainean izan zitzakeen eskubide guztiak eman zizkiela garai hartan Bozue Nagusiko eta Bozue Txikiko elkarteak osatzen zituzten herriei. Lehenengoan, Amezketa zegoen elkartea osatzen zuten herrien buru, eta bigarrengoan, berriz, Ordizia. Eta horrela utziko dugu gaia orain, gero liburu honetako 23. atalean jorratuko dugulako, hantxe berariaz azaltzen baita Enirio Aralarko Mankomunitatearen historiaren laburpena. 1027. urteaz geroztik agertzen dira agirietan Enirio Aralarko larre horien ustiapenei buruzko aipamenak[6].(6)

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Ordiziak 5. aulkia izango luke Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Taula horretan, Ordiziaren tokia “lehengo hiribilduak edo hiribildu zaharrak” delakoen artean egongo litzateke, urte haietan Bergarako eta Errenteriako hiribilduetako ordezkariek zituzten aulkien artean, hain zuzen ere[7].(7)

Ordiziako hirigune zaharra garai hartako “arbendola” harresitu klasikoa izan zen, gutxi gorabehera azken karlistadara arte, eta lau ate zituen bere puntu kardinaletara begira. Barruan, eskualdeko familiarik garrantzitsuenetariko ordezkari asko zeuden, eta haietako batzuek jauretxeak zituzten bertan, jatorrizko armarri eta guzti; hala nola, Valmedianoko jauregiak (Barrena, baita Infanterrikoarena ere), Zabala, Abaria, Gazteluzar, Muxika, Lazkaibar-Balda, Isasaga, etab.

Ordiziaren eskumeneko esparruari dagokionez, Pablo Gorosabel historialariak dio Ordiziak, ekialdetik, Aramarekin zuela muga, mendebaldetik, Beasainekin, hegoaldetik, Lazkaorekin, eta, iparraldetik, Itsasondoko hiribilduarekin. Era berean, 1862. urtean 1.197 biztanle zituela ere esaten du[8].(8)

Ordiziako harresiz kanpoko eta barruko etxeei dagokienez, 1860. eta 1861. urteetan 86 etxe zeuden harresiz inguratutako esparruan, eta beste 29 baserri ere bai hirigunearen inguruko mendietan sakabanatuta; bi irin-errotez gain, beste 11 etxe ere bazeuden hiribilduko harresitik kanpo, baina aipatutako esparru historikotik gertu. Agirietan herriko errebalak deitzen dituzten eremuetan zeuden hamaika etxe horiek, eta bereziki bertako jabeei zegozkien izenak zituzten:

Mendia etxea; Elosegi etxea (pilotaleku zaharraren inguruan kokatua); Huerta etxea; Villafuerteko markesaren jauregia (Zabala); Cartagena etxea (Garagartzako errebalean kokatua); Etxabeguren etxea (hau ere Garagartzako errebalean kokatua); Eleizegi etxea (hau ere errebal hartan kokatua); Arregi etxea (Garagartzako errebaleko laugarrena); Fosforo-fabrikako etxea (egungo Urdaneta kaleko 8.aren atzean); Goitia etxea; Zubiaurre etxea (“Benta zuri”, Lazkaibarko zubiaren ondoan).

Biztanle kopurua guztiz bat dator Gorosabelek goian aipatzen dituen 1.197 bizilagunekin, eta 246 familiatan banaturik zeuden, 1861eko udal erroldan adierazten den bezala[9].(9)

Mende erdi geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, Ordiziak 2.318 biztanle zituen, zeinak hiriguneko 157 eraikinetan eta landa-eremuko 25 baserritan bizi ziren. Ordurako lantegi indartsua zen S.E.C.M. enpresak zerikusi handia du, garai hartan Beasainek, Ordiziak eta Lazkaok izan zuten hazkundean[10].(10)

Ordiziako herriko jaiak uztailaren 26an ospatzen dira, Santa Ana egunean. Hiribilduak bi ermita ere baditu: lehen aipatutako San Bartolomerena eta San Pedrorena, azken hau, gaur egun, elizako eraikinaren barruan txertatua dagoena.


[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 303. atala, 100. orrialdea.

[2] Iruña-Veleiako eranskinak, II. liburukia, “Notas de toponimia guipuzcoana”, Valeriano Yarza Urquiola, 1.119-1.144orrialdeak  —  Fontes Linguae Vasconum, “Notas sobre toponimia de origen romano en Bizkaia”, Valeriano Yarza Urquiola, 345-384 orrialdeak (Ordizia, 376-377 orrialdeak).

[3] De Villafranca a Ordizia, un camino pleno de historia, Ana Galdos, 265. orrialdea.

[4] Monografía Histórica de Villafranca (1908), Carmelo Echegaray eta Serapio Múgica, 68. orrialdea.

[5] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 973. orrialdea.

[6] Las poblaciones de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.

[7] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[8] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Villafranca, Pablo Gorosabel.

[9] “Aproximación al conocimiento del casco amurallado de Ordizia”, Santa Ana 2012, Martín Garcia Garmendiaren artikulua.

[10] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 988. orrialdea.