ZEGAMA (EUS)

Zegama eta beste toponimo batzuk, 1973an Koldo Mitxelenak erabili zuen grafiarekin aipatu ditugu gaztelaniaz. Egile horrek dio –ama atzizkia, Arama, Aldama, Beizama, Zegama, Lezama, etab.etan ikusten den bezala, jatorriz alemaniarra den Gerhard Bähr (B. und ib., 38) euskaltzale ezagunak ez-euskalduntzat jotzen duenetako atzizki bat dela. Gogoan du, halaber, ondo ezaguna den i –e atzizkia, (-ama, –isama): Lezama, bere z afrikaria bada, Letizama, Ledesmaren baliokidea izan liteke (alderatu lehenago Bizkaian, betesegi, ald. Betsegi “behi umeduna”, esegitik “eskegita”,) eta Ultzama toponimoa (agirietan Uzama, 1087. urtea; Ozamiz abizena) Uxamakoa, Osma.

Era berean dio ez dela ahaztu behar Legizamon abizena (alderatu Segisama/Segisamo(n) hitzarekin). Ultzama ere (Unzama toponimoa Gipuzkoako Ataungo agirietan agertzen da) izen berria dela dio, azalpen fonetiko errazekoa, Erdi Aroko dokumentuetan Uzama, U(t)çama, etab. idazten zen izenetik datorrelako: horregatik, litekeena da zeharkako Uxamak euskal mozorro arina izatea; eta, gure aldetik, hor utziko dugu berriro. Beti bezala, gaiari buruz gehiago jakin nahi duten irakurleei, behean adierazten ditugun iturrietara jotzeko aholkatzen diegu[1].(1)

Antzina-antzinatik eskualdeko herri garrantzitsuenetako bat izan zen Zegama. Herriak zenbait berezitasun geografiko ditu, eta horietako bat mendiz inguratuta dagoela alde guztietatik, Oria ibaiak ondoko Segurako herrirantz egiten duen tartean izan ezik.

Zegama ere Segurarekin elkartu zen 1384ko otsailaren 15eko “auzotasun-gutuna baldintzekin” izenekoan, L. M. Diez de Salazar ikertzaileak bere garaian Gipuzkoako Erdi Aroko dokumentuetatik transkribatu zuen bezala. Beste zazpi herriena bezala, Zegamaren bat egite hori ere Joan I.a erregeak baimendu eta berretsi zuen, 1387ko otsailaren 2an. Ahaide Nagusien bidegabekerien eta gehiegikerien aurrean, “hobeto defendatzea” zen elkartze horien helburu nagusia, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan nabarmendu genuenez[2].(2)

Garai batean Zegamako herriak eta auzotarrek izan zuten garrantzia nahiko argi ikusten da “Zegamako Jauna” delakoarekin (orduan “Ladrón de Zegama” ezizenez deitzen zutenarekin) ausarki izan zituzten auzietan. 1487an, 1493an eta beste urte batzuetan, auzitan aritu ziren harekin Valladolideko Errege Epaitegian. Garai hartan ez zen erraza, oro har, jaun horien botereari aurre egitea, eta Zegamako bizilagunak goiztiarrak izan ziren horretan, halako eran, non 1495. urtean Martin Ladrón de Zegamaren eskumenetik libratzea lortu baitzuten[3].(3)

Zegamak 1615eko otsailaren 4an lortu zuen hiribildu titulua, Hernando de Ribera lizentziatuak, garai hartan eginkizun hauetarako erregearen ordezkari zenak, herrian zenbatu zituen 310 auzotarrengatik 86.515 erreal ordaindu ondoren. Hiribildu titulua erosi ondoren, hainbat urtetan Zegama herri-elkarte bat baino gehiagotako kide izan zen, hiribilduentzat derrigorrezkoa zelako Batzar Nagusietara ordezkari batekin joatea; ikus ditzagun elkarte horiek:

Zegamako Batasuna” izeneko elkartea 1637an sortu zen, Zeraingo, Mutiloko, Ormaiztegiko, Astigarretako eta Gudugarretako hiribilduekin batera, San Esteban Ibaiko Batasuna deitutako hiribildu berri horien arteko lehen elkargo haren jarraipen gisa. Zerain 1662an banandu zen, Legazpikoarekin elkartzeko. 1679an, Astigarreta, Gudugarreta eta Ormaiztegi banandu ziren, Areriako Alkatetza Nagusiarekin bat egiteko. Idiazabalgo herriak ere bat egin zuen elkarte harekin 1691n, eta Batasuna desegin egin zen 1725ean[4].(4)

Pablo Gorosabelek dioenez, XIX. mendearen erdialdera, Zegamaren eskumeneko esparruak honako herri hauek zituen bere mugetan: ekialdean, Urtsuaran auzoa (orduan Seguraren eskumenekoa); mendebaldean, Arabako herriak; hegoaldean, Altsasuko lurrak Nafarroan; eta, iparraldean, Zeraingo eta Segurako lurrak[5].(5)

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Zegamari 47. aulkia zegokion Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Taula horretan, Zegamako ordezkariaren aulkia Ataungo eta Aiztondoko Alkatetzako ordezkarien artean egongo litzateke[6].(6)

Garai hartako Zegamaren garrantzia zenbatekoa zen jakiteko, ikus dezagun, zatika, Gorosabelek XIX. mendearen erdialdean esandakoa:

“… bost auzo ditu: behekoa, goikoa, Etxeberria, Olaran eta Dirintia (sic)…” —- “…auzotarrei dagokienez, 2.241 biztanle zituen 1860ko erroldan…”

Egile horrek berak beste gauza garrantzitsu batzuk esaten ditu hura deskribatzerakoan:

“… herriko lantegietako industria oso garrantzitsua zen lehenago, bertan baitzeuden Goenolea, Aitamarren eta Altzibar burdinola ospetsuak, gaur egun eraitsiak eta lanerako gai ez direnak, eta baita Etxeraia auzoko gabia ere, azken hiru urteotan geldi egon dena. Gaur egun duen industria bakarra Olaberria izeneko burdinola da, bere gabiarekin eta altzairuzko zementazio-labearekin, zazpi irin-errota eta gatz arrunteko fabrika bat…”[7].(7)

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako 1860ko abenduaren 24ko Gipuzkoako herrien estatistikak izeneko taularen arabera, Zegamak 2.481 biztanle omen zituen data hartan, eta Gorosabelek adierazitakoa kontuan hartuz gero, 240 pertsonako aldea dago[8].(8)

Mende erdi bat igaro ondoren, XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasiera aldera, Zegamak 2.007 biztanle zituen modu honetara banatuak: 65 etxe parrokiaren inguruko hirigunean, eta beste 175 baserri, herriko mendietan banatuta. Datu horiekin bakarrik nabaritzen da herriko demografiaren beherakada nabarmena. Mende-erdi batean soilik, biztanle-kopurua gutxitu egin da, 234 biztanle gutxiago Gorosabelek goian aipatutakoarekin alderatuz gero, edo 474 pertsona gutxiago Gipuzkoako Foru Aldundiak 1860an argitaratutako taularekin alderatuta[9].(9)

Kasu honetan, Zegamako bizilagunen beherakada aspalditik zetorren; eta, zalantzarik gabe, zerikusi handia du San Adriango igarobideak (“Sandrati” edo Lizarrate), Gipuzkoarantz (edo Gaztelarantz) zihoan ohiko sarrera (edo irteera) gisa, pixkanaka gainbehera egiten ari zelako. 1770/1780 bitartean amaitutako Frantzisko Iberokoaren Frantzia-Leintz Gatzaga galtzada berriak ere, zerikusi handia du gainbehera horretan, Gipuzkoara zetozen eta Gipuzkoatik zihoazen bidaiariak Probintziak eraiki zuen galtzada handi horretatik desbideratzen baitira. Herri kaltetuetako batzuek, besteak beste Segurak eta Zegamak, egin zituzten ahaleginak alferrikakoak izan ziren, nahiz eta beren eskumeneko esparruan eta Otzaurteraino, haranetik bertatik, XIX. mendearen bigarren erdialdera bukatutako errepide berria eraiki. Zegamatik igarotzen ziren bide horien guztien amaiera, ibilbidea laburtzen zuen Beasain-Idiazabal-Etzegarate errepidea izan zen, 1851n amaitu zena. San Adriango igarobidearen garaia igarota zegoen jada…

Herriko jaiak bost egunez ospatzen dira San Bartolome egunaren inguruan. Zegamak antzinaldian zuen ospea, neurri batean, bere lurretan zeuden ermita kopuruagatik ere neurtzen zen, eta Zegama oso garrantzitsua zen horretan ere. Bere 35 km2-etan, Aizkorri isurialdeko bidea bezalako leku malkartsuek, garai hartan hainbeste bidaiari eta erromes zituztenek, halaxe eskatzen zuten. Gaur egun, San Bartolomeren eta Gurutze Deunaren ermitek, eta Iruetxetakoak, Sancti Spiritukoak eta San Adriangoak irauten dute. Zegaman bertan, parrokiaren atzean, erromesak hartzen zituen Santa Barbara falta da, gaur egun desagertuta baitago[10].(10)


[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 39. atala, 44. orrialdea.

[2] L. M. Diez de Salazar, Documentos medievales, Segurako Udal Artxiboa, II. liburukia, 66. atala.

[3] Zegama, Ignacio Iparraguirre, S.I., 47. eta 48. orrialdeak.

[4] Historia de los pueblos de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.

[5] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Zegama, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.

[6] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.

[7] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Zegama, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.

[8] 1860an Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako biztanleriaren taula.

[9] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 835. orrialdea.

[10] Santa Ana 2022, Gesalbizkar Zegaman artikulua, Martin Garcia Garmendia/Joseba Alonso Arratibel.