Z29 – UREDERRA

NOLA HELDU:

Urbasa mendilerroa Lizarra aldera zeharkatuta, Zudairira iritsiko gara. Herria igaro bezain laster, ezkerreko bidea hartu eta Bakedanora helduko gara.

Elizaren atzealdetik, jatetxe baten aurretik igarotzen den bide bat hasten da. Bide asfaltatua da, lurrezko pista bihurtzen dena; ez dago galtzeko arriskurik, ibaiaren ibilbideari ezkerreko ertzetik jarraitu besterik ez baita egin behar. Aurrera egin ahala, pista bidezidor bihurtzen da, eta ur urdin esmeraldazko putzu ugari (1) ikusteko aukera ematen du. Basoan, mota askotako zuhaitzak ikus daitezke. Putzutik putzura, ibaia urloetan edo ur-lasterretan behera doa, ur-jauzi txikiak sortuz. Bidezidorra, jarraitzeko erraza, ibaitik ahalik eta gertuen igo behar da, eta inolako zailtasunik ez duten igoera txiki batzuk ditu. Ur-jauzi zuzen batera iritsi ondoren, arriskurik gabe bidezidorretik jarraitu ezin dugunean, ur-jauziaren gainetik ibaia igaro eta haren eskuinaldera pasatuko gara (2). Goraxeago, eskailerak eta baranda dituen bidexka bat dago, Urederrako ur-hartunera iristeko. Ezkerretara dagoen bidezidor batetik jarraitu daiteke goraxeago, zementuzko zubi bateraino. Zubi horretatik, zirkuko horma bertikaletaraino eta iturburuko haitzuloraino joan ahal izango gara (3). Iritsi garen bidetik jaitsiko gara, ibaia zeharkatu dugun tokiraino. Handik, ezkerreko lehen bidea hartuko dugu, eskuineko ertzetik itzultzeko; ez da hain ikusgarria, baina interesgarria, bai. Ia ibilbidearen amaieran, larrain batzuetara (baratzeak) iritsiko gara; aurrerago, zubi bat zeharkatuko dugu (4), eta erdiko bidetik Bakedano herrira igoko gara.

Denbora: Ibilbide hau egun erdian egin daiteke (merezi du eguna han igarotzea).

Eragozpenak: Euri asko egin badu, ibaia hazita etorriko da eta zailtasunen bat izan dezakegu ibaia zeharkatzerakoan.

Igotako bide beretik ere egin daiteke itzulerakoa.