ARNO 628 m.
Kalbario mendatean, Mutriku baino 2,5 kilometro lehenago, hartu ezkerretara abiatzen den bide bat; eskuinetara dagoen baserri handi baten ondotik, ezkerretara dagoen frontoi baten aldamenetik eta eskuinetara dagoen beste baserri baten albotik igarotzen den bide hori, behera jaisten da pixka bat ezkerrerantz eginez, zelaigune txiki batera iritsi eta han bitan banatzeko. Zuzen jarraitu, mendi-hegalean gora doan pista zabal batetik.
Gero, martxaren noranzkoa erabat aldatu eta berehala pista utzi behar da (18′), eskuineko ezpondan gora doan bide batetik jarraitzeko. Pista honek landa-hesi bat zeharkatzen du eta eskuinaldean dagoen harkaitz baten ondotik igarotzen da; han, harkaitzaren gainean, irudi bat duen horma-hobi bat dago. Ezkerraldean, zelaigune txiki bat iritsiko da (7′), eta beheraxeago borda bat dago, non pista bat baino gehiago elkartzen diren.
Jarraitu aurrera, pista zabalenetik, zelaitxo garbi batera iritsi arte (15′). Han, bidea, estutzeaz gain, aldapa tenteagoan gora igotzen da, lepotik gertu dagoen aterpe batera iritsi arte (7′).
Lepo hartatik ezkerrera, Arnoko gailurrera igotzen da (5′), eta eskuinera, berriz, gurutzera (5′).
Denbora guztira: 52’.
Olatz auzotik, eliza igarota, hormigoizko bidea ezkerretara, Olatz Goixarantz; ezkerraldean gelditzen da Kobaldeko sarbegia. Bisoi-etxaldetik igaro eta aurreraxeago ezkerretara errekatxoa dago. Iturritza baserrira heldu (240 m) eta pista amaitu egiten da. Han bide zahar bat hartu behar da, 375 metrora dolinez inguraturik eta abandonatua dagoen Lakonde baserrira doana, eta handik aldapa gogorra igo eta Zazpizelaieta lepora iritsiko gara. Handik metro gutxira daude Arno mendia iparraldean eta Arnoko gurutzea hegoaldean.
Denbora: Olatz auzoko San Isidro elizatik 50’.