Berriz ere Koldo Mitxelenarengana jo dugu, zeinak, Zumarraga hitzaren eraketari dagokionez, honako eratorpen hauek proposatzen baititu denboran zehar: zu(h)ar, zugar, zumar…: Zuaregui, Çuhartzu; Zugarberria, Zugarramurdi, Zugarrondo; Zumarraga. Badago *zunar-en zunhar aldaera ere, ziur aski, disimilazioz, zur-etik eratorria. Zumarramurdirentzat, ikus 53b atala. Semeno Çuarrondocoa, Nafarroa, 1227. urtea, Uçtaiçuarbe toponimoa Aralar mendian, 1074. urtea, Koldo Mitxelena (Textos Arcaicos Vascos, 45. orrialdea, Madril 1964).
Atzizkiari dagokionez, –aga atzizkia alegia, “atzizki hila” omen da, “lekua adierazten duena” (Azkue). A. Leónen ustez, ugaritasuna adierazten duen atzizkia, -aga, eta izenaren pluraleko desinentzia, –ak, berdinak izan daitezke: -ak hori, hitzaren amaieran *ag ahoskabetzetik etorriko litzateke (Gavel, Ph. B., 339). Horixe zen Campiónen iritzia ere, agian Bonapartetik datorrena; haren parean daude, Azkuek bezala, –aga atzizkian aniztasun kutsurik ikusten ez dutenak. Hemendik aurrera, interesa duen irakurlearen esku utziko dugu berriro, informazio gehiago eskuratu nahi badu, behean adierazitako egileengana jotzea[1].(1)
Zumarraga hitzaren esanahiari dagokionez, Jose Maria Busca Isusi idazleak argi asko esaten du:
“Zumarraga izenak jatorri botaniko garbia du: zumardia; eta, egia esan, udalerrian dauden zumar aleak zoragarriak dira”.
Egile berak honako hau ere eransten du:
“Zumarraga aitzindari izan zen zumearen laborantzan, baina gaur egun lan mota hori desagertu egin da”[2].(2)
Historian zehar Zumarragak izan duen bilakaerari dagokionez, ikus dezagun orain Sada historialariak dioena haren hastapenei buruz:
“Mendian jaioa, Zoraitz eta Aranburu-Elgarresta baserrien inguruko lurretan, eta lehen gunea edo auzoa Eizagan osatuz, auzotarrek, agintzen zien Ahaide Nagusiaren gehiegikerien aurrean segurtasun eta babes handiagoa bilatuz, auzotasun onaren dokumentua sinatu zuten Urretxurekin 1383ko abenduaren 11n, zeina adostasun laudoaren bitartez onartu baitzen 1384ko martxoaren 9an, eta Joan I.ak berretsi zuen lehenbizi, 1386an, eta Enrike III.ak gero, 1391an”[3].(3)
Hori izan zen lehen akordioaren hasiera eta onarpena, baina gertaera haren amaiera handik gutxira etorri zen, Segurako hiribilduak salatu egin baitzuen banaketa, bi herriak garai hartan bere eskumenean zeudela uste zuelako; eta, 1405eko uztailaren 15ean, kolazio horiek berriro ere Seguraren agindupekoak izatera itzuli ziren.
Geroago, Zumarraga Areriako Alkatetza Nagusiarekin elkartu zen. Han egon zen 1660ko abuztuaren 30era arte, Errege Ogasunari zilarrezko 500 dukat ordainduz batasun hartatik eta haren jurisdikzio zibil eta kriminaletik banandu zen arte. Handik gutxira lortu zuen azkenean, 1661eko urriaren 16an, hiribildu titulua, beste errege-zedula baten bitartez, baina oraingoan hiribilduen Ermandadeko alkatea izendatzeko eta bere eskumeneko esparruan bi eskribau oso izateko ahalmenarekin. Sari hura jaso eta bi urtera sartu zen Arguisanoko Batasunean, Gipuzkoako Batzar Nagusietara ordezkari amankomun batekin joateko.(4)
Ordurako, herri handi samarra zen Zumarraga. 1862. urtean, Pablo Gorosabel idazleak dioenez:
“Hiribilduak hiru kale eta plaza bat ditu; eta udaletxea, harategia, hiltegia, alondegia eta iturri publikoa ere baditu”.
Egile horrek berak beste aipamen batzuk ere egiten ditu antzinako herria nolakoa zen adieraztean:
“Nekazari-baserriz osatutako lau auzo ditu; nagusia Eizaga izenekoa da, errepidearen goiko aldean itsas mailatik 1.349 oineko altueran kokatua (Frantzisko Iberokoaren galtzada zaharra), etxe elkartu multzo bat duela”.
Azkenik, beste datu bat ere jaso dugu hiztegi horretatik, gastuak eta diru-sarrerak banatzerako orduan probintziako Batzar Nagusietan zuen pisu espezifikoa nolabait zehazten duena, honako hau esaten baitu:
“Azken biztanleria-erroldaren arabera, herriak 1.280 bizilagun ditu guztira; probintzia-mailako banaketetarako, berriz, 24 su dagozkio”[4].(4)
Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu zuen 1860ko abenduaren 24ko Gipuzkoako Herrien Estatistikak izeneko taulan, ordea, Zumarragak 1.393 biztanle zituela adierazten da; kasu honetan, 113 pertsonen aldea dago Pablo Gorosabelek aurreko paragrafoan esandakoarekin alderatuz gero[5].(5)
Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Zumarragari 44. aulkia zegokion orduan Korrejidorearen ezkerraldean, betiere Rosa Ayerbe Iribar historialariak bere garaian egindako antolaketaren arabera. Taula horretan, Zumarragako ordezkaria Gabiriako eta Ezkioko ordezkarien artean egongo litzateke, taulan agertzen den grafiarekin ez, baizik gaur egungoarekin idatzita[6].(6)
XIX. mendearen erdialdera, Zumarragaren eskumeneko esparruak honako herri hauek zituen mugan, Pablo Gorosabelek adierazten duenez: ekialdean, Ezkio; mendebaldean, Urretxu; hegoaldean, Gabiria eta Legazpi; eta, iparraldean, haren mugek Azkoitiko eta Azpeitiko lurrak ukitzen zituzten, den-denak egungo grafiarekin idatziak[7].(7)
Mende-erdi igaro ondoren, XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasiera aldera, Zumarraga nabarmen hazi zen pertsonen erroldari dagokionez, 1.942 biztanle baitzituen orduan. 1862an Pablo Gorosabelek adierazitakoaren arabera, 662 pertsona gehiago bizi ziren bertan; hala ere, Foru Aldundiak 1860an emandako taula kontuan hartuz gero, 549 pertsona gehiago izango ziren.
Ez dugu inolako zalantzarik, 1864an trenbidea ezartzeak, eta, horren ondorioz, Zumarragan eta inguruetan azaleratu ziren industriek, zerikusi handia izan zutela hazkunde demografiko horretan; gauza bera diogu, etxeak eta baserriak kontuan izanik, garai hartan omen zituen 143 eraikuntza horiei dagokienean[8].(8) XX. mendeko lehen hamarkadetan Zumarragak izan zituen hiru tren geltokiek berretsi egiten dute, ezbairik gabe, urte haietan hiribilduak hartu zuen garrantzia.
Zumarragako jaiak, 1972. urteaz geroztik, uztailaren 2aren inguruan ospatzen dira. Egun horretan, herritarrak Santa Isabelen edo Antioko ermita ezagunaren inguruan biltzen dira, Gipuzkoako ermitarik ederrena bera, inolako zalantzarik gabe. Zumarragako eta Urretxuko herritarrak zintzo joan ohi dira baseliza horretako hitzorduetara. Santa Isabelen ermita ospetsuaz gain, Zumarragan beste bi ermita ere badaude: San Gregoriorena eta San Kristobalena.
[1] Apellidos Vascos, Koldo Mitxelena, Txertoa, 3. argitalpena, 625. eta 10. atalak, 169. eta 36. orrialdeak, hurrenez hurren.
[2] Zumarraga, Jose Maria Busca Isusi, 15. orrialdea.
[3] Las poblaciones de Guipúzcoa, Javier Maria Sada.
[4] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Zumarraga, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.
[5] Gipuzkoako biztanleriaren taula, Foru Aldundiak 1860an argitaratua.
[6] Rosa Ayerbe Iribar historialariaren taula, Gudugarreta en la historia de la comarca liburuan argitaratua, 129. orrialdea, 28. argazkia.
[7] Diccionario Histórico Geográfico de Guipúzcoa, Zumarraga, Pablo Gorosabel, 1862. urtea.
[8] Geográfica de Guipúzcoa, Serapio Múgica, Zumarraga, 1083. orrialdea.