Z14 – ENTRE ULZAMA – BAZTAN 7 RUTAS

ULTZAMA ETA BAZTAN ARTEAN   –   ZAZPI IBILALDI

1.a.- ALKOTZ – ATAKETA – BIDEKORRI – LARREMIAR (Larremear) – OTXARTE (Otsarte) – ALKOTZ     5 h.

Alkotzetik abiatuko gara banalerroko baso aldera. Iparraldera joko dugu. Arraitz-Orkinera doan errepidetik berrehun metro jaitsi ondoren, lehenengo bihurgunean 4 kilometroko pista bat hasten da, Ataketaraino iristen dena haraneko lur lauetan barrena. Hemendik aurrera, basoan sartzean, Ezpeletako erreka gurutzatuko dugu behin eta berriz, ia galduta dagoen bideari jarraituz. Harana ixten ari dela dirudienean, bidezidorra mendi-lepo batera igotzen da, non Aterrietagetako pasabidea aurkituko dugun, ekialdeko Arrabeko Haitzaren eta mendebaldeko Beizaiko Harriaren artean. Banalerrora iristeko nahitaezkoa den mendi-lepo hori bilatu (alde batera utziko dugu honaino iristen den pista) eta harkaitzean irekitako pasabide naturalera igoko gara. Paisaia leundu egiten da beste aldean; pagadian aurrera egin eta Bidekorriko mendi-lepora hurbilduko gara; bidezidor lauso batetik, azken horma gainditu eta banalerrora iritsiko gara, bi ehiztari-txabolen ondoan (940 m). Mendebaldera joko dugu orain, Larremearreko pasabidea igarotzeko. Arrakala batetik igo eta eskuinetara utziko dugu Labeagatik Donamariarako bidea. Metro batzuk beherago, Larremearreko bidea topatuko dugu. Mugarri batek Ultzamako, Urrozko eta Donamariako lurrak mugatzen ditu. Galtzada Larremearreko mendi-lepora jaisten hasten da. Gure ibilbidea Otsarteko lepora doa orain, zeina hego-mendebaldean ikusten baita labarra bailitzan, Arzubietako eta Oihanbarreneko sakanak bereizten dituzten zuhaiztien artean. Funtsezkoa da Larremearretik 10 bat minutura dagoen mendi-bizkarra ondo identifikatzea, igarobideko bidezidorretara joan ahal izateko. Lepo hartan (850 m.), mendilerroan dagoen zubi bakarretik jarraituz, Zaldaiko mazeletara helduko gara, eta bihurgune handi batek beherago nahitaez igaro beharreko mendi-lepo batera eramango gaitu. Bidean aurrera segitzea beste gauzarik ez dugu egin behar, betiere Otsarteko sakaneko isurialdetik jarraituz. Zoru harriztatua bidezidor bihurtuko da, nahiko lausoa batzuetan, eta basoan zehar eramango gaitu borda handi bateraino; basoa utzita mendi-mazelaz aldatuko gara, eta, azkenean, larre-eremuen arteko bideak Alkotzeraino jarraituko du.

2.a.- ELZABURU (Eltzaburu) – ZAZPITURRI – ERLAIN – LOYAUNDI (Loiaundi)   4h 30’

Eltzaburuko elizako arkupetan, bi hodiko iturri bat dago, eta haren ondoan 23. zenbakia duen etxetzar bat; etxe honetako hormen ondo-ondotik pista bat irteten da eta handik abiatuko gara banalerro aldera. Larreak zeharkatuz, pistak bat egiten du Auzatik heltzen denarekin, eta jarraian ordubetez aurrera egingo dugu, Artzubietako eta Armenegiko errekak elkartzen diren tokiraino. Atzean gelditu da Zazpiturriko parajea. Pista utzi eta basoan gora egingo dugu, hasieran nekez ikus daitekeen bidezidor batetik. Bidezidor horren hasiera antzemateko, “perretxiko-barrutia” dioen kartel bat ikusiko dugu eta ur-erregistro bat ere bai. Gertu dago, isurialdearen beste aldean, Otsarteko pasabidea. Ia bi orduko bidea egin dugu, banalerrora iritsi garenean; balizei jarraituz, mendebalderantz goaz, hurbil dagoen Erlaingo mendi-lepoaren bila, non burdinazko gurutze bat dagoen. Malda labur bat igoz, Zumardenako lepora helduko gara, Arlengo harriko (Lengarriko) gailur harkaiztsuaren azpian. Honaino iristen da Leurtzatik, Urroztik Eltzaburu arteko galtzada zaharra. Alanbre-hesi baten ondoan, triangelu-formako mugarri bat dago 1781. Urteaz geroztik. Alanbre-hesi horretan, ataka bat zeharkatu eta erdi abandonatuta dagoen bidezidor batetik jarraituko dugu, Uztakortako isurialde mediterraneoa inguratuz Loiaundiko mendi-lepoa (880 m.) topatu arte. Handik metro gutxira, Orokieta eta Saldias arteko errepidetik datorren pista pasatzen da, Erpegiko sakanetik. Aizarbilgo basoan gaude, eta hego-mendebaldera eginez baso itxian murgilduko gara, Labaien eta Eltzaburu arteko bide zaharretik zintzilik; eta pisten eta bidezidorren artean, Ultzama aldera jaisten ari gara. Polloeko borda (750 m.) soilgune bat da hango pagadian. Laster agertuko dira alertze-sailak, eta, pistan aurrera eginez, abiapuntu izan dugun Eltzaburura hurbilduko gara.

3.a.- LABEAGAKO ATAKA – DONAMARIA  1h 30’

Labeagako mendi-lepoan gaude, lehenengo ibilbidean zeharkatu genuen Bidekorriko igarobidetik gertu. Oraingoan iparralderantz egingo dugu, lepo eder bateraino jaisten den bide zabalari jarraituz. Anizpeko sakaneko mazeletatik Txarutakoetara aldatuko gara; handik gutxira, kontu ibili behar da pista utzi eta bide zaharra hartzeko, zeinak bihurgune zabal bat eginez altuera galtzen baitu, erreka baten ia ertz-ertzean borda-saroi batera iritsi arte. Biartzeko mendi-lepoak Anizpeko isurialdera itzuliko gaitu. Laster iritsiko gara Artze auzora eta Donamariako elizako kanpandorre biribil bitxia ikusiko dugu.

4.a.- URTEGIA – ZUMARRENAKO (Zumardenako) LEPOA – LEURTZAKO LEPOA – ZUATXIPI (Soratxipi) – UNAZORROTZ (Munazorrotz) – URTEGIA   3h

Leurtzara joateko: Doneztebe-Urroz-Urtegia errepidea.

Leurtzako urtegietatik abiatuta, ekialdeko ertzera joko dugu, urtegiko kubeta (hutsik dagoena) inguratzen duen pistatik jarraitzeko. Norabide horretan, bigarren urtegiko eustorma gaindituko dugu. Bideak bihurgune handi bat egiten du, eta igotzen hasten da, Urroz eta Labaien arteko muga markatzen duten mugarriei eta alanbre-hesiei jarraituz. Galtzadaren hondarrak ere badaude mendatearen azken zatian. Ekialderaino jarraituko dugu banalerroaren pista, Soratxipiko hegalen oinean kokatu arte. Han basoan gora egin. Pagadia behean geratuko da, eta laster izango gara Soratxipi eta Munazorrotz lotzen dituen mendilerro garbian. Azken gailur horretatik ekialderantz jaitsiko gara, Labaien eta Leurtza arteko bidearekin bat egin arte. Borda baten ondoan, bideak bat-batean jira egiten du, eta geroxeago, euria egiten zuen garaian urtegi gisa erabiltzen zen lekuaren ertzean egongo gara.

5.a.- BEGIRATOKIA – URRABITA (Orraita) – MONOTXETA (Monaxketa) – BEGIRATOKIA   2h 15’

Ibilbidea Leurtzarako errepidean bertan hasten da, haranaren gainean eraikitako begiratokia gainditu eta gutxira, iturri batetik hurbil. Metro batzuk beherago, automobil bat edo bi aparkatzeko leku bat dago. Aparkaleku horretatik bertatik, Monaxketako beheko hegalak inguratzera eramango gaituen bidezidor bat hartuko dugu. Ardi-bidexkei jarraituz, sakanaren hondoan altuera erdian dauden bi borda izango ditugu erreferentzia puntutzat. Bidezidor etenei esker, aurrerago arazorik gabe helduko gara Munazorrozko hegalak eta Monaxketako haitzak bereizten dituen Orraita lepora (840 m). Tontor horietatik gora egingo dugu amaieraraino (931 m). Inguruan gurutze bat dago. Ekialdeko bizkarrari jarraituz jaisten da (biderik gabe).

6.a.- LABAIEN – ELLU (Ello) – ZUATXIPI (Soratxipi) – URRABITA (Orraita) – BEINTZA   3h 30’

Beintza eta Labaien udalerri bereko bi auzo dira, mendi zirku zoragarri batean kokaturik daudenak. Bien artean, Errotako Gurutzea izeneko bidegurutzea dago. Beintza-Labaienek, Ezkurrak, Saldiasek eta Erasunek Basaburua Txikia bailara eratu zuten 1846. urtera arte.

Abiapuntu horretatik, aukera bat baino gehiago eskaintzen zaizkio mendizaleari banalerroko baso-hesira iristeko. Guk aukeratu duguna Ello eta Bezkin sakanen artean doa, harrizko hormez hesitutako muino belartsu baten gainetik. Hegoalderantz hartuta, atzean utziko ditugu Labaiengo etxetzarrak (450 m). Bide zabal harriztatuak laster biratzen du ezkerrerantz. Handik metro gutxira, gaztainondo handi baten ondoan, bidea utzi egin behar dugu, bi sakanak banatzen dituen gailurreria belartsura igotzeko. Goranzko ibilbidea belartu egingo da, eta harrizko hormak daude belardien arteko pasabide zabalaren alboetan. Basora hurbiltzen ari gara. Esan daiteke ez dagoela jarraitzeko modurik, baina pagadiko hesien artean bidezidor txiki batek lepora hurbiltzen jarraitzeko aukera emango digu, beti hegoalderantz, beti gorantz, sakanaren alboetan dauden bidezidorrak alde batera utzita. Bidezidor zabaletik, Elloko leporantz (945 m) joko dugu, non aska eraiki berri samar bat dagoen. Banalerroaren gainean gaude. Eremu garbian aurrera, Soratxikiko gailurrera (1.064 m) helduko gara lehenbizi, eta, handik gutxira, Munazorrotzekora (1.017 m). Bide zehatzik gabe, ekialderantz jaitsiko gara, 4. ibilbidean bezala, baina oraingoan Orraitako leporantz joko dugu. Labaien sakanaren beheko zuloan dago. Bide zaharra hartuko dugu, bihurgunez bihurgune herriko etxetzarren ondora eraman gaitzan.

7.a.- LABAIEN – URRADE (Urradi) – OTEDEGI – INTXUSEKO ARMALA (Intsusako armala) – GORA – PAGOETA – LABAIEN   3h

Labaiendik hegoalderantz hartuz, Bezkin errekaren eskuinaldetik gora egingo dugu. Beti izan behar dugu kontuan Urradi mendi-lepoaren kokapena, pistari jarraituz lerra ez gaitezen. Borda multzo baten azpitik, bidea zuzen-zuzenean doa Urradirantz (790 m). Ipar-mendebalderantz joko dugu, Gora mendiaren gailurreraino iristen den mendilerroa hasieratik bukaerara arte zeharkatzeko. Otedegiko gainak beren ertzetatik edo Gorostietako mendatera doan pistatik jarraituz, Intsusako armalarantz doan gailurreriara helduko gara. Ez dugu gailur korapilatsu hartara igo behar. Lehenengo belarretan eta gero harkaitzean markatutako bidexka estu batek, aukera emango digu mendi-hegala ekialdeko isurialdetik zeharkatzeko. Badirudi ezabatu edo galdu egingo dela, baina ez, ozta-ozta bada ere, aurrera jarraitzen du harkaitzen eta landareen artean. Bihurgune batzuen ondoren, harkaitzean irekitako pasabide bikain batera helduko gara, eta hari esker kontrako isurialdera igarotzeko aukera izango dugu. Basoan zehar, gailurrean errepikagailu bat duen Gora aldera joko dugu (burdinazko gurutze txiki bat ere badago). Han bi aukera ditugu: muino belartsu batetik zuzenean Labaienera jaitsi, edo, errepidea inguratuz, Saldias eta Labaien arteko bidea hartu Pagoetako lepoan.

Ultzamako ibarra hamalau herriz osatua dago: Suarbe, Alkotz, Arraitz-Orkin, Eltzaburu, Auza, Zenotz, Eltso, Gorrontz-Olano, Gerendiain, Ilarregi, Iraizotz, Larraintzar, Lizaso eta Urritzola-Galain.