Lehenengo, beti bezala, Koldo Mitxelenak esandakoari lotuz, honako hau dio: orma “horma” (latinezko formatik, bormaren aldaera). Adibide hauek aipatzen ditu: Ormaetxea, Ormaondo, Ormazabal; Hormaetxe (a), Hormaegi. Ez da harritzekoa herrialdean Ormaetxea (harrizko hormez egindako etxea), Telletxea (teilak dituen etxea) edo horrelako izenak dituzten eraikuntzak aurkitzea, noizbait herrian edo haranean berezitzat eta bitxitzat hartzen zen zerbait aipatzen dutenak (Julio Caro Baroja, Los Vascos, 147)[1].(1)
Ormaiztegi hitzaren antzinatasunari dagokionez, ikus dezagun nola “…1053an Munio Çanciç kondeak (agian Sancius “Sancho”) eta haren emazteak, Leguntia kondesak, fraide edo mojentzako monasterio bat sortu zuten, San Agustin de Echeverria izenekoa…”[2].(2) Ia mila urte dituen dokumentu horretan, honako hiru izen hauek agertu ziren lekuko eta fidatzaile gisa sinatu zuten pertsonen artean:
“Eneco Lupiz Laçkanu, Gomiç Fortuniç Formaiçtegi, berretsia, eta Nanuso Narriateç Lohinaç, berretsia…”[3] (3)
Labur bada ere, berriro agertzen dira latinarekin lotutako hitz zaharrak. Historialariek inolako zalantzarik gabe baieztatu zuten, beraz, testuinguru horretan, Lackanu gaur egungo Lazkao dela, Formaiçtegi gure ondoko Ormaiztegi, eta Lohinaç, berriz, gure Loinatz, Beasaingo eremu zahar eta interesgarri hori.
Ormaiztegiren eta Seguraren arteko lotura 1384ko martxoaren 22an egin zen, Joan I.a erregeak 1387ko otsailaren 2an eta Enrike III.ak 1393ko abenduaren 15ean berretsiko zuten hitzarmenaren arabera. Ormaiztegi ere, data horretan elkartutako beste herrien antzera elkartu zitzaion Segurako hiribildu “zahar” hari.
Ormaiztegiko lurrek, urte haietan, honako herri hauekin egiten zuten muga: iparraldean, Itsasorekin; hegoaldean, Gabiria eta Mutiloarekin; ekialdean, Idiazabalekin; eta, mendebaldean, Legazpiko eremu zabalarekin.
1615ean hiribildu titulua erosi ondoren, hasiera batean San Esteban Ibarreko Elkartean sartu zen, Gipuzkoako Batzar Nagusietara joateak eragiten zituen gastuak banatzeko, aurreko zenbait ataletan azaldu dugun bezala. 1679an Areriako Alkatetza Nagusiarekin elkartu zen Gudugarreta eta Astigarretarekin batera, nahiz eta lehenago Zegamako Batasuna deiturikoan ere sartu zen 1637an[4].(4)
Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Ormaiztegiri 39. aulkia zegokion Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Taula horren osaeran, Ormaiztegiko aulkia Elduaingo eta Gaintzako hiribilduetako ordezkarien artean egongo litzateke[5].(5) Areriako Elkarteko kide zenean, Ormaiztegik hamaika su zituen Gipuzkoako Batzar Nagusi horietako bozketetarako, probintziako gastuak eta diru-sarrerak banatzerako orduan.
1862an Pablo Gorosabelek Ormaiztegiko herriari buruz ematen duen informazioa nahiko laburra da; historialariak honela dio:
“… herria elizaren inguruan dagoen etxe-talde batez osatua dago, gehienak bakartuta daude, eta, beraz, ez dago inolako kalerik…”
Egile horrek honako hau ere badio:
“…herriko biztanleriaren azken erroldaren arabera, 745 bizilagun ditu lurralde osoan…”[6] (6)
Hala ere, 1860ko abenduaren 24an egindako Gipuzkoako herrien estatistikan, urte hartan 721 biztanle zituela irakurtzen dugu. Ez dakigu nondik etor daitekeen kopuru-desberdintasun nabarmen hori hain denbora laburrean[7].(7)
Mende-erdi geroago, XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasieran, Ormaiztegik 633 biztanle zituen, zeinak elizaren inguruan dagoen hiriguneko ia hogeita hamar bat eraikinetan eta bere eskumeneko mendietan sakabanatutako beste 60 baserritan bizi baitziren[8].(8)
Biztanleriaren jaitsiera nabarmena da, zalantzarik gabe; 112 pertsona gutxiago Gorosabelek esandakoa kontuan hartuz gero, edo 88 biztanle gutxiago Aldundiak 1860an argitaratutako taulari begiratzen badiogu. Nahiz eta “herria aurrerapenaren gurdira igo trenbideari dagokionez”, agian, geroago etorri zen industria hori, alde batera geratu zen une garrantzitsu haietan.
Orduko Ormaiztegiko hiribilduaren hiru ezaugarri berezi, honako hauek izango ziren: 1863/1864ko Iparraldeko Trenaren zubia; garai hartan hiribilduaren izena hartu zuen bainuetxe entzutetsua; eta Zumalakarregi militar karlistaren jaioterria izatea.
Lehenengoari dagokionez, zeinek esan behar zuen halakorik; izan ere, 1861. urtean -zubia eraikitzen hasi zenekoan- 288,275 metroko luzerarekin eta batez beste 32-34 metroko altuerarekin, harlanduzko lau zutaberen gainean jarrita tona asko eta askotako egituratzar metaliko handiko zubibide ikaragarri batek (Madril-Irun trenbidean aurreikusitakoen artean garrantzitsuena eta dotoreena zalantzarik gabe) bere bailara ederra betirako zeharkatuko zuela onartzea “trauma handia” izan bazen ere Ormaiztegiko herriarentzat, ia 150 urte geroago belaunaldi berri gehienek oso modu desberdinean ikusi zuten hura, monumentu handi bat bailitzan, alegia. Bitxia bada ere, Lavalley ingeniari frantsesak asmatutako altzairuzko eta harlanduzko zubitzar handi hura nortasun-ezaugarri garrantzitsuenetako bat bilakatu zen eraikuntza zibilaren alorrean.
Gipuzkoako bainuetxeen modari eta hastapenari dagokionez, bainuetxeak, agian, Gipuzkoako Ilustrazioarekin hasi ziren. Batez ere bere ur eta sendaketa dermatologikoengatik ezaguna eta ospetsua izan zen Ormaiztegiko bainuetxearen historia, 1853an hasi zen. 1855ean, ur haien lehen analisiak egin zituen Sáez Montoyak, garai hartan farmaziako goi-mailako irakasle zenak. Hala ere, 1864ra arte itxaron behar izan zen bainuetxeko lehen eraikina eraikitzeko, eta 1872an beste bat eraiki zen haren ondoan. Ormaiztegiko bainuetxea, hain zuzen ere trenbideko zubiaren azpian kokatua zegoena, Gipuzkoako garrantzitsuenetakoa izan zen, ezbairik gabe, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako urte haietan[9].(9)
Azkenik, Tomas Zumalakarregi aipatuko dugu, Ormaiztegin jaio baitzen 1788ko abenduaren 29an. Francisco Antonio Zumalakarregi errege eskribau osoaren semea zen. Ama, berriz, Maria Ana Imaz Altolagirre zen, Ataungo herrian sustraiak zituena. Elizako ikasketak egiten jarraitzen zuen Iruñean Napoleonen inbasioa gertatu zenean, eta horrek agian bere bizitzaren norabidea aldatu zuen. 1835eko ekainaren 24an, berriz, Zegaman hil zen, bere senide batzuen Mazkiaran barrena etxean. Militar karlista honi buruz hainbeste idatzi denez, ez dugu uste egokia denik orain gai horretan gehiago sakontzea.
Ormaiztegiko jaiak azaroaren 29an ospatzen dira, San Andres egunean, eta santu horren izena du, hain zuzen ere, herriko elizak.
[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 499. eta 554. atalak, 141. eta 151. orrialdeak.
[2] Andres Eliseo Mañaricua, Scriptorium Victoriense, 4 – 304-325 orrialdeak.
[3] B.R.A.H.- 3. liburukia, III. koadernoa, 1883. urtea, 202-208 orrialdeak. Fidel Fita.
[4] Las Poblaciones de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.
[5] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.
[6] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Ormaiztegi, Pablo Gorosabel.
[7] Cuadro poblacional de Guipúzcoa de 1860, Foru Aldundiak argitaratua.
[8] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 868. orrialdea.
[9] Balnearios Vascos, su esplendor, Jose Maria Urkia Etxabe, 226. orrialdea.