Bere Fontes Linguae Vasconum ikerlanean, Patxi Salaberri Zaratiegi Euskal Filologiako katedradunak ere Koldo Mitxelenarengana igortzen gaitu ataletako batean, Gipuzkoan Zerain eta Araban Zerio eta Zirao (Ziriano) hitzak aztertzean; honela dio:
“Mitxelenak, Apellidos Vascos liburuko 18. atalean idazten du, Euskal Herriko erdialdean eta ekialdean oso arrunta den –ain atzizkia aztertzean, esanak esan (besteak beste, Caro Barojak eta berak emandako azalpenak gorabehera, alegia), lehen elementu ezezaguneko hitz asko daudela atzizki modura –ain eta –rain dutenak, besteak beste, Zerain. Beste zenbait egile aipatuz dio Cereus izena, Kajantok 1982an aipatutako Cerio, proposa daitekeela, zeina Garcia Ariasek 2005ean esandako Ceriniusen oinarrian ere egongo litzatekeen”[1].(1)
Egile horien jatorri latindarreko proposizio etimologikoak nahiko argi geratzen dira hasiera batean, baina hor utziko dugu gaia berriro ere. Lehenago egin dugun bezala, oraingoan ere informazio gehiago nahi duten irakurleei beheko oharretan aipatzen ditugun egileengana jotzeko aholkatzen diegu.
Zeraingo hiribilduari, Gipuzkoako beste abizen batzuei bezala, agian ondo etorriko litzaioke honako lelo hau: “Zeraindarrak Zerain baino lehen”. Horregatik dio Ignacio Iparragirre idazleak Zeraini buruzko lanean:
“Herria baino gehiago, Zerain familia esango nuke. Zegamatik Idiazabalera arteko harana ixten duten mendi-hegaletan, altuera ertainean zintzilikatutako habia da”[2].(2)
Lehen aztertutako herri horietako batzuk bezala, Zerain ere Segurarekin elkartu zen 1384an, Zegamarekin, Idiazabalekin, Ormaiztegirekin eta Mutiloarekin batera; Gaztelako erregeek berretsi egin zuten bat egite hori, Joan I.ak 1387an, eta Enrike III.ak 1393an, aurreko ataletan esan dugun bezala.
Eskualdeko beste herri batzuen antzera, Zerainek ere hiribildu titulua lortu zuen 1615ean, Felipe III.a erregeari titulua erosi ondoren. Hernando de Ribera lizentziatuaren ustez, Zerainek 130 auzotar zituen orduan, eta haiengatik 31.364 erreal ordaindu zizkion Koroari. Aurreko zenbait ataletan esan dugun bezala, 130 auzotar horiek gutxi gorabehera 715 pertsona izango lirateke gaur egun, baina, hala ere, oraindik asko iruditzen zaizkigu garai hartako Zeraingo hiribilduarentzat[3].(3)
Hiribildu titulua lortu ondoren, Zerain San Esteban ibaiko herrien arteko elkargoan sartu zen lehenbizi, Gipuzkoako Batzar Nagusietara ordezkari bakar batekin joan ahal izateko. Elkargo horrek 1617tik 1637ra iraun zuen, eta hasiera batean Zeraingo, Astigarretako, Gudugarretako, Mutiloko eta Ormaiztegiko hiribildu berriak izan ziren elkarteko kideak. Aipatutako 1637. urtean Zegama elkartu zitzaien, eta harrezkero “Zegamako Batasuna” deitu zioten hiribilduen elkargo berriari. Zerainek 1662an utzi zuen elkarte hura, Legazpirekin bat egiteko. 1748. urtean desegin zen Mutiloa ere kide zuen elkarte berri hau[4].(4)
Pablo Gorosabelek dioenez, XIX. mendearen erdialdera Zerainen eskumeneko esparruak honako herri hauekin egiten zuen muga: ekialdean, Segurarekin; mendebaldean, meatzetako mendiarekin (Zeraingo, Mutiloko eta abarretako “peatza” edo burdin meatzeak); hegoaldean, Zegamako lurrak zeuden; eta iparraldean, berriz, Mutiloaren eskumeneko esparruarekin mugatzen zuen[5].(5)
Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Zeraini 26. aulkia zegokion Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Taula horretan, Zeraingo ordezkaria, Beasaingo ordezkariaren eta mendi-hegal berean kokaturik zegoen Mutiloko ordezkariaren artean egongo litzateke[6].(6)
Zerain herri berezia da, baita geografiaren aldetik ere, bere eskumeneko esparruan garrantzizko ibairik ez duen Gipuzkoako herri bakanetako bat delako. Herriaren inguruan, bi “errekatxo” besterik ez dira eratzen, zeinak udan emari eskasarekin igarotzen baitira Zerainen eskumeneko lurretatik; zeraindarrentzat, “Aizpea eta Urkullurtzeta” errekak dira eta biak Oria ibaira isurtzen dira[7].(7)
Hona hemen Pablo Gorosabelek 1862an dioena herri bitxi honetako etxeen eta herritarren banaketari dagokionean:
“Herriak Zerain izeneko jauregi zaharra, bi udaletxe, zaharra eta berria, plaza eta eliza ditu”
Horrek bakarrik nahiko argi erakusten du urte horietan ez zegoela herrigunerik, egile horrek berak honako hau ere eransten baitu:
“Gainerako herritarrak baserrietan sakabanaturik daude, eta 1860an egindako erroldaren arabera, 572 biztanle ditu”.
Idazle horrek ez du aipatzen Zerainek zenbat baserri zituen orduan, baina aditzera ematen du herrigunea Zeraingo jauregiaren eta parrokiaren kontua zela; izan ere, Zerain familiak, jauregi horren jabe gisa, parrokoa izendatzeko ahalmena baitzuen, eta beste apaiz onuradun bat ere bai, parrokia horrek horretarako eskubidea zuelako garai hartan[8].(8)
Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu zuen 1860ko abenduaren 24ko Gipuzkoako Herrien Estatistikak izeneko taulan, Zerainek 578 biztanle dituela adierazten da; kasu honetan, sei pertsonako aldea baino ez dago, Gorosabel kronistak goiko paragrafoan esandakoarekin alderatuz gero[9].(9)
Mende-erdi bat igaro ondoren, XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasiera aldera, Zerainek apur bat behera egin zuen erroldatutako pertsona-kopuruari dagokionez, garai hartan 560 biztanle zituelako. Bere eraikinak, honela banaturik zeuden orduan: 12 eraikuntza besterik ez hirigunean eta beste 63 baserri bere eskumeneko mendietan sakabanatuta. Zerain familiak herri horretan zuen botereari dagokionez, bada Serapio Mugikaren aipamen bat, lehen esan dugun guztia berresten duena:
“Elizan hilobi bat dago, non Zerain familiako kideen gorpuzkiak hilobiratzen zituzten; hilobian honako hau dago idatzia: “Joan Gartzia Zerainek egin zuen hilobi hau, 1457. urtean””[10].(10)
Horrek guztiak nahiko ongi erakusten du Zerain herriko Zerain abizenaren antzinatasuna. Biztanle-kopurua bere horretan eusteari dagokionez, gure ustez zerikusi handia izan zuen errolda egin zen urte haietan burdin meatzeek artean zuten indarra Zeraingo eta Mutiloko mendietan.
Zeraingo jaiak, normalean, abuztuaren 15ean eta 16an ospatzen dira. 10 km2 baino gehixeagoko bere eskumeneko esparruan, ermita bakarra zegoen, San Blas izenekoa.
[1] Fontes Linguae Vasconum, 146-147 orrialdeak.
[2] Cinco villas del alto Goierri, Zerain, 65. orrialdea.
[3] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Zerain, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.
[4] Las poblaciones de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.
[5] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Zerain, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.
[6] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.
[7] Cinco villas del alto Goierri, Zerain, 65. eta 66. orrialdeak.
[8] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Zerain, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.
[9] Biztanleriaren taula, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1860an argitaratua.
[10] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, 838. eta 839. orrialdeak.