

MENDIGAÑA 1.111 m.
Elkoazko errepidean hasiko dugu ibilbidea, Aietxuko bidegurutzetik kilometro bat aurrerago. Zubi baten ondotik, hesi bat zeharkatzen duen bidezidor bat abiatzen da. Mendi-hegaletik jarraituko dugu, bide argitik, eta eskuinera utziko ditugu Arangozki herriaren hondakinak. Aurrean dugun bizkarrerantz jarraituko dugu. Bide batek muino hori inguratzen du ezkerrerantz, zuhaitzik gabeko tontor batera iritsi arte. Gorantz doan pista bat hartuko dugu orain. Alanbre hesi bat zeharkatu, eta nahiko gora igoko gara, pisten bidegurutze batera iritsiz. Ezkerretik jarraitu eta beste alanbre-hesi bat zeharkatuko dugu, aldapa gogor bat igoz. Pistak apur bat beherantz egiten du, baina gero, berehala, gorantz egin eta Mendigañako tontorrera hurbilduko gaitu. Berriro jaitsi aurretik, eskuinera jo eta metro gutxitan gailurrera iritsiko gara.
Mendi hau Zarikieta mendilerroan dago, zeinak Urraulgo eta Artzibarko ibarrak banatzen dituen iparraldean dagoen Aezkoako ibarretik. Panoramika harrigarria.
Denbora: 1h 30’.