MENDIZAR, 1.224 m.
Iratiko oihanaren erdian, Mendizarko mendi-puska dago, eta haren mendi-hegal zabaletan daude Oriongo, Artxilondoko, Arpeako eta Elausoroko artzain-saroiak.
Mendizarren, Nafarroako Pirinioetako pasabideetako bat dago: Errozateko mendi-lepoa. Ataka estu honek 1.076 metroko garaiera du eta hantxe dago 221. mugarria ere. Han sortzen da bere urak Kantauri itsasoan isurtzen dituen Errobi ibaia; beste iturburu batzuetako urak, aldiz, Irati ibaira isurtzen dira eta hauek, beraz, Mediterraneo itsasoraino heltzen dira.
MENDIZARRERAKO IGOERA:
Orbaizetatik etorrita, Iratiko pista hartu eta Oriongo saroira helduko gara (Ibiagako lepoa). Puntu horretatik ipar-ekialdera eginez, erabat garbi dagoen mendi-hegal batetik igotzen da gailurrera, bidea galtzeko inolako arriskurik gabe. Mendizarrek Iratiko oihanaren ikuspegi ahaztezina eskainiko digu.
Oriongo saroitik gailurrera igo eta itzultzeko gehienezko denbora: 2h 30’
IDORROKIA, 1.492 m.
Otsagabitik (770 m) abiatuta, errepide batek Abodi mendilerroaren bizkarrezurrean bertan dagoen Taplako mendateraino (1.361 m) eramango gaitu. Hamabi kilometroko mendatea da eta Taplako gainetik beste sei kilometroko jaitsiera dago Iratiko Erregearen etxeetara eta Elurretako Ama Birjinaren baselizara. Idorrokiko gailurra gure eskuinean geratuko litzateke, eta 15 bat minututan igo daitekeen ehun metroko desnibela besterik ez dago haraino. Postontziaren ondoan trikuharri baten tumulua aurkituko dugu eta berebiziko ikuspegi panoramikoak izango ditugu.