URRETXU (EUS)

Herrigunea Irimo mendiaren beheko magalean duela, Mitxelenak honako hau dio Urretxu (berak Urrechu idazten du) hitzaren loturei buruz; honelako proposamena egiten du:

Urr(e)itz, urretx (hurritza): Urreizeta, Urreizti, Urreiztieta; Urrizelki, Urritsaga (Durrizage, Urrusage), Urrizburu (Durrizbure), Urrizmendi (Urruzmendi), Urrizti (Urreztu); Urrestarazu; Urretxaga, Urretxu (Urretxua, Urrutxua), Urrexola (Urrejola, Urrejolaegi, Urrixola), Urrexolabeitia. Urru(t)z, urru(t)x aldaera, berriz, Urruzolan, Urruzunon, etab. Hurraren izena, bestalde, zuhaitza bera izendatzeko ere erabiltzen da (adibidez, sagarra fruitua eta arbola, etab. ); eta hortik Urreta (Urretabizkaia).

Urrea, Urriategi, Urriola eta Urriolabeitiarentzat etimologia desberdina bilatu beharko dela ere esaten du (urri agian?). Agirietan ondo frogatutako Urrexola, gaur egungo Urruxolaren aurrekari argia da; Urruzuno, ordea, ilun samarra iruditzen zait oraindik. Iruñeko 1320. urte inguruko Urrayturri, aldiz, urre preziatutik dator, urra– baitu aurrizki. Gehiago jakin nahi duten irakurleei, beti bezala, behean adierazitako iturrietara jotzeko aholkatu nahi diegu[1].(1)

Eskualdeko lehen biztanleak Santa Barbara izeneko ermita ezagunaren inguruan kokatu ziren, antza, hasiera batean. Urretxuri emandako “hiri-gutuna” 1383ko urriaren hirukoa da, alajaina. Geroago, Gaztelako Joan I.a erregeak berretsi zuen lehenbizi Madrilgo Gorteetan, 1391ko apirilaren 20an, Joan II.ak gero 1420ko apirilaren 12an eta azkenik Errege Katolikoek 1492ko azaroaren 28an[2].(2) Urretxu izan zen, hain zuzen ere, XV. mendea baino lehen Gipuzkoa osatzen zuten lehen 26 hiribilduetako bat.

Urte horretako abenduaren 11n Urretxuri bere hiri-gutuna eman ziotenean, Zumarragako Andre Mariako herritarrak, oraindik kolazio edo parrokia bat besterik ez zirenean, ondoko hiribilduarekin elkartu ziren, eta adiskidetasun-itun bat sinatu zuten betebehar batzuekin eta honako lelo honekin:

“… oraingorako, beste edozein unetarako eta sekula betiko…”

Ia bi urte geroago, urriaren 29an, Ezkioko San Miguelek ere gauza bera egin zuen. Hiribildu berriarekin egindako elkartze goiztiar horiek tirabira handiak eragin zituzten Segurako hiribildu zaharragoarekin, halako eran, non azkenean honek epaitegietara eraman baitzituen. Epaitegien azken erabakia Seguraren aldekoa izan zenez, hiru herri horiek haren eskumenekoak izatera igaro ziren. Azkenik, garai hartako Urretxu hark bere independentzia lortu zuen berriro 1411. urtean.

Irimoko Batasuna deritzon elkarteak mendi ezagun horren izena darama, eta, hain zuen ere, haren behealdean dago Urretxuko herria. 1696. urtean elkartu ziren Antzuolako eta Urretxuko herriak, eta mende erdi geroago, 1745ean adostutako azken hamar urteak igaro ondoren, amaitutzat eman zuten bat egite hura[3].(3)

Hiribilduaren eskumeneko lurren mugak, honako hauek izango ziren orduan: ekialdean, Zumarraga; mendebaldean, Antzuola; hegoaldean, Legazpiko herri zabala; eta, iparraldean, Azkoitia.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Urretxuri 54. aulkia zegokion Korrejidorearen ezkerraldean, edo 11.a haren eskuinaldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Taula horren osaeran, Urretxuko ordezkaria Usurbilgo eta Orioko ordezkariek zituzten eserlekuen artean egongo litzateke urte haietan[4].(4)

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu zuen 1860ko abenduaren 24ko Gipuzkoako Herrien Estatistika izeneko taulan, Urretxuk 989 biztanle zituela ageri da, eta, kasu honetan, guztiz bat dator Gorosabel historialariak bi urte geroago adierazi zuenarekin[5].(5)

Gorosabelek, 1862ko bere Diccionario Histórico-Geográfico liburuan, honela dio, 1916ko uztailaren 2tik aurrera, ofizialki Urretxu (“Villarreal de Urrechu”) deiturikoari buruz:

“…hiriko guneak bi kale nagusi eta plaza bat ditu; eta, horiezaz gainera, udaletxea, alondegia, harategia eta iturri publiko bat…”

Biztanleriari eta hirigunetik kanpoko antolaketari dagokionez, egile honek berak dio herriaren ondoan errebal bat zegoela, eta haren eskumeneko esparru osoan 989 biztanle bizi zirela garai hartan[6].(6)

Mende erdi baino zerbait geroago, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, Urretxuk 1.151 biztanle zituen, eta honela banaturik zegoen: 88 etxe zituen hirigunean, parrokiaren inguruan, eta beste 44 baserri, bere eskumeneko mendietan sakabanatuta[7].(7)

Urretxuk baditu hainbat nortasun-ezaugarri, eta horietako bat, hain zuzen, dituen pertsonaia garrantzitsuen multzoa; orain, horietako batzuk aipatuko ditugu gure irizpide apalaren arabera. Denetan ezagunena, agian, Jose Maria Iparraguirre bardoa izango da, 1820an Urretxun jaioa. Areizagatarren saga zabal eta garrantzitsuan, iragandako denboragatik seguruenik, Juan Areizaga aipatuko dugu, Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen garaikidea eta laguna. Urretxuko Ipiñarrieta ugarietatik, Antonia Ipiñarrieta andrea aukeratzea erabaki dugu, kasu honetan bere eiteak eta Diego Velázquez handiak pintatu izanak eraginda, oso pertsona gutxik lortu baitzuten ohore hori. Azkenik, Gaspar Jauregi, “Artzaia” (1791-1844), aukeratu dugu, egile batzuek dioten bezala: “hiribildu inguruko mendietan artzaina izatetik, Landa Mariskal izatera iritsi baitzen”.

Urretxuren antzinatasuna eta garrantzi historikoa zalantza guztietatik kanpo geratzen dira, baita Irimoren oinean dagoen herri zahar honek sortutako abizen garrantzitsuenetako batzuk ere, hala nola, Areizaga, Atibar, Etxeberria, Elosieta, Erratzu, Galdos, Gerra, Ipiñarrieta, Irigoien, Iturbe, Mendiaraz, Mendizabal, Zabaleta, etab[8].(8)

Urretxuko herriko jaiak Santa Anastasiaren omenez ospatzen dira irailean. Urretxuko esparruan, garai batean, Santa Barbara, Santikutz, San Sebastian eta San Juan Zabaletakoaren ermitak zeuden, eta Santa Martaren santutxoa ere bai. Horietatik guztietatik, gaur egun lehenengo biek bakarrik irauten dute.


[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 484. eta 622. atalak, 138. eta 168. orrialdeak.

[2] Villarreal de Urretxua, ayer y hoy, Iñaki Linazasoro, 20. orrialdea.

[3] Las Poblaciones de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.

[4] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[5] Cuadro poblacional de Guipúzcoa de 1860, Foru Aldundiak argitaratua.

[6] Diccionario Geográfico de Guipúzcoa, año 1862, Urretxu, Pablo Gorosabel.

[7] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 1077. orrialdea.

[8] Caseríos de Guipúzcoa, Iñaki Linazasoro, 366. orrialdea.