Z11 – BAZTAN – LEGATE – LARRATZU

LEGATE, 870 m. LARRATZU, 749 m.

Baztango Lekaroz herritik abiatuko gara. Plazatik irtengo gara, ezkerreko kaletik, iturri baten ondotik. Etxeak amaitzean pista batean sartuko gara. Berehala, burdinazko ate bat aurkituko dugu. Hura zeharkatuta, pistatik jarraituko dugu, bi aldeetan hasieran harrizko hesia eta, aurrerago, alanbre-hesia ditugula; gero, behera egingo dugu pixka bat, burdinazko beste ate bat igaro arte. Segidan, Lizerdin errekaren gaineko zubia gurutzatu, bidegurutze batera irten, eta ezkerretik aurrera jarraituz, beste bidegurutze bat topatuko dugu borda baten azpian. Aurrera jarraitu. Bi bihurgune aldapatsutatik gora jarraitu eta eskuinetik baserri batera doan bide batera iritsiko gara. Berriro borda baterantz doan beste bide bat. Eskuinetik jarraituko dugu, hiru pistako bidegurutze batera iristeko; erdikoa lasterbide pikoa da. Ezkerrekotik jarraituko dugu. Igoera gogorra da pista ondoko borda batera iritsi arte, eta haren ezkerretara, behean eskuinaldean, beste bat ikusiko dugu zelai baten ondoan. Pistatik jarraituko dugu, muinoaren ezkerraldetik, eta gainean, eskuinetara, beste bi borda utzita. Bi borda horien ondoan, eta pistaren ezkerraldean, Arakan leporaino (630 m.) doan bidea ateratzen da. Bide horretatik jarraitu behar da, Larratzuko gailur arrokatsura joan nahi izanez gero. Legaterantz jarraituz, pistaren ezkerretara, pago lerden batzuen azpian, erorita dagoen borda bateraino iritsiko gara. Puntu horretan beste bidegurutze bat dago. Eskuinaldetik, malda gogorrean gora igotzen jarraitu, beste bidegurutze batera iritsi arte. Ezkerreko bidetik segi harrobietara heldu arte. Handik, azken aldapa igo eta gurutzearen eskuinean dagoen gailurrera iritsiko gara.

Ikuspegi zabalak eta ederrak daude gailur batetik zein bestetik.

Denbora:

Legatera                1h 25’

Larratzura              1h 30’