Z3 – OTZAURTE – ETXEGARATE – LIZARRAUSTI

OTZAURTE – ETXEGARATE (Etzegarate) – LIZARRUSTI

ETXEGARATE (Etzegarate)-BEASAIN

Denborak:

Etzegarate – Atxurbide                        45’

Atxurbide (gurutze) – Lizarrabea          20’

Atxurbide (gurutze) – Arantzamendi     25’

Arantzamendi – Ojarbi                         60’

Ojarbi – Olaberria                                15’

Olaberria – Beasain                             30’

Guztira:                                         3h 15’

OTZAURTE (671 m) – ETXEGARATE (Etzegarate) (656 m) – LIZARRUSTI (620 m)

Otzaurte, tabernaren ondoan. Pixkanaka ezkerrerantz egiten duen igoera pikoa. Ezponda baten inguruan, goiko pistaraino igo behar da (ezkerretara, Segurara joaten da). Han eskuinera hartu, goraka doan pistatik, beste pista batekin bat egin eta mendatera iritsi arte.

Etzegarate: Errepidea gurutzatu eta zabalgunearen amaieran bidezidorrak aurrera jarraitzen du. Handik bertatik iparralderantz, ibilbide motz (P.R.) bat abiatzen da Beasain aldera, Olaberritik igaroz. Lizarrustira joateko, zabalgunearen amaieran, eraikuntza xume baten ondoan dagoen pista batetik jarraitu behar da. Pinudietan gora igotzen da, gero mendebaldeko hegaletik, lehenbizi goiko gandorrera eta segidan Balankalekuko gailurrera heltzeko.

90 graduko norabidean jaitsi (probintzien arteko mugarriak daude ibilbide osoan). Jaitsiera amaitzean, baso txiki batean, Areetza: egurrez eta plastikoz egindako nola-halako babeslekuak. Jarraitu gailurrerian aurrera Zuillutik eta Muñaandik. Jaitsiera labur bat eta Larreluzeko trikuharria. Segi aurrera basoan erabat murgildutako bidetik. Saltsamendi gaina zeharkatu eta aurrietara heltzen da. Bideak etengabe gora eta behera egiten du, desnibel handirik gabe. Igartza mendebaldeko trikuharria mendi-lepo hertsi batean; gero, Igartza ekialdeko tumulua eta Intsusburu mendiko magalak. Jarraitu 40 ºko norabidean, garo artean, eta bidea tontorrera heltzen da, izen bereko trikuharria dagoen tokira.

Han hegoaldera eginez, Berrenoako lepora jaisten da. Izen bereko galtzadak, Ataun, Urdiain eta Bakaiku lotzen ditu, eta handik gertu trikuharri bat dago (badago ibilbide motz bat Kaxeta ingurura jaisten dena). Aurrera egin 1762. urtea adierazten duen mugarria topatu arte. Han 26 ºko norabidea hartu eta tontorrean ia zuhaitzik ez duen Irumugetara igotzen da (handik Ataungo inguruak ikusten dira, baita Lareo ere Aralarren). Gailurrean bertan mugarri handi bat dago eta hantxe idatzita: “Valle de Burunda 1777”. Tontorretik ibilbide motz bati dagokion bide bat abiatzen da Etxarri Aranatz aldera, 178 ºko norabidean. Lizarrustira joateko, jarraitu 40 ºko norabidean, beti basoan murgilduta; Antatxula aurreko mendi-lepoa igaro bezain laster, ezkerretara hartu, aldapa gogorra jaitsi eta Lizarrustiko mendatera iritsiko gara (620 m).

Denborak: Otzaurte-Etzegarate: 1h 17’; Etzegarate-Balankaleku: 58’; Balankaleku-Saltsamendi: 43’; Saltsamendi-Irumugeta: 1h 31’; Irumugeta-Lizarrusti: 1h.

Guztira: 5h 29’.