BEHORLEGI: Nola heldu.
Donibane Garazitik Donazaharrerantz abiatu eta eskuinetara Iratiko errepidea hartuko dugu. Mendibe herrian ezkerrera egingo dugu, kartel batean Behorlegi herria adierazten duen bidegurutzean. Errepide estu eta maldatsu batetik igoko gara (Apanizeko lepoa adierazten duten seinaleak), lehenik Landerreko lepora, eta pixka bat aurrerago zelai handi batzuk dituen Apanizekora. Eskuinetara pista bat hasten den lekuan, hartxintxarrezko aparkaleku txiki bat dago ezkerrean, eta han aparkatuko dugu.
Behorlegitik igota eskuinean dagoen pistatik hasi eta artzain-saroi batera iritsiko gara (pistatik gertu, alanbrez hesitutako dolina bat dago; eta han Europako leizerik nabarmenenetako bat, 300 metro baino gehiagoko sakonerarekin). Txabolen aurretik pasa eta, ipuruen artean, lepo bat gaindituko dugu. Isurialde horretatik metro batzuk jaitsi eta bidezidor garbi bat hartuko dugu, eskuinaldetik, mendi-mazelaren erditik, Egurtzeko leporaino eramango gaituena (panoramika ederra). Egurtzeraino Behorlegi herritik igotzen den bidetik ere joan daiteke (beheraxeago iturri bat dago). Mendi-mazelaren erditik doan bidezidorretik jarraituko dugu, harkaitz arteko pasabide batetik Harritxarteko atakara iritsi arte.
Gailurrera eramango gaituen malda gogorrari ekingo diogu, haitzaren bi gandorrek korridore zabal bat bailitzan eratzen duten bidezidor belartsu eta zehaztugabe batetik. Horrela iritsiko gara panoramika zabalak dituen 1.265 metroko mendi-tontorrera. Gainez gain jarraituko dugu, aurrera egin ezin dugunean beherako bidea hartzeko. Ezkerretara, bidezidor belartsu bat, zuzenean, txangoaren abiapuntuaren ondoan dauden Apanizeko txaboletara jaisten da.
Denbora: Ibilaldi hau laburra izan daiteke, baina luzatu ere egin daiteke Behorlegin hasita.