OTZAURTE-SEGURA ZEHARKALDIA.
Benta Zaharraren eta zerga-etxearen arteko pistatik irtengo gara, Aitzabal eta Aitzaundi mendebaldetik inguratuz, eta iparralderantz jarraituko dugu mendi-lepo bateraino (Bartolo saletxeko pista batzuen bidegurutzea), 756 m. Ezkerreko pista hartuko dugu, handik gertu dagoen Bidarte leporaino (759 m) joateko. Han, pista nagusitik, iparralderantz joko dugu, Kanpasko parajea eta Aztioko ekialdeko magalak zeharkatuz, lehen-lehenik Zumarraingo lepora (728 m) eta gero Aldabidekora (735 m) iritsi arte. Mariñamendi utzita (gailurreriatik aparte geratzen da), iparralderantz jarraituko dugu, gero behera egin eta ipar-ekialdera jotzeko Amalun, Zorroztarri eta Pelotaleku muinoetatik. Egia esan, lepotik lepora joango gara, eta hala nahi badugu soilik igoko gara gailurretara. Pistak gidatuko gaitu argi eta garbi. Azken muinotik, pista Albizta lepora jaisten da (594 m), eta han ezkerreko pista hartu behar da, poliki-poliki Aizleorreko mendebaldeko hegaleko burdinazko gurutzeraino jaisten dena, jarraian Segurara jaisteko.
Denbora: 3 h.
Mariñamendi 787 m.
Zegamatik, 303 m. Udaletxearen atzetik, errepide bat doa Olaran auzo aldera. Handik Uzkatzako lepo aldera honela joan behar da: jarraitu erreka utzi eta bihurgune itxiak egiten hasten den errepidetik amaitzen den lekuraino (515 m); gero zuzen segi Goena baserriraino (530 m) eta jarraitu Uzkatza leporaino (659 m) igotzen den goiko pistatik. Pinudi batetik ipar-mendebalderantz jo eta gailurra topatuko dugu.
Denbora: 1h 15’.