PARZONERIA MENOR (EUS)

Partzuergo nagusiaren atalean esan dugu Partzuergo handiaren eta txikiaren arteko lotura geografikoak ere azaltzen duela, neurri batean, bi elkarteak data berean jaio izana. Agurainek (Araba) ezezkoa eman zion, Segura moduko Gipuzkoako hiribildu batek, eremu hartan Arabako larreak administratzeko eskubideak erosi ahal izateari, Segura garai hartan, besteak beste, Legazpi, Idiazabal, Zegama eta Zerain bere baitan zituen elkarte baten buru baitzen. Hori izan zen alde guztien arteko adostasuna negoziatzeko arrazoia, eta azkenean gipuzkoarrek eta arabarrek osatutako Partzuergo Nagusi hori sortu izana; aldi berean, beste partzuergo txikiago bat ere sortu zen Gipuzkoan, baina oraingoan Goierriko herri horiek bakarrik osatutakoa[i].(1)

Arabarrek uko egin bazioten Gipuzkoako herriek Arabako herri-larreak administratzeari, zentzugabea zen, halaber, arabarrek Gipuzkoako lurretan zeuden beste larre komun horietan parte hartzea, Aralarko eta Aizkorriko mendien artean baitago partzuergo txiki hori, nahiz eta gipuzkoarrek eta arabarrek partaidetzan duten ahizpa nagusiak baino azalera txikiagoa izan. Gipuzkoako Partzuergo Txikiak Balankaleku, Gazteluberri eta inguruko mendiak hartzen ditu, den-denak Gipuzkoako herri horietatik hurbil, eta 473 hektareako azalera besterik ez du (4,73 km2).

Era berean, Partzuergo Txiki horrek honako muga hauek ditu: iparraldean, Idiazabalgo hiribildua; ipar-ekialdean, Ataungo hiribildua; hego-ekialdean, Altsasuren eskumeneko lurrak (Nafarroa); hegoaldean, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Nagusia; hego-mendebaldean, Partzuergo Orokor hori bera; eta, mendebaldean, Zegamako hiribildua, den-denak garai bateko grafiaz idatziak gaztelaniaz[ii].(2)

Lehen esan dugun bezala, Partzuergo Txiki honen sorrera bere ahizpa zaharrenaren antzekoa da; beraz, datei buruzko datuak aurreko atalean azaldu ditugunez, ez ditugu hemen errepikatuko. Bitxikeria modura esango dugu, Otzaurte auzoko Partzuergo Nagusiko bizilagunekin eta etxeekin esan dugun bezala, Gipuzkoako Partzuergo Txiki honen barruan, baina Etxegarate auzotik kanpo zeuden bi eraikinetako pertsonak, Idiazabalgo biztanle gisa hartzen zirela ondorio guztietarako, nahiz eta Gipuzkoako Partzuergo Txikiaren barruan bizi izan[iii].(3)

Argitaratu dugun hasierako planoan, non Goierriko eskualdea osatzen duten 22 herriak eta beste hiru larre-mankomunitateak ageri diren, oso ondo ikusten da nola Gipuzkoako Partzuergo Txiki hau, berez, elkarte nagusiko osotasun geografikoan eginiko bereizketa bat dela, baina azken horretatik aparte banandua eta negoziatua, 1430eko azaroaren 16an alde guztiek sinatu zuten Adostasun handi hartan.

Gertaera hori oso ondo azaltzen du Asuncion Urzainki Mikeleiz historialariak Partzuergoei buruzko bere ikerlanean, baina beste era honetara elkarte txikiko partaidetzei dagokienez:

“Guztira 110 zati dituzte. Kopuru berbera agertzen da Partzuergo Txiki edo “Komun txiki”  izeneko elkartea (Gipuzkoako Partzuergoa ere deitzen zaio) osatzen duten lau herrietako partaidetzaren antolaketan ere, elkartea herri-onurako mendien katalogoko 12. zenbakiko mendiaren jabetzaren eta gozamenaren gainean eratu baitzen.”[iv] (4)

Partzuergo Txiki honi dagokionez, ez dugu ahaztu behar horko sailak ere 1401ean Enrike III.ak Arabako Fernan Perez Aiarakoa bere basailuari emandako dohaintzaren barruan zeudela hasiera batean. Gipuzkoako eta Arabako herrien arteko geroagoko negoziazioetan erabaki zen haiek bereiztea, lehen esan dugun bezala, “Gipuzkoako Partzuergo Txikia” eratzeko.  

Kontua da orain jakitea zer parte-hartze ote zuten hasieran lau herriek, eta noiz gertatu ote ziren zati horietan izandako aldaketak. Gaia nahiko korapilatsua denez, Asuncion Urzainki historialariak esandakora joko dugu berriro, Partzuergo Nagusiari buruz jardun ondoren, honela baitio:

“Partzuergoa txikia osatzen duten 110 zatiak ere, aurrekoaren antzeko proportzioan banatu izan dira lau herrien artean (Segura, Zegama, Zerain eta Idiazabal) duela gutxi arte, eta horrek guztiak pentsarazten du banaketa egiteko modu hori antolaera amankomun bati zor zaiola”(4)

Ikerlan horren orriaren oinaldean, egile horrek berak aipatzen du, halaber, Partzuergo Txiki horretako 110 zatiak honela banatzen direla gaur egun:

“Segurak, 52,75 zati; Idiazabalek, 28,25 zati; eta Zegamak eta Zerainek, 19 eta 10 zati, hurrenez hurren” (4)

Orriaren oinalde horretan bertan argitzen da, halaber, Segurako eta Idiazabalgo herrien arteko aldaketa, urte batzuk lehenago bi herri horiek Urtsuaran izeneko auzoaren gainean zuten partzuergoa desagertzean gertatu zela, hain zuzen ere. Ez dezagun ahaztu 1948ko abenduaren 28an Urtsuaran Segurako hiribildukoa izatetik Idiazabalgoa izatera igaro zela, eta gaur egun era horrela jarraitzen du[v].(5)

Guk, gure aldetik, horrela utziko dugu. Gai korapilatsu honi buruzko datu gehiago jakin nahi duten irakurleek jo bezate Parzonería de Guipuzcoa y Alava(Consideraciones en torno a su división en porciones) izenburua duen Asuncion Urzainki egilearen ikerlan dokumentatu horretara.

Historialari horrek berak berretsi egingo ditu gerora Auñamendi Entziklopedian, aipatutako ikerlanean adierazitako kopuruak[vi].(6) Azkenik, esan behar da antzinako herrien arteko elkartze horiek guztiak, oro har, osatzen zituzten herrien orduko kokapenak ondo azterturik egin zirela, batez ere nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-baliabideak ustiatzeari begira, betiere garai hartan lotzen zituzten galtzada zaharrak oinarritzat hartuta. Ez dezagun ahaztu, azken kasu horretan, Gipuzkoako Partzuergo Txikia osatzen jarraitzen duten lau herriak, orduan, beren galtzada zaharren bidez elkarri lotuta zeudela; Segura 5,23 km eskasera zegoen Zegamatik, 2,69 km.ra Zeraindik eta, mendiz, Segurako galtzada zaharretik 2,78 kilometro besterik ez zegoen Idiazabalera


[i] Parzonería General de Guipúzcoa y Álava, Asuncion Urzainki, 454. eta 455. orrialdeak batez ere.

[ii] Gipuzkoako Partzuergo Txikia, osaera-datuak, Joseba Alonso Arratibel.

[iii] Idiazabalgo Udala, urte horietako biztanle erroldak.

[iv] Parzonería de Guipúzcoa y Álava, Asuncion Urzainki, 456. orrialdea.

[v] Idiazabalgo Udalak emandako datuak.

[vi] Auñamendi Entziklopedia, Asuncion Urzainki Mikeleiz.