REMENDIA (Erremendia) 1.403 m. ARETA 1.366 m.
Urraulgoiti eta Zaraitzu ibarren artean, Areta mendilerroaren ekialdean dauden mendiak dira.
Elkoatzetik abiatuko gara, Urraulgoitiko azken herritik. Bide zabal bat hartuko dugu, Areta ibaiaren parez pare doana, errekasto bat gurutzatu arte. Aurrerago, pasabide bat zeharkatuko dugu ibaiaren ondoko bi horma harritsuen artean. Gero, beste errekatxo bat gurutzatuko zaigu bidean; errekastoan gora egin eta bidezidor bat hartuko dugu, erreka hori bera zubi baten gainetik zeharkatzeko. Aurrera egin eta bide zabalago bat hartuko dugu, eta basoaren erditik, mendian gora egiten joango gara. Eremu irekira irten ondoren, eroritako borda bat duen zelai batera iritsiko gara. Eskuinetik bide bat hasten da, eta handik jarraituko dugu Erremendia eta Areta arteko lepoa ikusi arte. Orduan, bide hori utzi eta beste bidezidor lauso samar bat hartuko dugu zuhaitz baten ondoan. Mendi-hegalaren erdialdetik gorantz jarraituko dugu, amildegia eskuinetara dugula, aipatutako mendi-lepo horretara iritsi arte. Handik ezkerretara, minutu gutxiren buruan Aretako gailurrera iritsiko gara, baina kontuan izan pendizean pixka bat eskuinerantz egin behar dela haitz handi batzuk gainditu ahal izateko. Mendi-lepotik eskuin aldera igoko gara muinora iristeko, eta ezkerretik jarraituko dugu Erremendiako (Borrokoxko) gailurrera iritsi arte. Hego-ekialdean, erpin geodesikoa duen izen bereko beste tontor bat ere badago, 1.388 metrokoa, eta beste 30 bat minututan irits daiteke haraino.
Batetik zein bestetik dotore ikusten dira Urraulgo lurrak eta Pirinioetako gailurreria.
Denbora: Erremendira 2h; Aretara 1h 45’.