Z24 – BAZTAN – BENAFARROA – IPARLA

IPARLA: Nola heldu.

Bidarrai herriaren erdian, Baigorriko errepidea hartuko dugu. Etxe multzo handienean, eskuinera joko dugu, bide estu eta asfaltatu batetik, ertz gorriak dituen eraikin handi zuri bateraino: Olharrapea etxaldea. Hemen aparkatuko dugu.

Baserriaren atzetik bidezidor bat abiatzen da, ia bertikalki igotzen dena, iratzeen eta zuhaitz bakarturen baten artean. Hezetasun handia dagoenean, igoera irristakorra izaten da. Mendi-lepora iritsita, IL/GR-10ari dagokion bidezidorra hartuko dugu ezkerrera (1). Laster, menhir edo mugarri batera iritsi (2) eta ezkerretara utziko dugu; IL/GR-10etik jarraituko dugu, belardi artean pixkanaka gora eginez, Atalatzera iritsi arte (905 m)(3). Beheko zirkuaren eta haranaren ikuspegi ederra dago handik. Amildegiaren ertzetik jarraituko dugu Larretze tontorreraino (962 m); lurrean pitzadura izugarriak daude (kontuz laino-egunetan). Azken igoera, sekulako bistak dituen Iparla (1.044 m) mendiari dagokiona da (4).

Jaitsiera bide zailetik, baina aldi berean oso interesgarritik, egingo dugu (ez jaitsi handik lainoarekin). Gertu dagoen Iparlako leporaino, igo garen bidetik itzuliko gara. Mugarri batek eta gurutze batek adieraziko digute hartu beharreko bidea (5). Eskuinetara dagoen bidexka bat bat-batean malda irristakor batetik jaisten da hesi bateraino (6), eta hesi hori bere atetik zeharkatuko dugu. Handik aurrera intuizioa izan behar da, baina mendira ohituta dagoenarentzat ez dago arazorik. Merezi du bidexkatik joateak, Atalatzeko zirkua zeharkatzeaz gain, saiak ere beren habietan ikus baitaitezke. Bidezidorra ezkerretik hartuko dugu, hormari itsatsia baitoa, eta iratzeak egon ohi diren arren, erraza da gero zelaiak eta errekaren bat edo beste gurutzatzen dituen bidexkatik jarraitzea. Laster, ikusiko ditugu harkaitz puntazorrotz batzuk, eta harantz joko dugu; hara iritsi orduko, bi aukera daude abiapuntura itzultzeko: lehena, mendia horizontalki zeharkatzea Iparlako monolitotik jaisten den bideraino; bestea, zuzenean iratze eta sastraka arteko bidezidorretik jaistea.

Ibilbide honen bigarren zatia esperientzia duen jendearentzat bakarrik da egokia. Bidarraitik zuzenean eta erraz igo daiteke gailurrera, zuri-gorriz markatutako bidetik.

Denbora: 1. zatia egun erdia. Guztia, egun osoa.