Zaraitzuko ibarra.
Goi Pirinioetan kokatua, aukera atseginak eskaintzen dizkio turismoari. Ibarreko naturaren edertasun harrigarriak, hango ibilaldi zoragarriak eta ibaian zehar han-hemenka barreiatutako hamalau herrien xarma, aski arrazoi liluragarri dira ikuste hutsaz gozatzeko.
Zaraitzu ibaia, Otsagabian Anduña eta Zatoia errekek bat egiten duten tokian eratzen dena, ibarrean zehar doa arro estu batean, mendi garaiez inguratua.
Ibarreko errepide nagusiak komunitatea osatzen duten hamalau herriak eskaintzen dizkio bisitariari: Uskartze: 140 b(biztanle), 464 m.; Izize: 64 b; 654 m.; Galoze: 31 b; 640 m.; Itzalle: 143 b, 665 m.; Gorza: 126 b; 657 m.; Igari: 142 b, 670 m.; Sartze: 103 b, 687 m.; Ibiltzieta: 80 b, 687 m.; Espartza: 330 b, 693 m.; Orontze: 126 b, 731 m.; Ezkaroze: 615 b, 744 m.; Jaurrieta: 605 b, 914 m.; Otsagabia: 1.190 b, 765 m.; eta Itzaltzu: 187 b, 816 m.
Otsagabia da ibarrari izena ematen dion ibaiak, Zaraitzuk, zeharkatzen dituen hamalau herri txiki horietan herri nagusia.
Pirinioetako bailara honetako komunitateak bere lege bereziak zituen, noizkoa ziren zehaztea zaila bada ere, antzina antzinakoak.
Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrek, mendi garaiez bananduta egon arren, oso harreman onak izan zituzten beti, eta elkarri lagundu zioten Frantziako ondoko lurraldekoekin, bereziki larreen ondorioz, izan zituzten borroketan. Otsagabiak frantziarrek eragindako sute izugarri bat jasan zuen gerra horietako batean.
Ama Birjinari eskainitako Muskildako santutegia, izen bereko mendiaren gailurrean dago, 1.025 metrotan, Otsagabia herriaren gainean. Hara oinez joan daiteke, herriko goiko aldetik abiatu eta ohiko bidetik, edo errepidetik bestela.