Koldo Mitxelena ez da askorik luzatzen herri honi buruz hitz egitean, jarraitzen ari garen Apellidos Vascos lanean. Segura aipatzen duen atalean dio, ola atzizkiarekin batera, pertsona-izen gisa agertzen dela, eta, gero, abizenekin eta leku-izenekin ere bai, hala nola, Mirandaola, Plazaola, Segurola edo Sigurola (Segurakoa); eta hor utziko dugu[1].(1) Herrian armarri bat ere badago, Segura izena duena.
Gauza jakina da Segurako hiria Alfontso X.a Jakitunak sortu zuela 1256an. Leintz Gatzagako Errege Bidea egin aurretik, Nafarroako eta Gaztelako erresumetatik Europara bidaltzen ziren salgaietako asko Segurako herriaren behealdetik igarotzen ziren astiro-astiro gurdi astunen gainean. Hiribildua, garai hartan, dotore egongo zen muino haren gainean, XIII. mendearen bigarren erditik aurrera harresiz inguratutako hirigune zaharra zegoen lekuan. Ez dago inolako zalantzarik hiribildu zaharrak omen ziren haiek izan zuten garrantziaz; eta, gure eskualdean, Ordiziakoa eta Segurakoa bakarrik ziren horrelakoak.
Ordiziarekin bat egin zuten herri haietako gehienak 1399an elkartu baziren ere, antzinako Segurak bereganatu zituenak 1384an elkartu zitzaizkion. Elkarketa sinatu zuen lehena Areriako Alkatetza Nagusia izan zen 1384/02/04an eta azkena Mutiloa 1384/04/15ean. Bi data horien artean sinatu zuten bat egitea Legazpik, Idiazabalek, Zerainek, Ormaiztegik, Gudugarretak, Astigarretak eta Zegamak. Auzotasun-eskritura bat zen, aldeek bete beharreko baldintza zorrotzak zituena, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan aipatzen dugun bezala. Bestalde, esan beharra dago Koroaren eskumena zela herri horiei auzotasun-lizentzia ematea, eta hori ez zela iritsi 1387/02/02ra arte, egun horretan eman baitzuen baimena, hiru urte geroago, Joan I.a erregeak[2].(2)
Ordiziak 1409an elkartu bazituen berarekin bat egindako herriak Aralarko mendietako larreak ustiatzeko, Juan Amezketak 1409/11/14an eskubide horiek eskualdatu zituenean, urte batzuk lehenago, 1401ean hain zuzen ere, Segurak ere osatu zuen Altzaniako Batasuna izeneko elkartea. Bere inguruko Idiazabalgo, Legazpiko, Zeraingo eta Zegamako herriekin batera osatu ere. Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Nagusiari buruz ari gara, non liburu honen 23. atalean aipatuko ditugun Arabako zenbait herri mugakide ere sartu ziren.
Seguraren eskumeneko lurrek, XIX. mendearen erdialdera, honako herri hauekin egiten zuten muga, Gorosabelek adierazten duen moduan: ekialdean, Idiazabalekin; mendebaldean, Zeraingo eta Mutiloko hiribilduak zeuden; hegoaldean, Zegamaren eskumeneko lurrekin; eta, iparraldean, Olaberriarekin, 1804an bereizi baitzen Lazkaotik.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Segurari 2. aulkia zegokion Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Koadro horren osaeran, beraz, Segurako ordezkaria “hiribildu zaharrak edo antzinakoak” omen ziren haien artean kokatuko litzateke, urte haietan Tolosako eta Arrasateko ordezkariek hartzen zituzten eserlekuen artean, hain zuzen[3].(3) Hiribildu horien garrantzia eta antzinatasuna, hasiera batean, Gipuzkoan erregeren ordezkari zen Korrejidorearen ondoan zuten kokapenean ikusten da. Tolosak 1. aulkia zuen, Arrasatek 3.a, Bergarak 4.a eta Ordiziak 5.a.
Merezi du ezagutzea Gorosabelek 1862an egin zuen Seguraren deskribapena; honela dio:
“…hiribilduak ondo antolatutako hiru kale ditu, denak harriztatuta eta espaloietan lauzak dituztela, eta eraikinak, oro har, ondo antolatuta daude eta txukun…”
Egile horrek berak beste gauza garrantzitsu batzuk ere esaten ditu, hiribildua nolakoa zen jakiteko; besteak beste honako hauek:
“…hiribildu hau Gipuzkoako garrantzitsuenetariko bat zela adierazten dute bertan dauden oinetxe armarridun eta jauregi ugariek, nahiz eta batzuk oso hondatuta egon, bai eta hogeita lau eskribau oso (notario) eduki izanak ere…” – “Egindako azken erroldaren arabera, 1.531 biztanle ditu”[4].(4)
Mende-erdi baino zerbait geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, Segurak 1.357 biztanle zituen, hiriguneko lau kaletako 94 etxeetan eta hirigunetik kanpoko 91 baserri sakabanatuetan bizi zirenak; baziren beste bakan batzuk, Idiazabalgo beste batzuekin batera, Urtsuarango auzo txikia osatzen zutenak[5].(5) 1948ko abenduaren 28an, Urtsuaran Seguratik banandu eta Idiazabalgo hiribilduarekin elkartu zen.
1860ko abenduaren 24ko Gipuzkoako herrien estatistikak izeneko taulan, Gipuzkoako Foru Aldundiak egun horretan bertan argitaratu zuenean, Segurak 1.531 biztanle dituela diote, kasu honetan, Gorosabelek bi urte geroago esandako kopuru berbera[6].(6)
Mende erdi eskasean, biztanleriari dagokionez Segurak izandako gainbehera oso ondo nabaritzen da hemen ere. 1862an Segurak, artean, 1.531 biztanle bazituen ere, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran 1.357 bizilagun izatera jaitsi zen. Hasiera-hasieratik Iparraldeko Trenbidea Seguratik eta inguruko beste herrietatik ez igarotzeak, eta garai hartako lurreko komunikabide txarrek ere eragin zuten, ezbairik gabe, inguruko industria falta hori, eta, ondorioz, baita biztanleriaren gainbehera ere.
Arkitektura historikoari dagokionez, Gipuzkoako herri eder eta zainduenetako bat da Segura. Agirreburualde, Altzibar, Aldaola, Aranguren, Areizaga, Apaolaza, Arrue, Arrizabalaga, Astigarraga, Azarola, Aurgarate, Berastegi, Estentsoro, Gebara, Egurtza, Lardizabal, Lakedano, Lezeta, Maiora, Guridi, Jauregi, Ondarra, Orendain, Pikasarri, Lartzanguren, Olea, Rezusta, Segura, Zurbano, etab.; horiek bezalako etxe armarridunek, oraindik ere horixe adierazten dute, nahiz eta horietako asko oso egoera kaxkarrean egon[7].(7)
Segurako jaiak ekainaren 24an ospatzen dira, San Joan Bataiatzailearen egunean. Andre Mariaren eliza lehen mailako monumentu arkitektonikoa da bere osotasunean, baita moja frantziskotarren gune historiko-erlijiosoa ere. Segurak bi ermita ere baditu, aspaldidanik: San Andresena eta San Sebastianena.
[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 484. atala, 138. orrialdea.
[2] L. M. Diez de Salazar, Gudugarreta en la historia de la comarca, 42. orrialdeko koadroa.
[3] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.
[4] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Segura, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.
[5] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 877. orrialdea.
[6] Cuadro poblacional de Guipúzcoa de 1860, Foru Aldundiak argitaratua.
[7] Segura, Felix Elejalde eta Juan Erenchun, 65-69 orrialdeak.