ZALDIBIA (EUS)

Mitxelenak honako hau dio Zaldibia izenaren etimologiari buruz: Zaldi (zaldia), Zalbide (1448. urtea), Zalbidea, Zalbidegoitia, Zaldarriaga, Zaldaiz. Ez omen da erraza zaldi duten hitz elkartuak formalki zaldu dutenetatik bereiztea, baina kasu gehienetan osagaia zaldi hori omen da, hala nola Zaldibarren edo Zaldibian.

Era berean, honako hau ere gehitzen du: (h)ibi (ibia)(ikus ubi s.v. u-): Ibia, Ibieta (agian (h)ibai-tik), Ibiri, Ibiriku, Ibiurreta (Iburreta); arribi, Arribiondo, Astibia, Oñatibia, Zaldibia, etab[1].(1) Irakurle interesatuek jo bezate berriz ere orriaren behealdean adierazitako iturrietara, behin eta berriz aipatzen dugun Mitxelena maisuaren informazioa zabaltzeko.

XII. mendearen hasiera aldera, herriaren hastapenak Saturdiko ermitaren ondoan edo Kanpaingo Santa Fe inguruan izan, kontua da eskualdeko beste hainbat kolaziok bezala, Zaldibiak ere 1399an “Ordizia” zaharrarekin bat egin zuela, lehenago eskualdeko beste zenbait herritan azaldu dugun bezala.

Zaldibiaren kasuan, honako hauek izan ziren bere garaian jatorrizko hiribilduarekin elkartzeko ekitaldira joan ziren bizilagun ospetsuak: Martin Martinez Agirre, Joan Zelaia, Joan Araiz, Joan Urreta, honen anaia Martin Urreta, Joan Lopez Zelaia, Fernando Zugasti, Lope Otxoa Karregoien, honen seme Otxoa Karregoien, Lope Irastorza, Maria Pontepereda, Joan Zendoia, Martin Albisu, Pedro Arrue Lizarraga, Martin Anton eta Joan Lopez Aldaiburu. Guzti-guztiak Zaldibiako kolazio txikian bizi ziren auzotar gisa joan ziren; eta, beste hainbat kasutan bezala, bat egite hori Erregeak onartu zuen Tureganon, 1402ko abuztuaren 5ean[2].(2)

Zaldibiaren ezaugarriak direla eta, ez dago zalantzarik urte haietan izan zuen garrantziaz, 1409ko azaroaren 14an Aralarren udako goi larreak aprobetxatzeko hainbat herri legez eta juridikoki elkartu zituen Bozue Txikiko elkargo hartan (Ordiziako Batasuna). Egun hartan, Joan Amezketak eskubide horiek saldu zizkien larre haiek erabiltzen zituzten inguruko herrietako bizilagunei. Seguru asko, Aralarko larre horiek eta Zaldibia kide zuen Intxustiko elkarte txikiarenak hurbil izateak zerikusi handia izan zuen orduan Zaldibiako biztanleen artzain-tradizio historiko horretan.

Zaldibiaren eskumeneko esparruak, XIX. mendearen erdialdean, honako herri hauekin egiten zuen muga, Pablo Gorosabelen arabera: ekialdean, Gaintzarekin; mendebaldean, Lazkaoren eskumeneko esparruarekin; hegoaldean, Ataungo eta Abaltzisketako lurrak zeuden; eta, iparraldean, Zaldibiako mugek Aramako, Altzagako eta Ordiziako esparruak ukitzen zituzten[3].(3)

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Zaldibiari 28. aulkia zegokion Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Taula horren osaketan, garai hartan Zaldibiako ordezkaria Anoetako eta Beasaingo ordezkarien artean egongo litzateke[4].(4)

Gorosabelek XIX. mendearen erdialdean egiten duen Zaldibiako hiribilduaren deskribapenean, Zaldibiaren garrantzia ere agerikoa da garai hartako baserriei dagokienez, izan ere, lehendabizi, honela azaltzen baititu parrokia inguruko hiri barruko etxe bakanak:

“Herriko erdigunea dozena bat etxez osatua dago, inolako kale itxurarik gabe, plaza, udaletxea eta ostatu publikoarekin…”

Eta honela areagotzen du beste baserrien balioa:

“…eta gainerako etxeak, 112 inguru, bere esparruan barreiatutako baserriak dira…”

Egile horrek berak dio, bere deskribapenaren amaieran, Zaldibiak 1.220 biztanleko errolda zuela 1862an[5].(5)

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1860an argitaratu zuen Estadísticas de los Pueblos de Guipuzcoa del 24 de diciembre de 1860 taulan ere, Zaldibiak 1.220 biztanle zituela uste zuten, kasu honetan Gorosabelek adierazitako kopuru bera[6].(6)

XIX. mendearen erdialdean, Zaldibiak Enirio Aralarko Mankomunitatearen barruan zuen eragina oso garrantzitsua zen oraindik. Izan ere, Zaldibiak 100 bat artzain eta 10.000  abelburu inguru baitzituen orduan udako goi larre haietan[7].(7) Han baitzegoen, hain zuzen ere, garai hartako Goierriko “fabrika handia”, nekazaritza- eta abeltzaintza-gizarte hartako buru izan zena.

Garai hartako Zaldibia hartan, Urtesabel familiak bakarrik sei saroi zituen jabetzan, honako izen hauekin: Arrozulo, Arrobigorriaga, Kaiain (orain Zain izenarekin), Ezizaga (orain Eizaga izenarekin), Antzorobi eta Gorostizu. Zaldibiako hamahiru oinetxeetako bat ere bazen Urtesabel. Saroi horiek U letrarekin markaturik zituzten beren sei “haustarriak” (saroi erdiko harrizko mugarriak), baina gero, ezkontzen bitartez, Usarraldarren jabetzakoak bihurtu ziren. Aralarren oraindik ere ikus daitezke “haustarri” horietako batzuk, harriaren gainean U hizki hori zizelkatua dutela, orrialdearen behealdean aipatzen ditugun iturrietan erakusten dugun bezala. Artikulu horretan Kanuta Biguri Usarralderen olio-koadroa ere ikus dezakegu, zeina aipatutako etxe horren eta Enirio Aralarko saroi horien titularra baitzen orduan[8].(8)

Mende-erdi bat igaro ondoren, XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasiera aldera, Zaldibiak 1.261 biztanle zituen, eta beste era honetara zeuden banatuak: 33 dira garai hartan parrokia inguruko hirigunean zeuden etxeak, eta beste 92 landa-eremuan, bere eskumeneko gertuko mendietan sakabanatuak. Datu horiei kasu eginez gero, Zaldibian aldaketa txiki bat izan zen hirigune historikoko etxeen eta baserrien banaketan. Gorosabelek, guztira, 124 eraikin inguru aipatzen zituen 1862an. XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieran, eraikinak 125 ziren, ia-ia kopuru berdina, baina modu desberdinean banatuta. Datu berri horien arabera, hirigunean 21 etxe gehiago zeuden, eta landa-eremuan, aldiz, 20 etxe gutxiago.

1901. urtean Beasainen ipinitako S.E.C.M. enpresak, zerikusi handia izan zuen, zalantzarik gabe, aldaketa horretan. Zerbaitegatik negoziatu zituen enpresa horrek Osinberdeko uren eskubideak Zaldibiako Udalarekin, fabrika handi horrek behar zuen eta oraindik ikus dezakegun zentral elektrikoa eraikitzeko. Aldi berean, enpresak bere kontura pilota-frontoi eder bat eraiki zuen, ezkerreko paretarekin, garai hartan gorantz zihoan pleka-jokorako[9].(9)

Zaldibian, urrian ospatzen dira herriko jaiak, Santa Fe egunaren inguruan. Antzina, erromeria jendetsua ere egiten zen Saturdiko ermitara urriaren 6an. Baieztapenaren froga dokumentalik oraindik ez egon arren, egile batzuen arabera, ermita hori izan zen Zaldibiako lehen eliza, eta han kokatu zen hasierako herria ere.


[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 312/598 atalak, 102. eta 163. orrialdeak.

[2] Zaldibia, Jose Maria Sukia, 47., 48. eta 49. orrialdeak.

[3] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Zaldibia, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.

[4] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[5] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Zaldibia, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.

[6] Cuadro poblacional editado por la Diputación de Guipúzcoa en 1860.

[7] J.M. Iztueta; Monografía histórica de Zaldibia, J.M. Sukia, 109. orrialdea.

[8] B.J.2015, “Seles del Reino de Pamplona en Aralar”, Martin Garcia Garmendia.

[9] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 995. orrialdea.