

Salazartarren dorretxea, 1379an eraikia, 1934ko urriko iraultzan erre zen eta Joaquín de Yrizar arkitektoak berreraiki zuen.
Dorre honetan bizi izan zen Lope Gartzia de Salazar eta Muñatones (Kronista), Las Bienandanzas y Fortuna liburuaren eta Bizkaiko Etxeei buruzko kronika baten egilea; XV. mendeko Bizkaiko pertsona nabarmenena da, inolako zalantzarik gabe. Lope jauna Salazartarren etxe noble eta boteretsuaren ondorengoa zen; Somorrostron bizi zen familia bereko bigarren mailako adar batekoa zen. Hori izan zen Erdi Aroan Bizkaia eta beste eskualde batzuk suntsitu zituzten bandokideen arteko borroken ondorioetako bat, izan ere, Salazartarren eta Velascotarren arteko lehiak eta gerrak odoltsuak izan baitziren. Velascotarrek irabazi zutenez, Salazartarrak Espainian zehar sakabanatu ziren. Seme nagusiaren adarra, Salcedo izena hartu eta Sorian finkatu zen, eta Juan Lope de Salazar bere seme-alabekin etorri zen Bizkaian geratu ziren ondasunak zaintzera. Haren ondorengoak garrantzi handiko posizioak berreskuratzen joan ziren Bizkaian, eta Lope Gartzia jaunak posizio horiek indartu egin zituen.
1430ean, Joan II.a Gaztelakoak probestu kargua eman zion Lope Gartzia jaunari; horregatik, Andre Mariaren elizaren parean eraikitako dorrea erosi zion senitarteko bati, eta hara joan zen bizitzera bere seme Loperekin.
Lope jaunak uko egin zion Portugaleteko probestu izateari, semearentzat utziz; Enrike IV.a Gaztelakoak berretsi egin zuen kargu uzte hori.
Bizkaiko hainbat bando eta fakzioren arteko borroka ugarietan, bost seme-alaba galtzeaz gain, horien artean Lope oinordekoa, emazteak eta Joan seme gazteak haren ondasunez jabetzeko eginiko azpijokoen ondorioz, berak eraikitako Muñatonesko gazteluan giltzapetuta egotera behartu zuten, baina handik ere ihes egin behar izan zuen Portugaleteko Andre Mariaren elizan babesteko. Hala ere, berriro atxilotu egin zuten eta handik gutxira pozoituta hil zen.