Z37 – ARALAR – ATA – AKIER

AKIER 1.124 m.

Larraun ibarreko Madotz herri txikian hasiko dugu ibilbide hau. Herriko elizaren parean, ezkerreko kaletik jaitsiko gara. Laurogei bat metrora, gutxi gorabehera, eskuinetara egingo dugu haitz batzuen artetik igarotzen den pista bati jarraituz, eskuinetara iturria duen zelaigune batera ateratzeko. Pistari jarraituz, burdinazko ate bat ikusiko dugu, harrizko horma batek babestutako baratze baten sarreran. Hortik aurrera, bideak 90 gradu egiten ditu ezkerretara, harrizko hormari jarraituz; jarraian, pagadian barneratzen da, eta handik nahiko zuzen igarotzen da, pixkanaka gorantz eginez. Irteeratik 40 bat minutura, gutxi gorabehera, alanbre-hesi bat duen lepo batera iritsiko gara; han hesia zeharkatuko dugu. Bideak apur bat behera egiten du; eskuinean, zuhaitzez beteta, gailurra ikus daiteke.

Altuerarik galdu gabe, eskuinera desbideratuko gara, zuhaitzik gabeko alde harritsura. Bide zehatzik gabe, nahierara igoko gara, goialdera iritsi arte. Gora iritsitakoan, kontu handiz jarraitu; beharrezkoa bada, eta erosoagoa izan dadin, jarraitu ezkerretik zuhaitzen artean, gailurrera zailtasun handirik gabe iristeko.

Larraungo, Basaburuko eta Burundako haranetako horizonte mugatuko panoramika dago handik.

Denbora: 1h gutxi gorabehera.