Z37 – NUESTRA SEÑORA MUSKILDA

Muskildako Ama Birjina

Ermita.

Muskilda XII. mendeko ermita erromanikoa da, XVII. mendearen erdialdean zaharberritua. Kontrahorma lodiek eusten diote eraikinari; bi sarrera ditu, bata hegoaldera eta bestea mendebaldera begira, eta ate nagusia, berriz, erromaniko estilokoa da argi eta garbi. Dorrea lau angelukoa da, habeartearen azken zatiaren gainean eraikia, eta zurezko oholtxoez eginiko estalki konikoa du, eskualdean aspaldikoa den ohituraren arabera. Oinplanoa angeluzuzena da eta 3 habearte ditu, erdikoa kanoi-erdikoa. Erdiko habearteari, amaieran bola-erdiz apaindutako 6 zutabe zirkular lodi eta garaiera txikikoak eusten diote. XV. mendeko burdin forjatuzko burdin hesi batek bereizten ditu presbiterioa eta habeartea. Leku horren buru-buruan erretaula barroko bat dago, eta haren erdian tabernakulua eta ama birjinaren horma-hobia. Irudia gotikoa da eta 60 cm neurtzen du.

Muskildako Ama Birjinaren dantzak

Dantza hauek antzina-antzinatik dantzatzen dira Otsagabian. Erritu-dantza (dantzatzen diren garaiengatik) eta, aldi berean, dantzatzeko adore eta kemenagatik gerra-dantza ere badiren hauek, bisitarien eta bertako jendearen arreta erakartzen dute, dantzen beraien eta jantzien originaltasunagatik.

“Bobo”-ren agindupean, 8 dantzarik osatzen dute dantza-taldea. Bobo hori, beste dantzariak ez bezala jantzita agertzen da, arlekin gisa, eta aurpegia itxura bikoitzeko maskara batez estaltzen du, alde batean oihal zuria duela eta bestean beltza, eta kolore anitzeko motots batez amaitua.

Dantzatu, berriz, honako dantza hauek dantzatzen dituzte: “Kalejira”, Ama Birjinari prozesioan laguntzen diotenean; lau makil-dantza, “enperador”, “katxutxa”, “danza” eta “modorro” izenekoak; “zapiaren dantza”, non Boboak aurpegia estaltzen duen; eta azkenik “jota”, lehenbizi dantzari batek eta amaieran denek batera dantzatzen dutena.