UDALATX 1.117 m. BESAIDE 558 m.
UDALA INGURUKO ZEHARKALDIA
Kanpanzar mendatetik (461 m) abiatu, hegoalderantz igo eta eskuinaldera doan pistatik aurrera egingo dugu, Santa Luzia lepora (463 m) heltzeko: ermita eskuinaldean. Mendia inguratuz jarraituko dugu, lehenbizi Besaide aldera eta gero Udala auzora joateko. Auzoaren goiko aldera (505 m) igoko gara, jatetxeak dauden lekura. Lierra baserriaren ondoan dagoen bide batetik jaitsiko gara, bi aldeetan dolina handiak dituen eremu nahiko lau batetik. Aldapatzar bat hartu behar da jarraian Sanjurgi baserrira jaisteko (400 m), eta haraino heltzen den bide asfaltatutik errepide nagusira iritsiko gara (355 m). Gorago eta ezkerraldean ikusiko dugun harrobi baten ondoan, Kanpanzarrerako galtzada zaharra abiatzen da Mietza baserritik (375 m). Galtzada horretatik, gure ibilaldia hasitako lekutik gertu dagoen pistara iritsiko gara.
Denborak: Kanpanzarretik Santa Luzia lepora: 35’; pisten bidegurutzeraino (Besaide): 1h; Udala auzora: 1h 50’; errepide nagusira: 2h 25’; Kanpanzarrera: 3h.
KANPANTZAR (Kanpanzar)-UDALATX
Hartu harrobi zahar batetik hego-ekialderantz irteten den pista. Harrobia igarota, bidexka bat irteten da ia hegoalderako norabidean (475 m). Bidearen jirabirekin, gorantz egingo dugu, ordoki txiki moduko lepo batera iristeko (635 m). Handik aurrera, tontorrerako norabidea aldatu egiten da zertxobait, eta 1771n gurtzarako itxi zen San Azentzio ermita zaharraren (1.052 m) aurrien parean iristen da haraino. Azken zatiko ertz laburra zeharkatuz gailurrera helduko gara (1.120 m).
Denbora: 1h 40’.