Z10 – VALLE SARAITZU – BIOLETA – BRAKOLA

BIOLETA (Migoleta) 1.406 m. BRAKOLA 1.366 m.

Atuzkarratz mendilerroko tontor hauek, Ezka eta Zaraitzu ibaietako arroak banatzen dituzte. Gorza eta Bidankoze artean, Igarin hasiko dugu ibilaldia. Pilotalekuaren eta eskola zaharren ondoko kale batetik abiatuko gara. Kalearen bukaeran, jadanik herritik kanpo, errekatxo bat aurkituko dugu. Haren ezkerreko ertzetik joko dugu, seinaleztatutako bidezidor batetik, haran txiki batera joateko. Haran horren atzealdean hormatzar harkaiztsu bat ikusiko dugu, haitzarte bat eratuz, eta handik igarotzen da errekastoa. Ezkerreko ertzetik joango gara, ibaiaren eta hormaren arteko pasabidera. Pasabide harritsu horretan, bide argi bat hasten da, zuhaitzen artean nabarmentzen den tontor harritsu berezi baterantz igotzen dena. Bidea zuhaitz eta sastraka artean igotzen da muinoaren goiko aldetik, eta eskuinean uzten du aipatu berri dugun harkaitza. Bidetik jarraitu eta, aurreraxeago, beste malkar harritsu bat utziko dugu ezkerretara. Igotzen jarraituko dugu, eskuinera utziko dugun borda eraitsi batera iritsi arte (45′). Pixka bat aurrerago, pinuen artean dagoen beste borda baten ondotik igaroko gara, hau ere gure eskuinaldean dagoena. Aurrera egin eta hirugarren borda bat aurkituko dugu ezkerrean, eraitsia eta pixka bat estalita, eta, ondoren, zelai txiki batera irtengo gara. Aurreraxeago, harriztatuko galtzada zati batzuk dituen bidea pinudi eder batean sartzen da, Brakolako gailur garbiaren azpira atera arte. Nahi izanez gero, handik diagonalean igo daiteke tontor horretaraino; bestela, Bioletarantz jarraitzeko, Brakola zeharkatuko dugu mendi-hegalaren erditik eskuinerantz, eta bi gailurren arteko mendi-lepora jaitsiko gara. Gero, zuhaitz artean aldapa tentea igo eta zuhaitzez inguratuta dagoen eta zutoin geodesikoa duen gailurrera iritsiko gara.

Panoramika bikaina.

Denborak: Bioletara 1h 50’; Brakolara 1h 40’.