

ZIRKUITUA NAFARROA BEHEREAN ZEHAR
Donibane Garazitik abiatu, Donazaharre herrirantz, eta eskuinetara “Iratira” adierazten duen errepidea hartzen da; Lekunberri eta Mendibe (256 m) udalerriak igarota, Burdinkurutxeta mendateko igoera hasten da (1.135 m). 932 metroko garaieran, errepidearen ezkerraldean, Mendibeko Salbatoreko kapera dago. Mendatetik bidegurutze batera jaisten da, aintzira txiki batetik eta benta batetik gertu dagoen bidegurutze batera (1.003 m), eta ezkerretara “Iratiko txaletetara” igotzen den errepidea ateratzen da. Aintzira gainditu arte jarraitu eta aurreraxeago eskuinera egiten duen errepidea hartu, “Pedroren txaletera” doana utzita. Errepide estua etengabe igoko da Zurzaiko leporaino (1.140 m), eta, maila berean, Irauko lepora ere iritsiko da. Mendi-lepo horretatik, ezkerretara pista bat hartuta, Artxilondoko etxoletara joan daiteke. Iraura itzulita, jarraitu Atharburuko leporaino (1.156 m); pixka bat lehenago, ezkerrera har zitekeen Errozateko lepora (1.070 m) hurbiltzeko. Atharburutik Errobi ibaiaren ertzera jaisten da eta Donibane Garazira joateko bidegurutzera; ezkerrera hartu Beherobi auzune txikira iristeko (337 m) eta mendatea igo Organbide leporaino (988 m); 212. mugarria, trikuharri batean ipinia. Ezkerretara dagoen pista batek Elhursaroko etxolaraino eramango gaitu, eta handik oinez, 15 minututan, Harpea haitzulora. Berriro ere Organbidera itzulita, jarraitu Urkulu mendia iparraldetik inguratuz Arnoztegiko lepora iritsi arte (handik 15 bat minututan igo daiteke Urkulura), eta Arnoztegitik behera Donibane Garazira jaitsi arte.
Zirkutua guztira: 70 kilometro inguru.