LAURIÑAK (Lauriñaga) 1.292 m. ARGARAI 1.231 m. ATXISTOI (Axistoi) 1.245 m. MEHATZE (Meatze) 1.209 m. MENDIMOTZA (Mendimotxa) 1.237 m. ADARTZA 1.257 m.
Ibañetako mendatea. Hartu ezkerretara usategietarako pista eta jarraitu bunker baten ondoan dagoen bidegurutzeraino; alde batera utziko dugu Lindusko leporantz igotzen den pista eta eskuinera doan beste bat hartuko dugu; bidegurutzetik 20 minutura gutxi gorabehera, bihurgune batera helduko gara, eta han, eskuinean, egurra garraiatzeko bi enbor ikusiko ditugu eta zertxobait aurrerago iturri bat. Hemendik ezkerrera, bide sigi-sagatsutik borda baten ondoan dagoen muino batera igoko gara. Han, eskuinera hartuta, Axistoiko tontorrera igoko gara, muinoan aurrera eginez Lauriñagaraino (gailur garbia eta harkaiztsua). Gailur belartsu eta leunetik tontor zorrotz eta belartsua duen Mehatze aldera jarraituko dugu; Luzaide-Baigorri banalerro hidrografikoari jarraituz, Mehatzeko lepotik Argarai aldera joko dugu. Tontor luze eta harkaiztsua duen mendi honetara iritsi eta gero, beherantz egingo dugu mendi-bizkarretik aurrera Mendimotxako gailurrerantz (honen erpin harkaiztsuan, aterpe modura erabil daitekeen ganga-itxurako eraikin bat dago); handik Adartzaraino jarraituko dugu.
Mendi hauetatik guztietatik ikuspegi zabala dago: Baztango mendiak, Kintoa, Astobizkar, Urkulu, etab. Baita Behe Nafarroako lautadak, Donibane Garazi eta beste herri batzuk ere.
Denborak:
Ibañetatik Axistoira 1h 10’
Ibañetatik Lauriñagara 1h 30’
Lauriñagatik Mehatzera 30’
Mehatzetik Argaraira 20’
Argaraitik Mendimotxara 25’
Mendimotxatik Adartzara 10’