PATZUERGO OROKORRA (EUS)

Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorra Euskal Herriko beste mendigune handi batean dago, Aizkorrin, eta Aralar mendian duen ahizpa bikiaren antzeko ezaugarriak ditu, nahiz eta Partzuergo honetan orain ikusiko ditugun Arabako herriek ere parte hartzen duten. Aurrekoak baino azalera txikiagoa du, 220 hektarea besterik ez.

Bi euskal mendietako jabekidetzako esparru horietan ibili nahi dutenentzat, esan behar dugu Enirio-Aralarko Gipuzkoako larreek osatzen duten perimetroak (besteak Nafarroako Errege sailekoak dira), Goierriko lau hiribilduk Arabako beste bi herrirekin batera osatzen duten Partzuergoarenak baino ibilbide perimetral txikiagoa duela, aurreko atalean ikusi dugun bezala, eta orain Partzuergo Orokorra aztertzean berriro ikusiko dugun bezala. Berezitasun horretan zerikusiren bat izango dute Gipuzkoako eta Arabako herri horiek erabiltzen dituzten Aizkorriko, Altzaniako eta inguruetako mendietako orografian ikusten diren gorabeherek eta oztopoek.

Aizkorri-Altzania eta beste izen batzuk ere badituen partzuergo hau, XV. mendearen hasieran sortu zen, orobat, jarraian ikusiko dugunez. Oraingoan, Enrique III.a erregeak lurrak eman zizkiolako 1401ean Fernan Perez Aiarakoa bere basailu arabarrari, Gaztelako kantzelari nagusiaren semea berau, Aiarako haraneko jauna, eta Gaztelako zenbait erregeren korrejidore eta ibar-jaun nagusia. Oraingoan, Juan Amezketa izeneko Gipuzkoako beste basailuari 1400eko urriaren 27an dohaintza egin eta urtebete eskasera eman zituen lurrak.

Kasu honetan, dohaintzan emandako mendi horiek, Gipuzkoako Goierriko herri hauek, Idiazabalek, Segurak, Zegamak eta Zerainek, eta Arabako beste bi hauek, Donemiliagak eta Araiak Zalduondorekin, partekatzen dituzte. Gaztelaniako izen guztiak garai hartako grafia zaharrarekin idatzi dira. Mankomunitate berri honek Altzaniako, San Adriango, Urbiako, Oltzako eta inguruko mendiak hartzen ditu bere baitan, azkenaurreko atal honetako argazki eta planoetan ikusi dugun bezala[1].(1)

Erantsi ditugun plano, marrazki eta ortoargazkietan ikus daitekeenez, honako hauek izango lirateke Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorraren mugak: iparraldean, Zegamarekin egiten du muga; ipar-mendebaldean, Legazpirekin; mendebaldean, Oñatiren eskumeneko esparruarekin; ipar-ekialdean, Gipuzkoako Partzuergo Txikiarekin; ekialdean, bi zati txikitan, Nafarroako Altsasuren eta Olatzagutiaren eskumeneko esparruekin; zati handiago batean, ekialdean eta hego-ekialdean, haien ondoko Ziordiarekin; eta, azkenik, hegoaldean Arabako Araia, Donemiliaga eta Zalduondo udalerriekin. Bi partzuergoek, hala  lurralde aldetik, nola geografikoki dituzten loturek ere azaltzen dute, neurri batean, biek izan zuten sorrera ia berdina, eta data berean gutxi gorabehera. Gero zabalago azalduko dugu, Partzuergo Txikiari buruzko azken kapituluan[2].(2)

Asuncion Urzainki Mikeleiz abokatu eta historialariak, bere Gipuzkoako eta Arabako partzuergoa izeneko ikerlan zehatzean jabekidetza horren sorreraz dioena irakurtzen badugu, honako gogoeta interesgarri hauek ikusiko ditugu 1401ean Fernan Perez Aiarakoari emandako dohaintzari buruz; honela dio egile horrek:

“… Koroarenak ziren Gipuzkoako mendi, mendilerro eta mortu guztiak, niri ezkutatu eta ukatzen zaizkidanak, ezkutatzen dituzten edozein kontzeju edo pertsonengandik hartu eta berreskura ditzazun…”[3] (3)

Historialari horrek honako hauxe eransten du:

“Handik gutxira, Segurako hiribilduak dohaintzan emandako lurrak erosi zituen, Aragoiko zigilua zuten 500 florin urrezkoren eta bi oihal-zatiren truke…” (3)

Salerosketa hartan tartean egon ziren Legazpiko, Idiazabalgo, Zegamako eta Zeraingo herriak ere, 1384. urteaz geroztik denak Segurako hiribildu nagusiarekin elkartuta zeudelako, beste kolazio batzuekin batera. Legazpi Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Nagusitik irteteari dagokionez, egile honek honela adierazten du gertaera:

“1430ean, Legazpik lur-sailaren zati bat bereizi zuen, eta jabe bakar modura gelditu ziren Segura, Zerain, Zegama eta Idiazabal” (3)

Jarraian egileak dio Gipuzkoako herriek Aiarako jaunari dohaintzan eman eta ondoren erositako lurrak kontrolatu nahi izan zituztenean, Arabako Agurainek aurre egin ziola asmo horri, eta, azkenean, jarrera horrek aldeen arteko Adostasuna ekarri zuela, 1430eko azaroaren 16ko azken eskritura eraginez. Horrela sortu zen, beraz, gaur egungo Partzuergo Orokorra, Gipuzkoako lau herri horiek eta Arabako biak biltzen dituena, non partzuergoko herrien zenbatekoak honela geratu baitziren une hartan lehen partaidetza haiei dagokienean:

“Segurak, 60; Idiazabalek, 42; Zegamak, 47; Zerainek, 16; Donemiliagak, 27,5; eta, azkenik, Araiak Zalduondorekin, 27,5” (3)

Auñamendi entziklopedia” entzutetsutik hartutako beste informazio baten arabera, partaidetza horiek aldatu egin ziren gerora, mendiko zuhaiztien salmentari eta partaidetzei dagokienez, eta, beraz, gaur egun, honela banatzen dira 220 zati horiek:

“Segurak, 52,75; Idiazabalek, 49,25; Zegamak, 47; Zerainek, 16; eta gainerako 55ak erdi bana, Donemiliagak batetik eta Araiak Zalduondorekin bestetik…”[4] (4)

Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrean ere hainbat bitxikeria sortu dira denboran zehar. Horietako batek zerikusi zuzena du Otzaurterekin, non, ekialdean, mendateko errepide nagusiaren ondoan, dozena erdi etxe dauden oraindik; etxe horietako biztanleak, ordea, Zegamako bizilaguntzat dituzte euren buruak eta hala hartzen dituzte, ondorio guztietarako, nahiz eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrean bizi[5].(5)

Garai batean Euskal Herrian maiz erabiltzen zen hitza da Partzuergoa, eta oraindik, aipatutako bi partzuergo horiez gain, honako hauek ere aurki ditzakegu: Entzia-goikoa, Iturrietakoa, Entziako Orokorra, Apota-Ubarrundiakoa, Elkartasunarena, etab. Gipuzkoako Partzuergo Txikiaren sorrera ere Gipuzkoako eta Arabako bere ahizpa nagusiarenarekin erabat lotuta egon da, baina hori hurrengo eta azken atalean azalduko dugu, hari buruz hitz egiterakoan[6].(6)


[1] Las poblaciones de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.

[2] Parzonería General de Guipúzcoa y Álava, Nina.Az.

[3] Parzonería de Guipúzcoa y Álava, Asuncion Urzainki, 454. eta 455. orrialdeak.

[4] Auñamendi Entziklopedia, Mendiak, Partzuergoak eta Parke Naturalak, Asuncion Urzainki, Deustuko Unibertsitatea, 2007. urtea.

[5] Zegamako udalak emandako informazioa.

[6] Arabako eta Gipuzkoako Partzuergoak, Ekain taldea, Jesus Maria Garaio Urruela.