MONDARRAIN: Nola heldu.
Ibilbidea Itsasuko auzo batean hasten da, Latsen.
Kanbon, Bidarrai aldera doan errepide nagusia hartuko dugu, eta, handik gutxira, eskuinetik Itsasura desbideratuko gara. Beste aukera bat Ezpeletara iristea da, gero, bigarren mailako errepidetik, Itsasura joateko. Itsasun, Athekagaitza edo Pas de Roland (harkaitzean landutako arkua, Errobi ibaiaren gaineko haitzartean) adierazten duen bidea hartuko dugu. Haitzartea zeharkatuko dugu Latse auzora heltzeko eta, han, Pas de Roland hotel eta jatetxearen ondotik hasiko dugu ibilaldia.
Hotelaren atzealdetik, eskuinera, aldapa pikoa duen pista asfaltatu bat abiatzen da (1), eta lur bihurtzen da eraitsitako baserri baten parean; han, eskuinera, bide irekian igotzen jarraitzen du; gero, bidezidor bihurtu eta borda baten ondotik igarotzen da, behealdean Legarreko mendi-zintzurra duela. Bidegurutzean (2), Atharriko gurutzera (3) eramango gaituen eskuineko bidea hartuko dugu, eta muino hartatik behean ikusiko dugu Itsasuko herria; han, igo garen bidetik ezkerretara, bidezidor bat hartuko dugu, antena bat babesten duten alanbre-hesi batzuetara iristeko. Laster, errepidea gurutzatuko dugu Legarreko lepoan (4). Markatutako bidetik gailur aldera jarraituko dugu; gero, hango edozein bidezidorretatik, pagadi bat zeharkatuko dugu. 749 metroko garaiera duen gailurrean arroka zuriko blokeak dira nagusi (5). Haitzulo artifizial txiki baten aurretik abiatzen den bidexkatik hasiko gara jaisten. Jaitsi ahala, ezkerrera egingo dugu, etxe baten ondoko errepide baterantz (oso bide aldapatsua da). Errepidera heldu (6) eta eskuinera joko dugu, arroka batzuen ondotik pasatuz. Errepideak urkila itxurako bihurgune bat egiten duenean, ezkerreko lehenengo bidea hartuko dugu zurezko ate bat pasatu ondoren (7). Bidezidorrean behera, beste pista batera iritsiko gara, Txerania baserriaren ondora (8). Pistan behera jarraituko dugu, ezkerretik, beste baserri bateraino. Pista bidezidor bilakatu eta Artzamendi mendira igotzen den errepidera eramango gaitu, eta, han, ezkerretik Latsera iritsiko gara.
Oharra: Ibilaldi erraza, baina malda handiak dituena (egun erdirako).
Artzamendiko igoeran hainbat ostatu-aterpe daude; Mehatzeko lepotik gertu, etxalde batean, aterpetxe bat ere badago.