Z13 – VALLE DE SARAITZU – OLAGATO

OLAGATO (Orlagatu) 1.136 m.

Adoain (Urraulgoiti), Itzalle eta Galoze (Zaraitzu) herrietako lurretan kokatua, Zaraitzu eta Areta ibaien arroak banatzen ditu. Itzallen hasten da ibilaldia (Galoze 4 kilometrora bidegurutzea). Herriko irteeran zubia zeharkatu eta pista zabaletik jarraituko dugu, ur-jauzi bat ikusiko dugun txoko bateraino. Erreka zeharkatu eta ibilgu ondotik gora igotzen den bidezidorra hartuko dugu. Bideak altuera hartzen du eta beste ur-jauzi batera iristen da. Zelai batera heltzean, bidezidorra desagertu egiten da. Ezkerretara hartuko dugu, beste bi zelai gehiago zeharkatuz, eta eskuinetara jarraituko dugu, pinu artean, mendi-lepo batera eramango gaituen bidezidor batetik. Orain ezkerrera egingo dugu, hesi bat aurkitu arte, eta haren ondotik jarraituko dugu, parez pare gurutzatuko zaigun arte. Hango sastraka arteko bidezidorrek Orlagatuko gainaldera eramango gaituzte, eta zailtasunik gabe iritsiko gara gailurrera.

Panoramika zabala eta bitxia, batez ere inguruko Pirinioetako mendietakoa.

Denbora: 1h 30’.