Z1 – MESA DE LOS TRES REYES – PETRECHEMA

HIRU ERREGEEN MAHAIA 2.434 m.

Zurizatik Petrechema ibaiaren bidea jarraitzen duen errepidearen amaieran, 5 kilometro ingurura (Plano de la Casa), errekasto bat zeharkatu eta parean mendi-hegaletan gora doan bide bat hartu behar da. Aurrerago, eskuinaldean amildegi bat duen irtengune txiki bat inguratu, ezkerraldean artzain borda bat duen lautada batera iritsi arte. Bideak erreka bat zeharkatzen du eta eskuinera egiten du pixka bat, mendi-hegalaren erdialdetik diagonalean eta sigi-saga igotzen jarraitzeko; gero, bidearen eskuinaldean eta 50 bat metro beherago dagoen artzainen babesleku baten gainetik igaro (40′) eta eremu hautsi batetik jarraitzen du; han, aldapa leundu egiten da. Atzealdean, parean, piramide formako goragune bat dago; ezkerraldetik inguratu eta Linza lepora iristen da (75′). Bideak, orduan, Budogiako eta Mahaiko goi-gailurreria aldera jotzen du, Lapakiza, Petrechema eta Bugogia arteko zulogune handi batera iritsi arte (La Solana) (115′). Hura zeharkatu eta igo pareko mendi-hegal aldapatsuan gora uhar ohe batetik, tarteka harkaitzak eta elur-zuloak dituen belar-eremu batera iritsi arte (140′). Etengabe gora eginez, beti ere gailurreriako hormaren ertz inguruan (cairn asko daude bidea markatzen), elur zulo handi batera helduko da (165′). Ondoren, belar-pendiz piko batetik, Mahaiko lepora iristen da (180′). Handik gailurrera mendebaldeko ertzetik igo daiteke (igoera zaila), edo hegoaldetik bestela (desnibel handia), harkaitzezko hormatzar handien artean sigi-saga, bidezidor lauso batetik (200′).

TORTIELLA eta ESTRIVIELLA

Pistaren amaieran jarraitu Tacheraseko pasagunera aldera, basotik lepo txiki batera irten arte. Segi norabide berean, bi mendien arteko leporaino. Gailur batera zein bestera, minutu gutxiren buruan iristen da.

CHIPETA ALTO, SAYESTICO eta CHIPETA BAJO

Tacheraseko pistaren amaiera. Haren ezkerrean, erreka zeharkatu gabe, bide bat abiatzen da, babesleku zahar baten ondotik igarotzen dena. Ondo markatutako bidexkatik gora egin, aterpea duen mendi-lepo batera iritsi arte. Mendi-hegaletik sakanera jaitsiko gara.

1. aukera: Eskuinaldetik, Chipeta Bajo mendia inguratuz, haren gailurrera igo aldapa tentean gora; handik lepo txiki batera jaitsi eta mendi-bizkarretik Chipeta Alto mendira igoko gara.

2. aukera: Jarraitu sakanean aurrera Chipeta Bajo mendiaren magaletik, aterpe metaliko bateraino; aurrera segi (mendi-lepora iritsi gabe) eta eskuinera igoko gara, bide belartsuan gora.

Sayéstico mendiari dagokionez, Chipetatik behera haren gailurrerantz jaitsiko gara, eta zailtasunik gabe iritsiko gara bertara.