Z12 – HUSOS DE LA GUARDIA – PEÑA ALTA – DOLMENES

PEÑA ALTA (Peñalta) 1.245 m.

Bernedoko mendatearen gainean, Meanorako bidean, eskuinetara zuhaiztian barneratzen den bidezidor bat hartuko dugu. Berehala ateratzen da eremu garbira, eta ehiztarien babesleku gisa erabiltzen den egurrezko txabola baten ondotik igaro ondoren, metro batzuk igotzen jarraitzen du gailurreriaren azpitik ezpelez betetako harri solteko lur malkartsu batean. Goialdera iritsitakoan, zoru belartsuari esker errazago ibiltzen da. Gailurrera iritsi baino 100 bat metro lehenago, azken harkaitzaren parean, pasabide bat dago, ezkerretara labar sakon bat duena, eta eskuinetara, berriz 12 metroko luzera eta metro bateko zabalera dituen tarte aldapatsu bat, harkaitzez eta belarrez betea, eguraldi txarrarekin, harkaitz bustiekin edo lainoarekin zeharkatzeko oso arriskutsua izan daitekeena.

Denbora guztira: 40’/50’.

SAN TIRSO 1.333 m.

Bernedon herriko antzinako ate batetik irten eta bertan hasten den bideari jarraituko diogu; Okongo Andra Mariaren baselizaren gainetik igota, pagadi argian gora doan aldapa gogorra hasiko da. Lepora iritsi baino lehentxeago, pagoak bakantzen hasten dira desagertu arte, eta ezpelek hartzen dute haien lekua, eta ordubeteko tarte laburrean San Tirsoko lepora iritsiko gara. Handik aurrera, erlaitzetik jarraituko dugu mendebalderantz; hurbileko harritzar dotore bat izango dugu gidari, eta hura inguratu ondoren, bi haranak ikusgai ditugula, San Tirso ermitara iritsiko gara beste ordu erdi batean. Ermita kobazulo batean eraikita dago, harkaitzaren iparraldeko horman. Handik gailurreraino bost minutu ahuntzen bidetik. Norabide berean jarraituz gero, 1h 30′ Peña del Leonera eta 1h 30′ gehiago Puerto del Toro mendatera.

CERVERA 1.366 m.

Pipaonen, hilerriaren ondotik (5′) igarotzen den bide zabaletik abiatzen da igoera, eta, jarraian, bide hori Semendia eta Recilla (Redecilla) tontorren arteko leporantz igotzen da (15′). Bideak, orduan, eskuinera egiten du, muino batera igo, usategi batzuen ondotik igaro (5′) eta basoan sartzen da (5′); gero bitan banatzen da (5′), ezkerretara aterpe bat utziz, eta berriro eskuinera egiten du aldapa pikoan etengabe sigi-saga igoz. Basotik irten eta mendi-hegalean aurrera egiten du (20′), eta, martxaren noranzkoa aldatuz, Redecilla eta Cervera arteko lepora iritsiko da. Jarraitu gainez gain, postontzi batez eta erpin geodesiko batez seinaleztatua dagoen gailurreraino.

Denbora guztira: 1h 10’.