Z30 – OYARZABAL 14 CIMAS

OIARTZABAL GAILURRERA HELDU DA

8.000 metrotik gorako hamalau mendiak igotzea lortu duen seigarren pertsona da.

Juanito Oiartzabal mendizale arabarra, 8.091 metroko garaiera duen Annapurna mendiaren gailurrera iritsi zen 1999ko apirilaren 29an, planetan dauden hamalau zortzimilakoak osatuz. Hamalau urte luze behar izan zituen, 1985 eta 1999 bitartean, balentria hori lortzeko.

OIARTZABALEN HAMALAU ZORTZIMILAKOAK

URREZKO ZERRENDA

Reinhold Messner

Funesko Santa Magdalenan (Dolomita Alpeak) jaio zen, Italian, 1944ko irailaren 17an. Zortzimilakoetan hasiera ezin okerragoa izan zuen. Nanga Parbat igotzea lortu zuen, baina Günther anaia galdu zuen jaitsieran. Modu harrigarrian, Everest mendia oxigenorik gabe igotzea lortu zuen 1978an, mugarri bat ezarriz. 1970ean hasi zen, 26 urte zituela, zortzimilakoak igotzen eta 1986an osatu zituen. 17 urte behar izan zituen hori erdiesteko, eta 43 urte bete berriak zituela, hamalau zortzimilakoak igo zituen lehen gizona izatea lortu zuen.

Jerzy Kukuczka

Katowizen (Polonia) jaio zen, 1948an. Halabeharrez, bere lehen zortzimilakoa, 1979an ohiko bidetik igo zuen Lhotse mendia, bere azken bizileku bihurtu zen hamar urte geroago, hegoaldeko horma mitikotik igotzeko saiakeran erori zenean. Haren alpinismo ibilbidearen ezaugarri nagusia eskalada bakoitzari egindako ekarpen berritzailea izan da. Hala, zortzimilakoen zerrenda horretan lehenengo igoera ugari egin ditu, eta neguko igoerak ere bai Dhaulagiri, Cho Oyu, Kangchenjunga eta Annapurna mendietan.

Erhard Loretan

Bullen jaio zen, Suitzako Friburgo kantonamenduan, 1959ko apirilaren 18an. Bere zortzi milakoen ibilbidea Nanga Parbaten hasi zuen 1982an. Oso igoera azkarrak egiten zituelako nabarmendu zen Loretan. 1983an, 17 egunetan, hiru zortzimilako igotzea lortu zuen: Gasherbrum II, Hidden Peak eta Broad Peak, hain zuzen. Everest mendiaren iparraldeko aldea 43 ordutan igo zuen 1986an. 1990ean, hamabi egunetan, Cho Oyu eta Shisha Pangma mendietako gailurrak zapaldu zituen.

Carlos Carsolio

Mexikon jaio zen 1962an. Carsoliok Nanga Parbat izan zuen bere lehen zortzi milakoa 1985ean. Carlosek zapaldu zuen gailurra, emazteak ez. Carlosek 22 urte zituen, emazteak 21. Bere pasiorik handienak mendia eta emaztea ziren, eta/edo alderantziz. Lotura hori gero eta estuagoa egin zen. Elkarrekin zapaldu zuten Shisha Pangmako gailurra 1987an. 1992an gauzak ez zitzaizkien ondo joan Kangchenjungan eta Elsak izozketak jasan zituen. 1995ean bi seme-alaba izan zituzten. Carlosek mendian jarraitzen du, Elsak etxetik laguntzen dio.

Krzystof Wielicki

1950ean jaio zen. Alpinista poloniarra berandu hasi zen, 30 urterekin eta Everestekin, lehenengo igoera hura neguan egin zuelarik. Beste bi igoera ere egin zituen neguan, Kangchenjungan eta Lhotsen, igoerak eta bakardadea elkartuz. 14 gailurretatik bost bakarrik igo zituen, eta hiru ibilbide berri ere egin zituen beste hainbeste igoeratan. Eta gauzak are gehiago zailtzeko, igoera azkarrak egiten zituen. 22 ordu baino gutxiago behar izan zituen Broak Peak igo eta jaisteko, eta Dhaulagiri, berriz, 16 ordutan igo zuen berak bakarrik.