Salazar abizen zabalduenetako bat da munduan.
Salazar abizeneko pertsonaia historiko batzuk:
Ambrosio de Salazar – Idazle espainiarra.
Parisen eta Erroman gaztelania irakatsi zuen, eta helburu didaktikoarekin “Espejo General de Gramática en Diálogos” liburua argitaratu zuen 1614an. Ipuin tradizionalak idatzi eta bildu zituen, batzuk Melchor de Santa Cruzen Florestatik eta beste batzuk Pero Mexiaren Silvatik jasotakoak, Thesoro de diversa lición (1636) eta Secretos de la gramática española (1640) liburuetan.
Manuel Salazar y Baquijano (1777-1850). Peruko militarra eta politikaria.
Peruko errepublikako lehendakariordea (1827). 1827ko ekainetik 1835eko otsailera bitartean, hainbat aldiz arduratu zen lehendakaritzaz, La Mar eta Orbegoso kanpoan zirenean.
Carlos Salazar. Guatemalako militarra eta politikaria.
Erdialdeko Amerikako federalismoaren aldekoa, El Salvador estatuko behin-behineko burua (1834) eta Guatemalako estatuko barne burua (1839) izan zen, baina Panamara erbesteratu behar izan zuen (1840ko martxoa).
Antonio de Oliveira Salazar (1889-1970). Portugalgo politikaria. Ekonomiako irakaslea.
1926ko estatu-kolpe militarraren ondoren, finantza ministeriora deitu zuten (1926an lehenbizi, eta 1928an berriro). 1932an, orduko presidenteak, Carmona jeneralak, lehen ministro izendatu zuen. Diktadura militarrak askatasun politikoak ezabaturik zituela, botere handia bereganatu zuen. Konstituzio korporatibo berri bat onarrarazi zuen (1933), Italiakoaren antzekoa. Hain zuzen, Salazarrek Portugalgo helburu politikoak zuzendu zituen Gobernuko buruzagitzatik, baimendutako erakunde politiko bakarra zen Batasun Nazionalaren babesarekin. Errepublikako hurrengo presidenteek (konfiantzazko pertsona ospetsuen artean aukeratutakoek) Gobernuko buruzagitzan berretsi zuten. 1960tik aurrera, Salazarrek gero eta zailtasun handiagoak aurkitu zituen, bere politikarekiko barneko oposizioaren eta, batez ere, Portugalgo administrazioaren aurka kolonia afrikarretan (Angola, Mozambike eta Ginea) sortutako matxinada armatuen ondorioz. 1968an tronbosi koronario bat jasan eta Marcelo Caetanok ordezkatu zuen.
Vicente Lucio Salazar. Ekuadorreko politikaria.
Errepublikako presidenteordea Cordero presidentearekin (1892), bere gain hartu zuen boterea, hark karguari uko egin zionean (1895eko apirila). Kontzentrazio-gobernu bat eratu zuen herrialdea baketzeko, baina Guayaquilgo herri altxamenduak (ekainak 5) kargutik kendu eta Kolonbian babestu zen.
Esteban Salazar Chapela (1900-1965). Idazle espainiarra.
Espainiako gerra zibila amaitu zenetik, Britainia Handian bizi izan zen. Idatzi zituen eleberrien artean, aipagarriak dira: “Pero sin hojas” (sic) (1931); “Perico en Londres” (1954); “Desnudo en Picadilly” (1959) eta “Después de la bomba” (hil ondorengoa, 1966).
Sebastian Salazar Bondi (1924-1965). Peruko idazlea. Ideia sozialistak zituen eta Movimiento Social Progresista taldearen sortzaileetako bat izan zen. Tarteka ironikoa, tarteka satirikoa den tonuak bereizten du, era askotako generoak hartzen dituen haren literatura-lana. Poeta bikaina “Cuadernos de la persona oscura” (1946), “Los ojos del pródigo” (1951) eta beste zenbait lanetan. Ipuin-liburu aipagarriak idazteaz gain, “Naúfragos y sobrevivientes” (1954), “Pobre gente de Paris” (1958), “Dios en el cafetín” (1964), saiakera-egile kementsu eta originala izan zen: “Del hueso tallado al arte abstracto” (1960) eta “Lima la horrible” (1964). Batez ere bere antzerki-lanengatik nabarmendu zen, non “Amor gran laberinto” (1948) eta “Rodil“
Adolfo Salazar (1890-1958). Musikologo eta konpositore espainiarra.
El Sol eta Revista de Occidente aldizkarietan lan egin zuen, musika gaietako kritikari modura. Gerra Zibila amaitu zenetik Mexikon erbesteratua, han argitaratu zituen bere liburu garrantzitsuenak, besteak beste “Los grandes períodos en la historia de la música” (1941), “Introducción a la música actual” (1941), “La música en la sociedad europea” (4 liburuki, 1942-1946), “La música en la cultura griega” (1954), etab. Aipagarria dira, baita ere, hark sortutako musika-lanak, eta horien artean, nabarmenenak: bi gautar, pianorako hiru preludio eta “Don Juan en los infiernos” eta “Paisajes” poema sinfonikoak.