BASERRI BATEN HISTORIA
IGARTETXE BASERRIA
Baserri hau, gaur egun etxebizitzetako eraikina dena, Igartetxe kalean dago, Andre Mari Zeruratuaren parrokia-elizatik gertu.
1928. urtera arte bi etxebizitzako baserria izan zen, eta Apaolaza eta Esnaola familiak bizi ziren han kolono gisa.
Lehenengo familiako semea, Francisco Apaolaza (Patxi) sukaldari ospetsua, Beasaingo Paco jatetxe ezaguneko buru izan zen urte askotan.
Aipatutako bigarren familia horretatik, Martin Esnaola jauna Beasaingo alkate izan zen 1941 eta 1949 urteen artean, baita egungo Esnaola burdindegiaren sortzaile ere. Baserrian nekazaritza lanetan aritu zen haren aita, Pedrojoxe, Loinazko San Martinen andari izan zen. Oso gustukoa zuen bola-jokoa, eta hartan jolasten zuen igandeetako ordu libreetan Muttegienea baserriaren aurrean zegoen arboladiko bolalekuan. Hain zaletua zen, ezen 1928 aldera Oñarte baserria erosi eta bertara bizitzera joan zenean, bolaleku bat eraiki zuela baserriaren albo batean, eta inguruko baserrietako gazteak ere hara joaten ziren jolastera.
Aipatutako 1928. urte inguruan, gaur egun CAFen galdategia dagoen orubean zegoen Txintxurreta baserriko etxebizitza bateko bizilagunek, enpresari saldu zioten baserria eta baserriaren jabetzak, eta lortutako etekinarekin Igartetxe baserria erosi zuten. Okupatutako azalera handitu eta beste bi solairu erantsi zizkioten, gaur egun ezagutzen dugun bezala alokatzeko hainbat etxebizitza eraikiz. Hala ere, hirurogeiko hamarkadaren amaiera arte jarraitu zuten nekazaritza lanetan.
Etxe honetan bizi izan zituen azken urteak Jeronimo Sarriegi apaiz beasaindarrak, azken aldian Ormaiztegiko apaiz koadjutore izan zena.
Baserri honek 300 urte baino gehiago ditu, 1673. urtean jada agertzen baitzen Loinazko San Martin kofradiaren liburuan.
Igartetxe baserria gaur egun. 1999.