Z2 – TXAMANTXOIA

TXAMANTXOIA 1.945 m.

Maze ere esaten zaio. Ezka eta Veral ibaietako banalerroa. Marengo borda (gaztandegia), Belaguara eta Frantziara doan errepideko 9. kilometroan dagoena. Ibaia zeharkatuta, basoan sartu eta handik gora jarraituko dugu Donojoro izeneko soilgune batera iritsi arte. Pagoz zipriztindutako eremu garbi batetik jarraituz, gainaldera iritsiko gara. Gailurra gertu dagoela dirudien arren, ez da hala. Emeki-emeki lur-eremu belartsutik igoko gara tarte luze batean, garaierarik handiena lortu arte, zenbaiten ustez “Belaguako eta Zurizako tontorren begiratokirik onena”.

Denbora: 2h.

2. aukera:

Zuriza. 5 kilometrora Plano de la Casa. Hartu (ezkerretara) basoan sartzen den bide zabal bat, eta utzi eskuinetara mendi-lepotik jaisten den errekastoa. Bidea pittinka-pittinka igotzen da, soilgune txiki batera iritsi arte (10′). Orduan ezkerrera hartu eta lausotu egiten da. Sigi-saga, sigi-saga, aldapa areagotu egiten da, beste soilgune zabalago batera iritsi arte (30′). Jarraitu eskuinaldetik, basoaren ondotik, berriz ere bidea aurkitu arte. Bidea, basoan barneratzen da Aztaparretako lepora iristeko (40’). Gero gorantz jarraitzen du basotik irten arte (50’); orduan, pare-parean gelditzen da Txamantxoia mendiaren tontorra, tartean gandor tente bat duela. Han pixka bat eskuinera desbideratzea komeni da (biderik zuzenenean harkaitz solteak daude tarte batean, eta horrek arriskutsu egiten du igoera), hango mendi-hegaletatik errazago igotzen baita. Tarte harritsu batzuk zeharkatuz, igotzen jarraitu behar da goiko ertzeraino iritsi arte (65′), eta, gero, belar-eremu batetik aurrera eginez, gailurrera iristen da (80′).

Denbora: 1h 20’.