

ARBURUA 1.041 m.
Orhi mendiaren hegoalderako luzapena Zaraitzu ibarrean. Galozetik hasiko gara igotzen. Herriko elizaren atzetik irtenda, muinoan gora egingo dugu eremu harritsu batetik, eta, gorago, bidezidorra ezkerrera desbideratu eta pinudian sartuko da. Berriro soilgune batera irten eta Zaraitzu ibarreko errepidea bistaratuko zaigu. Mendi-mazelaren erditik doan bidezidorretik jarraituko dugu, berriz ere pinu eta ezpelen artean gora eginez, muinoaren gainera iritsi arte. Han, bidea, leundu egiten da tarte on batean. Burdinazko gurutze bat duen egurrezko pilare batera iristean, metro batzuk igoko gara tontorreko ertzera iristeko. Hantxe topatuko dugu gailurra, harrizko blokeen eta zuhaitzen artean. Egurrezko pilareko bidexkatik jarraituz gero, minutu gutxiren buruan Andre Maria Arburuakoaren baselizara iritsiko gara; beste bide zabal bat ere iristen da hara Itzalletik.
Ikuspegi ederra dago baseliza ingurutik.
Denbora: 1h 15’.